Kiroldegia lepo beteta egongo da iragarpen guztien arabera. Izan ere, minutu eta erdian topaketak dituen 400 plazak hartuta zeuden. Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounter-eko koordinatzailearen arabera, "laborategi informatiko txiki bat" izango da eta bertan "jakintzak partekatu" eta "etorkizunerako proiektuak" garatuko dira. Lore Martinez Axpek, Informazio Gizartearen foru zuzendariak informatikaren industriaren garrantzia azpimarratu zuen Gipuzkoako Aldundian egin zen topaketaren aurkezpen ektialdian. "Bideo-jokoen sektoreak urtean 10 milioi euro mugitzen ditu eta 250 profesional ari dira bertan lanean. Gora doan sektore bat da, profesionalizatzen ari dena, eta GAIAn (Informazioaren eta komunikazioaren teknologien klusterra) sartzearekin batera aukera gehiago ireki zaizkio kanpora ateratzeko eta nazioarteko merkatuetara iristeko".
Parte-hartzaileen %89 gizonezkoak izango dira eta %11 emakumezkoak. Lo egiteko leku bat ere ahalbidetuko zaie, bertan kanpin-dendak, koltxonetak edo lo-zakuak jarri ditzaten.