Aste Santuko egunetarako zirkulazio-operazio berezia egongo da

Miren Mujika 2014ko api. 11a, 16:12

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok prentsaurrekoa egin du gaur goizean Bilbon. Segurtasun Sailak Aste Santuko egunetarako abiaraziko duen operazio bereziaren ezaugarriak azaldu ditu eta, gainera, telefono adimendunetarako doako aplikazio berria aurkeztu du, Euskadiko errepideetako gertakarien eta trafikoaren egoeraren berri emango duena.

Aurreikusten denez, 450.000 ibilgailu ibiliko dira euskal errepideetan apirilaren 16tik 21era, hau da, Aste Santuko jaiegunetan. Ertzaintzaren Trafiko Unitateko berrehun agentek kontrolatuko dituzte bide nagusiak, zirkulazioa arina izan dadin. Garbiñe Sáez Molinuevok adierazi duenaren arabera, "urtero bezala, Aste Santuan ibilgailu ugari ibiltzen dira gure errepideetan; hori dela eta, funtsezkoa da arretaz gidatzea eta gainerako erabiltzaileak errespetatzea. Zirkulazio-arauak bete behar ditugu, bai guregatik, bai ingurukoengatik, eta pazientzia izan behar dugu".

Estimazioen arabera, batik bat hiru puntutan erregistratuko dira zirkulazio-intentsitate handiak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan; AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1 errepidea A-1 errepidearekin lotzen den gunean, Armiñongo lotunean.

 Errepideen aurreikuspenak

Kantabriarako norabidean, aurreikuspenek diote intentsitate handiena asteazkeneko 15:00ak eta 21:00ak bitartean eta ostegun santuko 09:00ak eta 14:30ak bitartean izango dela. Bilborako itzulera pazko asteleheneko 13:00ak eta 21:00ak bitartean izatea espero da. Frantziako noranzkoan, aldiz, auto-ilarak egoteko aukera handiagoa da ostegunean, 9:00ak eta 15:00ak bitartean. Azkenik, baliteke Armiñóngo lotunean auto-ilarak sortzea, A-1 errepidetik AP-1 errepidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako. Asteazkeneko 16:00etatik 20:00etara eta ostegun santuko 08:00etatik 14:30era izaten dira zirkulazio-dentsitaterik handienak. 

Gertakariak, telefono mugikorrean

Trafiko Zuzendaritzak App berri bat aurkeztu du, euskal errepideetako gertakarien berri emateko. Telefono mugikor adimendunetarako doako aplikazio horrek Euskadiko errepideetako zirkulazio-egoerari buruzko informaziorik garrantzitsuena emango du.  "Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen gardentasun-politikari jarraiki, proiektu hau egin nahi izan dugu", azaldu du Garbiñe Sáez Molinuevok. Segurtasun Sailak herritarrei aukera eman nahi diela esan du, zirkulazioari buruzko informazioa zuzenean eta teknologia berriak erabiliz eskuratzeko.  Trafikokoo zuzendariak zera gehitu du honen harira: "Aplikazio honek dagoeneko abiarazi direnak, hau da, Alpify eta Euskalmet, osatuko ditu".

Aplikazioaren bidez, Trafiko Zuzendaritzak bere webgunearen (www.trafikoa.net) bidez kudeatzen duen informazioaren parte bat jaso daiteke gailu mugikorrean. Doakoa da eta telefonoaren online dendatik deskarga daiteke. Android, Apple eta BlackBerry ingurune teknologikoetarako balio du.

Menuaren edukiak

Menuan, euskarako edo gaztelaniako bertsioa aukera daiteke, bai eta eduki guztiak ikusi ere. Hasieran, gidatzeari buruzko gomendio bat agertzen da, eta behin leiho hori itxita, bederatzi eduki hauta daitezke. Hauek, hain zuzen:

  • Zirkulazioaren mapa: Istripuak, lanak edo ibilgailuen zirkulazioa kalte dezakeen beste edozer gertakari. Ikono jakin bat sakatuta, gertakaria izan den bideari buruzko informazioa eskura daiteke (udalerria, errepidea, noranzkoa eta kilometro-puntua).
  • Webkamak: Euskadiko Errepideak Kudeatzeko Zentroak kudeatzen dituen zirkulazio-kamerek hartutako irudiak.
  • Radarrak: Trafiko Zuzendaritzak kudeatzen dituen radarren zerrenda. Mapa batean agertzen dira, kontrolatutako zati bakoitzari dagokion abiadura-muga zehaztuta.
  • Mendateak: Neguan zirkulazio-arazoak izan ohi dituzten mendateen egoera.
  • Sarbideak: Hiru euskal hiriburuetara sartzeko eta horietatik ateratzeko bideetako zirkulazio-arintasunari buruzko informazioa.
  • Murrizketak: Hileko egutegia, pdf formatuan, 2014ko zirkulazio-erregulazioko neurri bereziak jasotzen dituena.
  • Berritasunak: Trafiko Zuzendaritzaren webguneko berritasunen atalean jasotakoak (azterketen deialdiak, kontzientziazio-kanpainak, eta abar).
  • Prentsa-oharrak: Trafiko Zuzendaritzak hedabideei bidaltzen dizkien berriak, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.
  • Telefonoak eta estekak: Trafiko Zuzendaritzak kudeatzen dituen sare sozialetarako esteka zuzenak, bai eta Euskalmet eta Irekia webguneetarako estekak ere. Larrialdietako eta zirkulazioari buruzko informazioko telefono ofizialetarako sarbide azkarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak