Eusko Jaurlaritzak plan berri bat jarriko du abian Aste Santuan planak eta esperientziak komertzializatzeko. Zer da, hain justu ere?
Erakunde ezberdinen eta sektorearen arteko elkarlanetik sortutako ekimena da. Sei hotelek, sei baserri turismok eta beste bost turismo bulegok eskaintza bateratua eskainiko dute Aste Santuko oporretan. Plan eta esperientziak eskainiko dituzte.
Ze proposatuko duzue?
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan eskainiko ditugu 50 esperientzia ezberdin, turisten eskaerak aintzat hartuta aukeratutakoak. Berritasun nagusia da bidaiariekin harreman zuzena izango dugula puntu beroetan, hau da, hoteletan, baserri turismoetan edo turismo bulegoetan. Eta toki horietan eskainiko zaizkie turistei planak edo esperientziak. Toki bakoitzean izango dituzte ingurune hurbileneko planak edo esperientziak eta baita lurraldeko beste toki batzuetakoak ere. Hartara, bat batean egin ahal izango dituzte erosketak. Turistei, gustuen arabera, egindako eskaintza da, berehala erreserba egiteko aukera ematen duena.
Zeinek bultzatzen du?
Eusko Jaurlaritzaren ekimena da erakundeek zein sektoreko agenteek elkarlanean abian jarri duguna. Plan pilotua da eta bidaiariei egiten zaien eskaintzaren erantzuna jakin nahi dugu, bestelako hainbat informaziorekin batera. Horrekin, aurrerantzean jakingo dugu zer hobetu eta non jarri indarrak. Ondoren, plana zabaltzeko alojamendu, agentzia edo turismo bulego guztietara.
Esperientzia edo plan horien artean bada Debagoienekorik?
Bai, bada bat: Oñatin, Arantzazun, bertako Artzain Eskolan. Kasu honetan, Idiazabal jatorri izeneko gaztaren esperientzia da proposatzen dena. Gero, Durangaldean, bada beste bat, Artzain izan egun baten izenekoa… Denetiko plan edo esperientziak daude: Zumaiako flysha ikusteko irteera; Gaztelugatxera barkoz irteera; Burdinazko ibilbidea Bilboko ezkerraldeko itsasadarrean; pintxoen ibilbidea hiriburuetan; Gernikako Batzar Nagusietara bisita; Gasteizko katedral zaharrera; Arabar Errioxako upategietara; sagardotegietara…
Zela egin duzue aukeraketa?
Orain arte bisitariei egindako galdeketetan nabarmendu dituztenak, eskatu dituztenak edo gustukoen dituztenak aukeratu ditugu.
Aste Santua ate joka dugu. Zein da aurreikuspena, ze espero duzue?
Jeneralean ez ditugu aurreikuspenak egiten, datuak aztertzen ditugu. Hala, otsaila hilabete ona izan da eta erreferentzia izan daiteke. Uste dugu Aste Santuak ere emaitza positiboak emango dizkigula, batez ere kontuan hartuta aurten udatik gertuago datorrela. Halere, itxoitea da onena, ze bidaiatzeko moduak asko aldatu dira. Egun, Internetez kontratatzen da asko eta azken unean, eguraldia eta beste aldagai batzuk aztertu ostean. Baina baikor gara.
2013an turismoak gora ala behera egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan?
%2ko jaitsiera izan dugu. Halere, lurraldeka, Gipuzkoak datu positiboekin amaitu du, urte ona izan da Gipuzkoarendako. Bizkaiak %2ko jaitsiera izan du. Normala da, bereziki, Espainiako turismoak duen pisuarengatik. Batez ere, Araban gertatu da jaitsiera, bereziki, hiriburuan; izan ere, Arabar Errioxak urte ona izan du.
Espainiako turista kopurua gutxitu egin zen iaz. Hori izan da joera krisian gaudenez gero?
Bai, bai, eta hori izan da jaitsiera horren arrazoia. Autonomia erkidego guztietan gertatu da Espainiako turismoaren jaitsiera eta geuk ere nabaritu dugu, Gipuzkoaren salbuespenarekin.
Nazioarteko turisten kopurua hazi egin da?
Bai eta hori da datu positiboa. Une honetan, Euskadira datozen turisten %40 nazioartekoa da; beste %50 Espainiatik dator eta %10a geure barruko turismoari dagokio. Guretako oso garrantzitsua da mundu mailako turismoa eta hor hazi nahi dugu. Krisi sasoia ezin dezakegu ahaztu eta horrek eragina dauka bereziki Espainiako merkatuan. Gainera, mundu mailako turistek jarduera ekonomiko gehiago sortzen dute. Pertsonako eta eguneko 80 euro gastatzen dute turistak gurean, baina mundu mailako turista bada, beste 55 euro gehiago da. Hortaz, guretako oso garrantzitsua da. Hiru arrazoirengatik da lehentasunezkoa: batetik, mundu mailan ere turista mota horrek ematen ditu datu onenak; bestetik, jende multzoa askoz ere handiagoa da eta, azkenik, jarduera ekonomiko handiagoa sortzen du.
Gipuzkoak eta, bereziki, Donostiak erakartzen du turista gehien. Zergatik?
Destino heldua da Donostia; turismo-toki ezaguna munduan, aspalditik. Bestalde, Donostia eta Gipuzkoa, oro har, Frantziatik edo Europatik gertuago daudelako-edo, gutxien igarri dute Espainiako turisten jaitsiera. Turista frantziarrak dira Donostiako eta Gipuzkoako gehienak. Donostia beste lurraldeak baino indartsuagoa da ondo doan turismo horretan, mundu mailakoan.
Madrildarrak eta kataluniarrak izan dira, historikoki, gurera etorri diren turista gehienak. Gaur egun ere hala da?
Bai, hala da eta krisiagatik, bereziki, turista katalanen jaitsiera nabariagoa izan da. Bestetik, turista madrildarren aldetik joera hobea izan da aurten eta gora egin du, era berean, Gaztela-Mantxatik eta Andaluziatik etorritakoen kopuruak. Uste dugu Katalunian ekonomiak hobera egingo duen neurrian igarriko dugula, historikoki handik etorri zaizkigu-eta turista asko.
Mundu mailatik nondik datoz bereziki turistak?
Frantzia, Alemania eta Erresuma Batutik. Eta, laugarren tokian, gero eta gehiago datoz-eta, Ameriketako Estatu Batuetatik.
Non jarriko duzue indarra aurrerantzean?
Bereziki nahiko genuke gero eta turista gehiago etortzea munduko bazter guztietatik eta hor egingo ditugu ahaleginak. Bestetik, Espainiako turismoari ere eutsi nahi diogu. Erdi eta erdi izan dadin. Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik, 125 milioi pertsona mugitzen dira eta horiengana heldu eta eskaintza erakargarria egitea da helburua, Euskadi aukeratu dezaten bidaiatzeko.
Zeren bila datoz kanpoko turistak gurera, ze nabarmentzen dute?
Gurera datozenen artean, hiru turista mota daude: bata, hiriburuei lotuta, horien bila datozena, gustuko dituztelako Bilbo, Donostia eta Gasteiz, hirurak ere ezberdinak eta osagarriak eta bata bestetik gertu daudenak; tradizioa eta modernitatea ondo uztartzen dutenak. Gero, hiriburuen inguruak eta batez ere Arabar Errioxa. Eta, gure gastronomia ere asko baloratzen da. Horrekin batera, gure kultura, gure ondarea, gure bereizgarriak. Hortaz, hiriburuak, etno-gastronomia, kultura eta ondarea. Lurralde txiki samarra da gurea eta oso denbora tarte laburrean izan dtzakegu esperientzia erabat ezberdinak.
Turismo baliabide eta azpiegiturei dagokienean, zertan gaude ondo eta zer daukagu hobetzeko?
Seinalitika daukagu hobetzeko. Esaterako, beste hizkuntza batzuk ere erabili behar dira. Bisitariek ondoen baloratzen dutena, bestetik, egiten zaion harrera da, ematen zaion tratua. Oso ondo baloratzen dute hori. Hobetzeko daukagu, era berean, ostatu hartzeko tokien kalitatea. Batez ere kontuan hartuta gure bisitariak eros-ahalmen ertain edo altukoak direla, bidaiatzera oso ohitua daudenak, kalitatea bilatzen dutenak. Interneteko azpiegituretan ere ahalegina egin behar dugu.
Zer eskain dezake Debagoienak?
Kultura eta ondare aberatsaz gain, gastronomia.
Gurea bezalako barruko eskualdeak erakartzen ditu turistak?
Bai, bai, geroago eta jende gehiago doa Debagoiena bezalakoetara. Geroago eta joera argiagoa da hiriburuak bisitatzea eta baita barruko eskualdeetatik txangoak egitea. Badaude natura ibilaldiak nahi dituztenak, jateko toki onen bila dabiltzanak, kultura eta ondarea bisitatu nahi dituztenak…
Eusko Jaurlaritza eta diputazioak eskutik doaz turismo kontuetan?
Plan Estrategikoa egina dugu eta bertan parte hartu dute erakunde ezberdinetako agenteek eta baita sektorekoek ere. Lehen fasean, 41 agentek hartu zuten parte; bigarrenean, beste 128k. Urratsak eman ditugu, baina asko daukagu egiteko: gobernatzeko moduan, kudeaketan, komunikazioan, promozioan… Oso inportantea da denok batera aritzea.
Alimentaria Elikagai azokan izan da Eusko Jaurlaritza.
Bai, etno-gastronomia alorra bultzatzeko izan gara Bartzelonako feria horretan. Oso inportantea da eta hemengo 50 enpresa egon dira.