Kultura plangintza estrategikoan herritarren ekarpenak nahi dituzte

Leire Kortabarria 2014ko api. 5a, 00:00

Apirilaren 28ra arte dago zabalik Kultura Sailaren plangintza estrategikoaren gainean iritzia edo komentarioak uzteko epea. Plangintza hori Kultura Auzolanean 2014-2015 dokumentua da, eta egunotan aurkeztu du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak. Erakundeen arteko akordioaren fruitua da plangintza, eta kultura arloko erakundeekin harremanetan dago orain Saila, plangintzan sakontzeko.

Herritarrek ekarpenak uzteko aukera dute Kulturaauzolanean.net webgunean. Bertan, proiektuaren nondik norako guztien gaineko informazio zehatza jaso daiteke. Dagoeneko hasi da jendea iruzkinak uzten. Jasotako ekarpenekin, 2014-2015 aldiko Kultura Auzolanean proposamen berria Kulturaren Euskal Kontseilura eramango da han kontrastatzeko eta onartzeko.

20 proiektu

Kultura Auzolanean programaren helburuak hauek dira: erakundeen arteko harremanak indartzea; sinergiak sortzeko, sektore-arteko ekimenak eta zeharkako ekimenak dinamizatzea; euskarazko edukiak eta zerbitzuak hobestea; krisiari aurre egitea kultura-sektoreak babestuz; sexu-berdintasunaren, giza-integrazioaren eta kultura-barietatearen alde egitea; eta kultura-eskaintza hobetzea.

Izaera praktikoa du plangintzak eta, horregatik, dagoeneko aurten bistaratu nahi dira bertan definitutako helburu batzuk.

Hauek dira lehentasuna duten proiektuak eta aurten espero diren emaitzak:

Euskal Behatokia: Jarraipen Batzordea abian ipini eta kulturaren egoerari buruzko txostena egingo da.

Sorkuntza Fabrikak programa: Berriz definituko dute.

Kulturklik atari interaktiboa garatzea: Sektoreko agenteen katalogo ireki bat landuko da aurten.

Finantzabideak: Dirulaguntzen mapa egingo da.

Ohiturak eta kontsumoa sustatzea: Erakundeen artean jarduteko proposamena egingo dute.

Dokumentu Publikoen eta Artxiboen legea: Txostenak eta entzunaldi publikoa egin beharko dira.

Liburutegi digitala, on-line: Plataforma publiko autonomoa sortu eta lizentzia mugagabeak erosteko proposamena egingo dute.

Irakurketa publiko sarea: Barruan ez dauden hiriak integratuko dituzte.

Musikaren bulegoa: Aurten ipiniko da martxan.

Antzerkirako dirulaguntzak: Mapa berria proposatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak