Patxo Telleria: "Hasieran, antzeztu baino areago, zamalanak egiten genituen"

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 10a, 00:00

Patxo Telleria.
Aktorea, egilea, zinema zuzendaria... Hark idatzitako 'Lingua nabajorum' obrak irabazi du aurtengo Donostia Antzerki Saria, eta 'Pankreas' izeneko antzezlana estreinatu du.

1. Donostia Antzerki Saria Lingua nabajorum-entzat zela jakitean, zer pasa zitzaizun burutik?

Harropuzkeria eman dezake, eta akaso ez nuke esan behar, baina: "Bazen garaia!". Ez merezi genuela uste nuelako; saria ezagutu eta ilusioa egiten zigulako baizik.

 

2. Ez da ohikoa komedia bat dramei gailentzea.

Ez; komediek sarri dute nolabaiteko estigma txikia, bigarren mailako produktuak izatekoa; hainbat esparrutan nabarmena da hori.

 

3. Euskara kontu serioa da askorentzat; zuendako, aldiz, umore iturri etengabea.

Lau obraz osatutako Dibertimenduak saila dugu zentzu horretan. Bertan, euskararekin jolastu, dibertitu eta barre egiten dugu. Ez da zerbait planifikatua izan; berezko prozesua baizik.  

 

4. Euskal Filologian lizentziadun izateak lagunduko dizu horretan.

Ez dut uste ikasketek horretan eragin handirik izan dutenik, etekin praktikorik atera diedanik. Ikasketak kanpora begira autokonfiantza izateko baliatu ditut.

 

5. Pankreas-ekin zabiltza orain, bertso eta errimatan idatzi duzun obra. Bada gauzak zailtzeko gogoa...

Ez da horregatik izan, publikoari horrek berdin dio. Baliabide estetiko eta artistikoak bilatze aldera egin dut. Prozesua interesgarria izan da eta aitzindariak izan gara euskaraz halakorik egiten.

 

6. Baduzu pantaila handirako zein txikirako proiekturik esku artean?

Gauza konkreturik ez: zehaztu gabeko pare bat proiekturekin nabil. Ez dira garai errazak, edozer gauza borrokatu behar da hatsa galdu arte, eta horretan gabiltza.

 

7. Esan berri duzu: "Ez naiz aktore ona". Saltzaile ona ez, behintzat!

Beti esan dut hori; baina azkenaldian, ñabartu egiten nuen, denborarekin zertxobait ikasi dudala uste dut-eta. Ona ez naizela esatean, esan gura dut aktorea baino gehiago istorio kontalaria naizela.

  

8. 30 urteko ibilbidetik, zer ez zenuke berriz egingo?

Egun nagikeria ematen didaten alferrikako lan asko egin ditut, baina beharrezkoak orain nagoen lekuan egoteko. Aukera izan banu, lanean hasi aurretik dramaturgiaz zerbait ikasiko nukeen, baina orduan ez genuen imajinatzen hori egin zitekeenik ere.

  

9. Eta zer gogoratzen duzu irribarre batekin?

Oso gogoan daukat, asko disfrutatu nuen unea izan zelako, bukatutakoan zamalanak egin beharrik izan ez nuen emanaldia. Hasieran, antzeztea baino areago, zamalanak egitea zen gure lana.

  

10. Imajinatzen duzu ibilbide hori Mikel Martinez gabe?

Ez, zaila litzateke. Egin ditut eta egiten ditut lanak hura gabe, baina izandako lankideen artean iraunkorrena eta emankorrena da.

----------

Makila magikoa baneuka: "Mingaina sobera erabiltzen dutenei mingaina txikituko nieke; eta hitz egiteko aukera gutxi ematen zaienei, luzatu"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak