Guztien lekuan egotea zer den ederto daki Jon Ander Errasti oñatiarrak. 19 urte besterik ez duen arren, Errastik futbola du pasio eta astean ordu asko pasatzen ditu futbol zelaian. Aloña Mendiko entrenatzailea da, alebinetan, eta, horrez gain, epaile lanetan ere ibiltzen da Preferente Mailan.
Astebururo bi futbol partidutako protagonista izan ohi da, beraz, gazte oñatiarra. Tentsioa "partidu guztietan" egoten dela dio hark. "Mutikoak alebinetan hasten dira lehiatzen, eta esan beharra daukat normalean arazo gutxi sortzen dizkigutela", azaldu du. "Gurasoek, baina, garrasi asko egiten dute, eta hor hasten dira arazoak. Mutikoak urduri jartzen dira orduan, eta hanka sartzen dute", dio entrenatzaile-epaile oñatiarrak.
Zaleak dira, hain zuzen, partiduetan jokalariak gehien berotzen dituztenak. Errastik dioenez, "ikusleek partidua berotzen dute, baita entrenatzaile batzuek ere, komeni zaienean".
Denek jokatu
Ikusleek jokalariengan eragiten duten presio hori nabarmenagoa izaten da jokalariak txikiak direnean. "Beti dago bere semeak Realean jokatuko duela uste duen gurasoren bat, eta horiek izaten dira txarrenak", kexatu da Errasti. "Gurasoek garraisi egiten diete, ez bakarrik epaileari, baita beraien taldeko entrenatzaile eta jokalariei ere", dio.
Harrigarria badirudi ere, guraso asko euren seme-alaben taldeko jokalari batzuei "oso txarrak" direla esatera iristen dira, Jon Ander Errastik dioenez. Horrelako jarrerak ekiditeko, eta maila txikietan futbolariek kirolaz goza dezaten, jokalari guztiek parte hartzeko politika daramate Aloña Mendiko talde txikietan. "Guk taldeko jokalari guztiak erabiltzen ditugu partidu bakoitzean. Modu horretan, taldean sor daitezkeen gatazkak ekiditen ditugu eta umeak pozik ibiltzen dira taldean", dio Errastik.
Frustraziorik ez
Futbolean, baina, garrantzitsuena emaitzak dira. Aloña Mendiko alebinak pozik dira kirolaz gozatzen, baina, Gipuzkoako sailkapenean begiratuz gero, azken lekuan ageri direla ikusiko dugu. Badaude horrelako egoerak onartu ezin dituzten taldeak, eta hori da Realaren kasua, noski.
Bixen Calzon aretxabaletarra, Realeko Debagoiena-Goierri aldeko arduraduna izateaz aparte, talde txuri-urdineko alebinen entrenatzaile ere bada. Aloña Mendik ez bezala, Realak talentuak nahi ditu, errendimendua eskatzen die bere jokalariei. Horrek ez du esan nahi, baina, talde txuri-urdinak errendimendu hori edonola lortu nahi duenik.
"Realaren helburua da bere jokalari gazteek hezkuntza integrala jasotzea", dio Bixen Calzonek. Taldeak bere jokalarien jarraipena gertutik egiten du. "Klubeko arduradun batek jokalariaren emaitzak jasotzen ditu ikastolan, eta bere gurasoekin maiztasunez hitz egiten du", dio. Taldeak helburu batzuk jartzen dizkio jokalariari, eta gero, helburu horiek bete dituen edo ez aztertzen du klubak.
Denera, 200 haur pasako dira aurten Realeko alebinetako taldeetatik, eta haietatik oso gutxik lortuko dute, azkenean, infantil mailan jokatzea. "Ez dugu frustraziorik sortu nahi", dio futbol teknikari aretxabaletarrak. "Jokalariek daukaten dena emanez gero Zubietan, pertsona moduan dauzkaten helburuak bete egingo dituzte", uste du Calzonek.
Jarrera txarren alorrean ere zorrotz jarduten du talde txuri-urdinak. "Duela aste batzuk jokalari batek modu desegokian ospatu zuen gol bat, eta bere entrenatzaileak zelaitik atera eta bere portaera aurpegiratu zion", azaldu du Bixen Calzonek.
Futbolean batez ere
Baina futbol profesionalak gizartearengan uzten duen itzal luzeak gazteen jarrera ezegokiak sortzen jarraitzen du. Hori dio, behintzat, gaztetxoen kirola arautzeko ardura daukan Foru Aldundiko Gazteria, Kirol eta Kultura Sailak.
Bertako arduradun batek adierazi duenez, "kirolean izaten diren jarrera txar gehienak, guztiak ez badira, futbolean izaten dira". Denboraldi honetan, epaileen kontrako bortxakeria kasuak ugaritu egin dira, Aldunditik salatu dutenez. Gertaera horiek kasu isolatu izatetik urrun daudela diote; eta portaera erasokorrak gizartean oso errotuta daudela uste dute, gainera.
Arlo horretan, gaztetxoen kirola arautuko lukeen euskal legearen beharra aldarrikatzen dute Foru Aldunditik. Bizkaian, zale, entrenatzaile eta jokalarien portaera desegokiak zigortzeko txartel beltza ezarri berri dute. Gipuzkoan ez da horrelakorik, oraingoz, eta Diputaziotik gazteen kirola arautuko lukeen lege bat ateratzeko eskaera egin diote Jaurlaritzari.
Kirolaz ikasten
Erakunde publikoak arazoari irtenbide bat aurkitzen saiatzen diren bitartean, haurrak kirol balioetan hezten dituzten ereduek indarra hartu dute. Hori da, hain zuzen, Leintz Eskola Kirola proiektuaren kasua.
Leintz arroko haurrak batzen dituen proiektu horretako koordinatzailea Susana Santor da. Hark dioenez, "kirol federatuan ez bezala, eskola kirolean lehiakortasuna bigarren mailan geratzen da". Kirolak transmititzen dituen balioak azpimarratu nahi ditu Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen zikloko ikasleak batzen dituen proiektu horrek. Gaztetxoek askotariko kirolak egiteko aukera daukate LEKen, eta guztiei kirolaz gozatzeko mezua ematen zaie astean zehar egiten dituzten saioetan. Hori bakarrik ez, "jarrera egokiak egunerokotasunean lantzen" dituztela dio Santorrek, eta "kiroltasuna eta partaidetza" azpimarratzen dituztela dio. "Taldeek partiduetan izaten duten jarrera ere baloratzen dugu, eta portaera horren arabera puntuak banatzen dira gero", dio Santorrek. Gurasoentzat oharrak jartzen dituzte harmailetan, elkarren artean errespetua sustatzeko asmoarekin.
Norgehiagoka guztien amaieran bi taldeetako jokalariek eskua elkarri ematen diote, gainera. LEKeko arduradunak dioenez, "oso giro ona izaten da asteburuetako partiduetan, eta jokalari zein gurasoek errespetuz jokatzen dute epaileekin".
Eskola kiroleko partidu horietan ez dago lehiatzeko asmorik, eta helburua, irabaztetik urruti, gozatzea da. Horrek salbuespen izaten jarraitzen du, baina. Errespetu eta kiroltasunaren aldekoak epe luzera begira egin diren apustuak dira; eta, emaitzak jaso arte, zeresana ematen jarraituko dute, zoritxarrez, kirolarekin lotutako bortxakeria kasuek.
----------
Kirolean hezi, disfrutatzen
Leintz Eskola Kirola proiektuak Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Aramaioko 1.139 ikasle hartzen ditu. Adinka banatuta, kiroltasuna eta errespetua sustatu nahi ditu; baita adimen emozionala eta partaidetza ere. Kirola gozamenarekin lotzea da helburuetako bat. Bailarako haur askori kirola ezagutzeko lehen aukera ematen dio proiektu horrek. Txikienekin kirolak lantzen dituzte eta nagusienei, berriz, kirol federatuan lehiatzen hasteko aukera eskaintzen die.
----------
Erik Badillo (Eskua proiektuaren arduraduna): "Kontzientziazio lana egiten gabiltza klubean"
Denboraldi batzuetatik hona, kirol balioak sustatzen dabiltza UDAko talde txikietan. Eskua proiektuak (Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz Aretxabaletan) emaitzak eman dituela uste du bere bultzatzaile Erik Badillo aretxabaletarrak. Jokalariez gain, gurasoengan ere eragin nahi dute orain UDAko arduradunek.
Zer da Eskua proiektua? Igor Arenatza eta biok duela hiru lau urte hasi ginen Eskua proiektuarekin. Gizartean hutsune bat ikusten genuen jarrera eta balio aldetik, eta umeek futbolera etortzen zirenean erakusten zuten ilusioa hutsune horiek betetzeko erabili nahi izan genuen. Futbol zelaian lantzen duten fisiko eta teknikaz gain, adimen emozionala eta bestelako balioak garatzeko asmoa genuen. Hasieran, beharbada, esparru zabalegia hartu nahi izan genuen, gurasoekin, seniorrekin eta haurrekin lan egin nahi genuelako, eta hori gehiegi da, denborak erakutsi digunez. Horregatik, gazteenekin lan egin dugu, gaurko gazteak biharko nagusiak izango direlako. Epe luzerako lanketa egiten ari gara haiekin.
Ze balio azpimarratu nahi dituzue Eskua proiektuan? Batez ere, errespetuan eragin nahi dugu. Errespetu barruan beste alderdi asko sartzen dira: errespetua taldearekiko, inguruarekiko, hizkuntzarekiko... Dena. Orain, berriz, adimen emozionalaren inguruan lan egiten ari gara. Sentimenduen kudeaketa txarra hobetu nahi dugu, autoezagutza, autokontrola... Esparru hauetan lanketa egokia egiten badugu, partiduetan gazteek izan dezaketen jarrera ezegokietan eragin dezakegula uste dugu. Gure barruan dauzkagun balioek gure sinesmena zehazten dute eta sinesmenek, berriz, egiten ditugun ekintzak.
Jar gaitezen futbol partidu baten. Zein jarrera txar izaten dira, normalean? Betikoak. Futbolean epailea da ahulena, eta guztiak harekin sartzen dira. Norberak oso gutxitan onartzen du berak edo bere taldekideek egindako akatsen bat, eta kritikak epailearengan jartzen dira, normalean.
Gurasoek ere arazoak sortu ohi dituzte... Bai, zoritxarrez hala izaten da. UDAn oraintxe hasi behar dugu gai hau lantzen, eta, horretarako, Ibai Zangitu eta biok lanean hasi berri gara. Bideo batzuk egin nahi ditugu, jarrera egokien dekalogo bat azaltzeko. Gurasoek jakin behar dute umeak futbolera ondo pasatzera datozela. Izan ere, 3.000 haurretik bakarra irteten da profesional, hori da gure inguruan daukagun batez bestekoa. Kontua da guraso askok lehiakortasunean hezten dituztela seme-alabak, eta gero arazoak hortik datozela. Futbola jokoa dela ikusi behar dute gurasoek, eta hori, zoritxarrez, ez da beti gertatzen.
Eskua proiektua duela hiruzpalau urte jarri zenuten martxan. Igarri duzue hobekuntzarik denbora honetan? Epe luzerako proiektua da Eskua. UDAk betidanik talde marrulleroa den ospea izan du, eta hori urte gutxitan aldatzea lortu dugula uste dut. Azken denboraldietan jaso dugun txartel kopuruak hori dio. Eskua martxan jarri genuenetik, UDAri askoz txartel gutxiago atera dizkiote, eta hori oso datu esanguratsua da guretzako. Gurasoen aldetik ere jarrera egokiagoak ikusten dira proiektua martxan denetik. Poliki-poliki kontzientziazio lanean gabiltzala uste dut.