Bi herri handienetan, populazioa behera

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 11a, 08:31

Oñatiko plaza martitzen arratsaldean.
Biztanle gutxiago izango dituzte herriek, eta adineko gehiago. Azken urteotan Arrasatek eta Bergarak biztanleak galdu dituzte, eta hori da joera; gainera, 65 urtetik gorakoak gehiago dira 20 urte artekoak baino.

Guztiok dakigu Arrasate dela biztanle gehien dituen herria Debagoienean, baina zenbat ditu? Eta gure herriak haziz doaz ala biztanleak galduz? Kanpotik etorritakoak ere gero eta gehiago dira, baina zenbat gehiago? Galdera horiek guztiak eta gehiago erantzuteko datuak jaso ditugu han eta hemen.

64.450 biztanle, Debagoienean

Debagoienak (Aramaio barne) 64.450 biztanle ditu egun (orain dela 10 urte baino 961 gehiago) eta Arrasate da gehien dituen herria (22.078), baita etorkin gehien ere (1.376). Horren atzetik dator Bergara (14.815) eta etorkinak ere milatik gora ditu egun (1.081). Bi herriok, baina, galdu egin dituzte biztanleak azken hamar urteotan; Arrasatek, 809 lagun gutxiago ditu, eta Bergarak, 94. Arrasateri dagokionez datu esanguratsua da, kontuan hartuta azken 10 urteotan 968 etorkin gehiago daudela herrian. Debagoieneko herririk txikienak, Leintz Gatzagak ere galdu egin ditu biztanleak; 2004an baino lau herritar gutxiago ditu orain, 244.

Gainerako herri guztiak hazi egin dira azken hamar urteotan. Herri txikiak gutxi: Aramaiok 33 lagun gehiago ditu, Elgetak 110, eta Antzuolak 166, eta zerbait gehiago Eskoriatzak, 204.

Xabier Aierdi (Zeberio, 1957) soziologo eta EHUko irakaslearen esanetan, etorkinen eraginez da igoera hori: "Azken urteotan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak gora egin badu, immigrazioaren saldo positiboa tartean egon delako izan da. Saldo begetatiboa (jaiotzen eta heriotzen arteko saldoa) negatiboa izan da. Eskerrak immigrazio etorri izan den, horrek mantendu baitu biztanleriaren igoera urria. Beraz, aurreikusi litekeenaren arabera, immigrazioaren gorakadarik ez badago, biztanleria, gutxi bada ere, jaisten joango da".

Oñatin eta Aretxabaletan, gora

Bi herri dira gurean asko hazi direnak: Oñati eta Aretxabaleta. Oñatik 11.318 biztanle ditu egun orain dela hamar urte baino 615 gehiago, eta etorkinei dagokienez, 233 gehiago. Aretxabaletak, ostera, 7.018 ditu, 740 gehiago; eta etorkinak, 308 gehiago. Hain zuzen, bi herri horiek dira konfort indize handienetakoa dutenak EAEn.

Konfort indizeak neurtzen ditu etxebizitzaren ezaugarriak (azalera, gela kopurua…) eta ekipamenduak (gasa, igogailua…), eta Debagoiena indize handia duten eskualdeen artean dago. Hala ere, Aierdik ez du uste horrek zeresan handia izan duenik biztanle igoeran: "Konforta Gipuzkoa osora zabaldu litekeen ezaugarria da, Gipuzkoa herrialde oso aberatsa baita, eta gainera barne-ezberdintasun eskasenekoa. Populazioa mantendu edo gora joan izana, egoera kontu bat izan daiteke, baita sare kontua ere. Hau da, aldez aurretik ezarriak dauden tokietara joaten dira atzetik datozenak, batez ere migrazio mugimenduak direnean. Bertakoen mugimenduetan edo etxegintzan inbertitu egin delako edo eta tokiko lan-aukera bereziak eman direlako izan liteke, baina zehaztasun horietarako detaile asko hartu beharko genuke kontuan". Aretxabaletaren kasuan, Arrasatetik joandakoen boladatxoa egon da urte batzuetan.

Debagoieneko datuok Gipuzkoako joerarekin bat datoz; hau da, igoera motela. Euskal Autonomia Erkidegoak 2.178.949 biztanle zituen 2013ko urtarrilaren 1ean, 2011ko azaroko zentsuan baino 866 gutxiago: Bizkaiak 2.599 gutxiago zituen eta Arabak 988 gutxiago. Gipuzkoak, ostera, 2.681 lagun gehiago. Aierdiren esanetan, ez da igoera esanguratsua: "Halaxe tokatu da". Eta gaineratu du: "Agian, hipotesi modura, industria hobeto mantendu da eta orduan emigrazioak ez ditu bultzatu, edo immigrazioak etorri dira asistentzia sistema erakargarriagoa eduki dezakeelako, baina urte bateko edo biko aldaketa puntualek ez dute garrantzi handirik. Ikustekotan, azpiko tendentzia ezarriak erreparatu behar dira".

Etorkinen eragina

Kanpotik etorritakoek hiri eta herri handietara jotzeko ohitura dute bertan daudelako industriaguneak eta lan aukerak. Hori horrela, gurean ere herri handienek jaso dute etorkin gehien, Arrasatek eta Bergarak, batez ere. "Gure gizartea oso industriala da, nolabaiteko prestakuntza duen populazioa erakartzen du, eta gainontzekoentzat toki gehiegi ez dago", Aierdiren esanetan.

Etorkinek, gainera, zeresan handia izango dute populazioaren hazkuntzan, batez ere jaiotzak gutxitzen hasita daudelako: "Jaiotzetan gorakadatxoak egonda ere, migrazioek dute egun garrantzi handiagoa. Beraz, migrazioak gelditu egiten badira, biztanleriak behera egingo du. Gaur egun, etorkinak kontratatzen dituztenak familiak dira batik bat, ez enpresak. Beraz, immigrazioek familiek duten konfiantza ekonomikoarekin zerikusi handia izango dute; familiek uste badute euren premiak –zaintza, etxeko lanak, haurren zaintza, dependentzia…– asetzeko norbait kontratatu behar dutela, biztanleria mantendu egingo da; bestela, gutxika bada ere, beherantz joango da".

65 urtetik gorakoak gehiago

Eta jaiotzen jaitsierak eta bizi itxaropenaren igoerak populazioaren zahartzea dakar. 65 urtetik gorakoak 14.301 dira Debagoienean, populazioaren %22,74. 20 urte artekoak, ostera, gutxiago, 13.369, populazioaren %21,25. Eta hori erakusten du adin-egiturk, lehen piramide bat zen (ume eta gazte asko, adineko guxi), orain zuhaitz antzeko forma du.

Herriz herri aztertuz gero herririk txikienak, Leintz Gatzagak, du populaziorik zaharrena, erdia baino gehiago (%54,92) direlako 65 urtetik gorakoak; 20 urte artekoak, ostra, %18,44. Eta atzetik Arrasate dator, %24 dira 65 urtetik gorakoak. Arrasatek du, gainera, 20 urte bitartekoen portzentaje txikiena, %16,28.

Sarritan larritzeko datuak direla esan arren, Aierdiren esanetan populazioaren zahartzea ez da arazo moduan ikusi behar. "Honek ez du hondamendi ekonomikoaren irudia zabaldu behar. Gaur egun, populazio horrek dauka egoera ekonomiko hoberena, patrimonioa ere bai, eta sektore ekonomiko garrantzitsua bilakatzen ari da" dio. Adinekoak premia eta behar bereziak dituzten taldetzat hartu izan dira sarritan baina Aierdik uste du hori ez dela zuzena: "Zahartzaroarekin irudi eta metafora okerrak erabiltzen ditugu. Baina zahartzarora gero eta osasun hobearekin heltzen da jendea, urte askoan luzatzen da bere bizitza eta kontsumorako beste sektore berri bat bilakatzen ari da. Horrez gain, seme-alaben onurarako egiten dituzten transferentziak aztertu beharko genituzke. Ez dira arazo, konponbide baino, sarri askotan".

Aldaketa horiek guztiek zalantza barik herrien itxuran eragina izango dute. Izan ere, hazkundea jaitsiz gero etxe beharra ere jaitsi egingo da. Bestalde, populazioaren zahartzeak herritarren beharrak aldatu egingo ditu eta behar horiek asetzeko eran antolatuko dira herriak.

Datuak motzean

  • 713.818 Gipuzkoan Gipuzkoak 713.818 biztanle zituen 2013ko urtarrilaren 1ean, 2012an baino 1.721 gehiago. EAEk, ostera, 2.836.159 zituen, 2012an baino 1.500 gutxiago. Aurreikusi dute datozen urteetan jaisten joango direla kopuru horiek.
  • 2006an hiru milioi 1897. urtean milioi bat pasatxo biztanle zituen Euskal Herriak (1.054.769), eta 109 urte geroago, 2006an, 3 milioi biztanle pasa; iaz abenduan, ostera, 3.130.679.
  • XIX. mendean 25.000 1897an Debagoienak 25.396 biztanle zituen (Aramaio barne) eta herririk populatuena Oñati zen 6.082 lagunekin.
  • 65 urtetik gorakoak EAEn %20,2 dira 65 urtetik gora dituztenak, eta Debagoienean %22,74. Italia eta Alemania bakarrik daude portzentaje horien gainetik. Leintz Gatzagan %54,92 dira; Arrasaten, %24; eta Bergaran, %23.16.
  • 20 urte artekoen portzentaje txikia Debagoienean %22,74 dira 20 urte artekoak, eta gehien Antzuolan daude, %22; ondoren, Aretxabaletan, %20, 35 hain zuzen.
  • Etorkin Gehien Arrasaten Egun etorkin gehien dituen herria Arrasate da baina portzentajeari dagokionez Bergarak gehiago ditu, %7,30; hurrengoa da Arrasate, %6,23rekin, eta hirugarren Leintz Gatzaga, %6,15ekin.
  • Seme-alabarik gura ez Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean %21ek ez dute seme-alabarik izan gura, 2001ean %5 ziren hori ziotenak.
  • Langabeak Debagoienean 3.808 langabe daude; 1.799 dira gizonezkoak eta 2.009 emakumezkoak. Jarduera ekonomikoari dagokionez, zerbitzuetan daude langabe gehien, 2.027, eta ondoren industrian, 1.174.

"Demografoek diote beste adin-egitura baterantz abiatu garela"

Xabier Aierdi Soziologian eta Zientzien Politikan eta Kazetaritzan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Soziologiako irakaslea. Elkarrizketa egin diogu.

Krisiaren eragina handia da populazio datuetan?
Ez, oraingoz. Datu demografikoak astiro mugitzen dira; beraz, ezin dezakegu honetaz ezer definitiborik esan. Bakarrik dakigu immigrazioak urritu direla. Gero, gerokoak!

Proiekzio demografikoen arabera, 2013tik 2026ra 100.000 lagun galduko ditu EAEk. Herri guztietako joera izango da hori?
Adiskide batek esaten du: aurreikuspenak zailak direla, batez ere etorkizunekoak. Proiekzioak baino ez dira, nahiz eta sinesgarriak diren. Ikusiko dugu, baina gorantz ez dugu egingo. Hortik aurrera, hor konpon!

2006an 3 milioi biztanlera iritsi ginen Euskal Herrian; 2013an, 3.130.679ra; gorenera iritsi gara eta orain beherantz hasiko gara?
Nekez gaindituko dugu zenbaki hori. Ez oso beherantz, ezta gorantz ere. Hemen herri gisa zenbat eragin dezakeen izaten da ardura, baina ikusi egin beharko dugu zelan garatzen den…

Aurreikusten den biztanleria jaitsiera arazo bihur daiteke Euskal Herrian eta batez ere herrietan?
Hori da aurreikuspen guztiek diotena, baina demografo ugarik ez dela garrantzizkoa diote; eta demografoei kasu handia egin behar zaie, ez baitute arinkerietan ibiltzea gustuko. Intuitiboki biztanleria jaistea galera modura ikusten da, beti gorantz ezagutu dugu eta. Demografoek beste adin-egitura batera abiatzen garela diote, eta sozialki, politikoki eta ekonomikoki aipatzen diren arriskuak –pentsioak, osasun kostuak…– ez direla esanguratsuak esaten dute. Ikusi egin beharko…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak