leire kortabarria | arrasate
Bilboko MondragonLinguaren zentroko zuzendaria, Kontseilu Errektoreko kidea eta, 2012ko martxoa ezkero, Langune aurre-klusterreko presidenteordea eta zuzendaritza batzordeko kidea eta, bestalde, Nazioarteratze Batzordeko arduraduna da Begoña Gartzia Muniozguren bilbotarra.
Zenbat ikasle ditu MondragonLinguak oraingo ikasturtean?
2013an gure ikasle kopuru errekorra lortu genuen: 9.869.
Zenbat enpresa dira zuen bezero? Batzuk aipa diezazkigukezu?
350 enpresa baino gehiago. Gure Itzulpen eta Interpretazio dibisioko bezero nagusiak hauek dira: Europako Parlamentua, IBM eta Nazio Batuak; formazioan, Orona, Euskaltel, SPRI, Batz, Mondragon Assembly, Tecnalia eta Mondragon Eskola Politeknikoa. Gainera, irakaskuntzako patronal nagusietako irakasleei ere ingelesezko formazioa ematen diegu: Kristau Eskola, Eusko Ikastola Batza eta zentro diozesiarrak, eta Lanbide Heziketako zentroetakoak.
Zein da zuen ikaslearen profila?
Arrasateko eta Oñatiko zentroetan adin guztietako ikasleak ditugu, umeetatik helduetara; eta hiriburuetan, helduendako formazioan espezializatuta gaude. Salbuespena irakaskuntza zentroetan eskola-orduetatik kanpo ematen ditugun eskolak dira, Lehen Hezkuntzatik Batxilergora.
Ingelesa da oraindik atzerriko hizkuntza eskatuena? Eta inguruko gazteen ingelesezko konpetentzia nola baloratzen duzu?
Bai, ingelesa da hizkuntza eskatuena. Konpetentziari dagokionez, azken urteotan asko hobetu da, batez ere ahozko komunikazioan –betidanik defizit handiagoa izan da hor–, baina oraindik asko geratzen da egiteko.
Ze ingeles azterketa dira eskatuenak?
Hizkuntza Eskola Ofizialekoak eta Cambridge Unibertsitatearenak, eta azken horietatik, First Certificate.
Txinera, alemana… ikasteko boom bat ere egon zen orain dela ez urte asko. Zertan da gaur egun?
Bakarrik enpresetan erakusten dugu txinera eta, azken urteotan zerbait hazi den arren, beste hizkuntza batzuekin konparatuta, gutxi batzuendako formazioa da. Alemana ikasteko eskaera asko hazi zen norbanakoen aldetik 2011/12 ikasturtean, eta orain egonkor dago.
Bat datoz norbanakoen eta enpresen interesak?
Ikasleen interesak adinaren arabera aldatzen dira; gazteek titulua atera nahi dute, eta helduek, berriz, ardura handiagoa dute ahozko komunikazioa hobetzeko.
Enpresei dagokienez, lehen askok eskaintzen zuten ingelesa langileendako "ondasun sozial" gisa; gaur egun, krisiarengatik eta atzerrian merkatu berriak bilatzeko premiarengatik, langileek ingelesez jakitea biziraupen kontua bilakatu da enpresa askorendako.
Interes horiek aldatu dira urteekin?
Bistan da, gero eta gehiago, norberak dakiena akreditatuko duen titulazioren bat lortzeko beharra dagoela; gaur egun, unibertsitate askok ingeles maila jakin bat eskatzen dute bertan ikasteko edo gradu titulua ateratzeko.
Nola aldatu dute zuen lan egiteko modua erreminta teknologiko berriek?
Teknologia berriak gakoa dira gure irakaskuntza metodoan, eskola presentzialak ikasketa-softwarearekin bateratzen ditugulako; denbora ondasun preziatuena denean, teknologia berriek gure lan eta familia-konpromisoei eusteko eta, era berean, beste hizkuntza batzuk ikasteko aukera ematen dute. Horiek biak egitea zailagoa izaten da metodo tradizionalekin.
Zeintzuk dira zuek erabiltzen dituzuen erreminta berrienak?
Eskolak emateko Skype eta bideokonferentzia erabiltzeak ordutegia malgutzeko eta ikasten ematen duten denbora optimizatzeko aukera ematen die gure ikasleei.
Beste herrialde askotan ere badituzue egoitzak. Zer egiten da horietan?
Gure Itzulpen eta Interpretazio Dibisioaren ordezkaritza komertzialak dira.
Languneren batzar nagusia egin duzue orain dela gutxi. Nola baloratzen dituzu 2013an lortu dituzuen emaitzak?
Zifra globalak 2012koak baino zerbait hobeak izan dira: enpleguan, %1,26, eta fakturazioan, %0,5; baina gorabeherak daude Langune osatzen duten sektoreen arabera. Hazi egin dira Hizkuntzen Irakaskuntza eta Itzulpena eta Interpretazioa, baina murriztu egin dira Hizkuntza Edukiak eta Hizkuntzaren Teknologia. 2014an %2,33 haztea aurreikusten dugu.
Zuen plan estrategikoan, Euskadin sektore estrategiko bihurtzeko helburua aipatzen duzue. Zein izan daiteke zuen ekarpena hori lortzeko?
Langunek daukan erronka handienetariko bat industria gisa errekonozimendua lortzea da, ez bakarrik ondasun kulturala; EAEren BPGn duen pisua apala den arren (%0,42), 5.000 laguni lana ematen dion eta urtero 300 milioi euro fakturatzen dituen sektorea da.
Beste alde batetik, sektore transbertsala denez, bera garatzea gakoa iruditzen zaigu beste arlo industrial batzuk hazi daitezen. Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 Industrializazio Planak jasotzen dituen lehentasun estrategikoen artean, Enpresen Nazioarteratze Plana edo Basque Country Estrategia dago, eta Langune osatzen duten enpresen ekarpena ezinbestekoa da horretan, gure iritziz.
Beste helburu hau ere aipatzen duzue: beste hizkuntza minorizatu batzuetarako eredu bihurtzea Euskadi. Hori lortzeko, ze harreman ditu Langunek gaur egun?
Gure erreferente nagusia Ailia da, Kanadako Hizkuntzen Industrien Elkartea. Languneren azken batzarrean Antoni Mir ere izan zen, Linguako, Kataluniako Hizkuntzen Industrien Klusterreko zuzendari nagusia.