Gazteen artean dago euskaldun kopuru handiena V. Mapa Soziolinguistikoaren arabera

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko api. 7a, 13:02

V. Mapa Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur Bilbon. Besteak beste, emaitzen arabera, herritarren %36,4k badaki ongi euskaraz, eta 20 urtetik beherako herritarrengan %70 baino gehiago dira euskaldunak.

Bost urtetik behin egiten du Eusko Jaurlaritzak mapa soziolinguistikoaren azterketa, eta gaur aurkeztu dituzte emaitzak Bilbon Cristina Uriartek (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua) eta Patxi Baztarrikak (Hizkuntza Politikarako sailburuordea).

Lau aldagai hartu dituzte kontuan ikerketa egiteko: hizkuntza gaitasunaren bilkaera; euskaldunek euskara lehen hizkuntza duten edo ez; bi aldagai horiek gurutzatu dituzte eta horiek aztertu; eta azkenik, etxeko erabilera nolakoa den ere hartu dute kontuan.

Euskaldun kopuruak gora

Baztarrikak eta Uriartek emandako datuen arabera, gaur egun herritarren %36k badaki ongi euskaraz, "eta duela 30 urte % 22k bakarrik".

Era berean ikerketaren arabera,  duela 30 urte herritarren 2/3 ziren euskaraz ezer ez zekitenak eta gaur egun % 44 dira erdaldun hutsak. "Alegia, euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan du 30 urteotan".

20 urtetik beherako herritarren joerari erreparatuz, %70 baino gehiago dira euskaldunak mapa soziolinguistikoak erakusten duenez –duela 30 urte, %20 baino gutxiago. Eta hala, ikerketaren bidez ondorioztatu dute euskararen ezagutzaren hazkundea belaunaldi gazteen artean gertatu dela.

Bestetik, euskaldunen %57,6 euskaldun zaharrak direla ikusi dute, eta %42,2a euskaldun berriak. "Baina 30 urte azpiko gazte euskaldunei dagokienez %58 euskaldun berriak dira. Eta euskaldun berrien erdia Bilbon, Gasteizen, Donostian, Getxon, Irunen eta Barakaldon bizi da".

Etxeko euskararen erabilerak, behera

 "15 urtetik gorako herritarrek 1991an baino gehiago erabiltzen duteeuskara"  –7 puntu igo da erabilera– eta hazkundea, baitez ere eremu formalean eman da: udaletxeetan, lan munduan...

Baina etxeko erabilerak azken 20 urteetan behera egin duela jasotzen da ikerketan: "%20,8 dira etxean euskara gaztelania beste egiten dutenak edo gehiago erabiltzen dutenak eta %21,8 ziren 1991an".

Euskara gaitasunean eman den hazkunde jarraituak ez duela etxeko erabileran hazkunderik ekarri ondorioztatu dute hala. Dena dela, mapa soziolinguistikoa garatzeko ikerketaren emaitzen arabera, jatorrizko elebidunen eta euskaldun berrien artean geroz eta gehiagok erabiltzen dute euskara, baina euskaldun zaharren kasuan jaitsi egin da kopurua. 

Gazteengan fokua

Azkenik, ikerketaren emaitzetatik ateratako ondorioetariko bat, hizkuntza desoreka gainditzeko, fokua gazteengan jarri behar dela da. "Ez bakarrik gazteak gure etorkizuna direlako, baizik eta hor dagoelako euskaldun kopuru handiena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak