Urtero herri ezberdin baten antolatzeko ohiturarekin jarraituz, Arrasatek hartu dio Oñatiri lekukoa eta bertan egingo dute bailarako Dantzari Eguna. Bihar izango da egun handia, eta hiru herritako lau dantza taldek hartuko dute parte, guztira: Oñatiko Oñatzek; Antzuolako Oinarinek; eta Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz taldeek, hain zuzen ere. Azken biak dabiltza biharkoa antolatzen.
"Egun polita da. Talde desberdinak elkartzeko, dantza egiteko eta, horrenbeste entseguren ondoren, jendeari dantza desberdinak erakusteko eguna", dio Lore Gazteak taldeko Itziar Ruiz de Azuak bailarako Dantzari Egunaren inguruan galdetuta.
Azken urteetan jaitsi egin da parte hartzen duten dantza taldeen kopurua; izan ere, garai baten, Soraluzeko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Bergarako dantza taldeek ere hartzen zuten parte bertan. Dena den, Ruiz de Azuak gaineratzen du Dantzari Egunak dauden dantza taldeen arteko harremanak sendotzeko balio duela: "Urte osoko lan bat da. Urte osoan zehar izaten ditugu bailara mailan bilerak, eta biharko eguna da horren emaitza".
Askotariko dantzak
11:45ean emango diote hasiera egunari, dantza talde guztiek Arrasaten zehar egingo duten kalejirarekin. Zaldibartik irtengo da, eta Herriko Plazan amaituko da. Ikusteko polita izango da, gainera, kalejira, talde bakoitzak jantzi ezberdinak eroango ditu-eta.
Herriko Plazan 12:15ean hasita egingo duten alardeari esker, ikusleek askotariko dantzez gozatzeko aukera izango dute. Agurrarekin hasiko dira, eta ondoren, bai taldeka eta baita denak batera ere, dantza erakustaldi zabala egingo dute. Hala, eguneko lehen alarde horretan, Oñatzekoek balkarlos dantzatuko dute; Lore Gazteak taldekoek, montajea; Oinarinekoek, soka-dantza; eta Arrostaitzekoek, calles.
Talde guztiak batera ere ibiliko dira: mutilek Bizkaiko dantzak egingo dituzte (ikurrin-dantza, binakoa, makil-dantza eta txankarranko); eta neskek, Zuberoako makil-dantza. Eta dantza mistoak ere egingo dituzte talde guztiek batera: jauziak, domingillo eta gorulari.
Arratsaldean, gehiago
Kataide jatetxean talde guztietako kideek bazkaltzeko etena egin ostean, dantzek protagonista izaten jarraituko dute arratsaldean ere, 18:00etan bigarren alardea egingo dute-eta. Kasu horretan, Oñatzekoek iribas egingo dute dantza; Arrostaitzekoek, kortes; Oinarinekoek, trokeo-dantza; eta Lore Gazteak taldekoek, La balsa izenekoa.
Arratsaldeko saioan Gipuzkoako dantzak izango dira mutilek egingo dituztenak (ezpata-dantza, zortzikoa, brokel eta makil-dantzak eta uztai-dantza), baita kateak ere. Neskek, berriz, zinta-dantza eta itai-dantza egingo dute, eta larrain-dantza ere egingo dute talde guztietako neskek eta mutilek batera.