Joxean Muñoz, Gazteria eta Kirol sailburuordeak gaur goizean sinatu du akordioa Euskadiko Editoreen Elkartearekin. Udal liburutegietako bazkideek liburu digitalez osatutako katalogo zabal bat izango dute eta internet bidez maileguan hartu ahal izango dituzte. Mailegu digitalen arloan negozio eta zerbitzu-publiko eredu berria martxan jarri nahi da modu honetan.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileak Liburuklik atarira jo beharko dute liburuak hartzeko. Bertan beraien kontuan aurkituko dute liburuen katalogoa. Aldi bakoitzeko liburu bakarra hartu ahal izango dute eta irakurtzeko 21 eguneko epea izango dute. Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egongo den zerbitzu honek bi aukera emango ditu. Alde batetik, deskargatzeko aukera egongo da. Erabiltzaileak aukeratutako artxiboa bere gailu elektronikora jaitsi ahal izango du. Artxibo horrek kopiak egitea edo besteengana zabaltzea eragozten duen babesa izango du. Bestetik, streaming bidez deskargatu beharrik gabe liburua Liburuklik atarian irakurri ahal izango da. Interneteko konexioa eskatzen du azken honek.
Liburutegi digitalaren aldeko apustu honek ez du albora utziko liburutegietako ohiko mailegi zerbitzua. Gainera, 2014an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 820.000 euro bideratuko ditu liburu fisikoak erosteko, iaz baino 140.000 euro gehiago.