Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Merkataritzako zuzendari Jon Zaratek eta Ikusmer Merkataritzaren Behatokiko Itziar Ruizek 2014-2016 aldirako Euskal Merkataritza Plana aurkeztu dute gaur Donostian, sektorea informatu eta azken asteetan ekarpenak jaso ondoren.
Planak hiru ardatz nagusi ditu:
- Txikizkako merkataritzaren (merkataritza minoristaren) lehiakortasuna hobetzea.
- Merkataritza-jarduera bultzatzea.
- Erakundeen eta kudeaketaren esparruak optimizatzea.
2014rako merkataritzarako laguntzak areagotu egin dira: Eusko Jaurlaritzak 5.829.259 euro bideratu zituen iaz merkataritza sektorearen-lehiakortasuna eta jarduera hobetzera, eta 9.375.515 euro bideratuko ditu aurten; %60,1 gehiago.
Hamar programa
Ondorengo laguntzen programa osatu du:
1. +DIGITAL@:
- Helburua: ETEei eta enpresa-elkarteei Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT) ezartzen laguntzea.
- Aurrekontua: 100.000 euro.
2. Negozio eredu berriak:
- Helburua: Merkatuan berritzaileak diren negozio-eredu berriak sortu eta ezar daitezen bultzatzea, ekonomia eta ingurumen arloetako jasangarritasun-irizpideetan oinarrituta, eta merkataritza hobetzen laguntzea, kalitatezko eskaintza lehiakorragoa, bezeroei eta merkatura zuzendutakoa, garatzen laguntzeko.
- Aurrekontua: 300.000 euro.
3. Enpresen transmisioa:
- Helburua: Bideragarriak diren merkataritza arloko enpresen jarraitutasuna eta hazkundea bermatzea eta, hala, haien ingurune ekonomikoa eta enplegua sendotzea.
- Aurrekontua: 150.000 euro.
4. Kudeaketa aurreratuko programa:
- Helburua: Programaren xede nagusia enpresetako kudeaketa eta merkatarien jarrera profesionala hobetzea da, enpresak berrikuntza teknologikoko, teknifikazio handiko eta lehia gogorreko testuinguru batean kudeatu ahal izan daitezen. Horretarako, merkataritza-enpresen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea ahalbidetuko duen ikuspegi estrategiko bat eduki behar da.
- Aurrekontua: 222.315 euro.
5. Publizitate kanpaina:
- Helburua: Euskadiko Merkataritza txikizkariaren jarduera baloratzea.
- Aurrekontua: 300.000 euro.
6. Merkataritza establezimenduak modernizatzeko programa:
- Helburua: EAEko merkataritza-establezimenduak, berrikuntzaren eta kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak hobetzearen bidez, moderniza daitezen bultzatzea.
- Aurrekontua: 3.500.000 euro.
7. Zonalde batzuetan hiri merkataritzako lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasun estrategiak garatzea:
- Helburua: Merkataritza-intentsitate txikiko hiri-inguruneetan eta eremuetan merkataritza arloko lehiakortasuna hobetzeko, hiri-merkataritzako lankidetza eta dinamizazio estrategiak garatu daitezen sustatzea.
- Aurrekontua: 2.745.000 euro.
8. Merkataritzako bekak:
- Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan Merkataritzako Banaketa Sektorearen profesionalizazioa hobetzen laguntzeko beharrezko baldintzak sortzea, kontuan izanda xede horretarako enpresen kudeaketaren askotariko alderdietan ondo kualifikatutako profesionalak behar direla.
- Beka kopurua: 31.
- Aurrekontua: 480.500 euro.
9. Merkataritza dinamizatzeko bulegoak:
- Programaren xedea da merkataritzako banaketa sektoreari eta sektore horretako elkarteei laguntza teknikoko doako zerbitzua ematea. Zerbitzu hori langile kualifikatuek emango dute.
- Bulego kopurua: 33.
- Aurrekontua: 1.270.500 euro.
10. Merkataritza arloan berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea eta zabaltzea:
- Helburua. Programaren xedea da EAEko merkataritza arloko talde, elkarte edo federazioek eta merkataritza-ganberek merkataritza arloan berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzera bideratutako ekintza dibulgatiboak egin ditzaten sustatzea, adibidez: jardunaldi teknikoak, tailerrak, mintegiak, eztabaida-foroak, mahai-inguruak, kongresuak...
- Aurrekontua: 307.200 euro.
12.000 liburuxka
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 12.000 liburuxka banatu ditu lurralde-ordezkaritzetan, merkataritza-bulegoetan eta Ikusmer Behatokian, merkatari interesdunek laguntza-ildo hauen berri izan dezaten.