Diputazioak udako ekintzetarako 377 plaza eskainiko ditu 14-17 urte bitarteko gazteentzat

Miren Mujika 2014ko api. 1a, 16:41

377 plaza eskainiko ditu aurten Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritzak 14-17 urte bitarteko gipuzkoar gazteentzat. Abenturako jarduerez eta frantsesa praktikatzeko egonaldiez osatutako programa horren helburu nagusia da Gipuzkoako gazteei beren aisialdi-astialdiak modu aberasgarrian igarotzen laguntzea.

Aurtengo jarduerak uztailean eta abuztuan egingo dira eta 7, 10 eta 12 eguneko oporraldiak izango dira. 110 plaza eskaintzen dira 5 txandatan, beste autonomia erkidego batzuekin koordinatuta: Madril, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Arabako Aldundiarekin. Txanda horiek gaztelaniaz egingo dira, autonomia-erkidego horietako gazteekin nahastuta. Beste 7 txanda, 253 plazarekin, euskarazkoak izango dira, honako toki hauetan: Araba, Zuberoa, Valentzia (Arabako Aldundiarekin batera), Menorca eta Gipuzkoa.

Abenturako jarduerez gain, kulturalak eta ludikoak ere egingo dituzte oporraldietan, esate baterako: mendi-ibilaldiak, eskalada, uretako jarduerak (piragua, bela, urpeko igeriketa, raftinga...), tailerrak (malabarismoa, larrua lantzea...) eta kultura-ibilaldiak.

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko gazteekin batera antolatuko da frantsesa praktikatzeko eta elkar ezagutzeko egonaldia, 14 gazterentzat. Jarduera horren helburua da frantsesa ikastea, mugaz gaindiko harremanak areagotzea, eta kirol-ekintzen, jokoen, eta txangoen bidez ondo pasatzea.

Beren sormena eta alderdi artistikoa askatu nahi duten gazteei dagokienez, parte hartu ahal izango dute, batetik, musikari lotutako Gasteizko Gazte Rock udalekuan, beste autonomia-erkidego batzuetako gazteekin batera (Araba, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Madril…), eta, bestetik, Hondarribian arte eszenikoen inguruan eta zehazki antzerkian oinarrituta antolatu diren udalekuetan, gazte arabarrekin batera.

Dena den, txanda guztietan askotariko ekintzez osaturiko programazioa izango dute, hau da, ekintza hezitzaileak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak; eta guztiak harremanak nahiz aberastasun pertsonala lantzeko asmoz burutuko dira. Jarduera berezi guztiak begirale espezializatuek gainbegiratuta eta gidatuta egingo dira, beharrezko segurtasun neurriekin beti.

Kuotak

Kuotetan sartuta dago mantenu osoko egonaldia, ekintzak gauzatzeko dinamizazio-zerbitzua, istripuetarako asegurua eta erantzukizun zibilekoa eta joan-etorriko garraioa. Hamahiru txanda izango dira,  7, 10 eta 12 egunekoak.

  • 7 egun familia arruntentzat: 160 euro.
  • 7 egun familia ugarientzat: 112 euro.
  • 7 egun familia ugari berezientzat: 80 euro.
  • 10-12 egun familia arruntentzat: 223 euro.
  • 10-12 egun familia ugarientzat: 156 euro.
  • 10-12 egun familia ugari berezientzat: 112 euro.

Gizarte-larrialdiko laguntzak jasotzen dituzten familietako gazteen kuota, aldiz, 40 eurokoa izango da.

Izen-ematea eta zozketa

Izena bakarka edo gehienez ere hiru laguneko taldeetan eman daiteke apirilaren 4tik 11ra, orrialde honetara sartuta: www.gipuzkoa.net/udalekuak. Kanpainan parte hartzen duten bulegoen bitartez ere egin daiteke. Parte-hartzaile bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da, programan parte hartu nahi duten guztiek aukera berak dituztela ziurtatzeko. Eskaera-orri bat baino gehiago aurkituz gero, eskaera deuseztatu egingo da. Apirilaren 25ean eta 28an begiratu ahal izango dira zozketarako onartutakoen zerrendak, bai izena emateko lekuetan, bai eta Interneten ere; eta erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira.

Zozketa jendaurrean eta notario aurrean egingo da eta  emaitza apirilaren 30etik aurrera jakinaraziko da Interneten eta kanpainan parte hartzen duten bulegoetan. Zozketan plaza lortu dutenek maiatzaren 2tik 12ra artean dute izena behin betiko emateko. Izena eman dutenei etxera bidaliko zaie oporraldiaren kuota ordaintzeko agiria eta, horrekin batera, izen-ematea ongi egiteko aurkeztu behar duten dokumentuen zerrenda ere. Behin betiko izena emateko epea amaitzen denean norbait izena eman gabe badago, bere plazari uko egin diola ondorioztatuko da.

Uda Txoko 2014

Aurten ere Haurren eta Gazteen Sustapenerako Zerbitzuak Uda Txoko webgunea martxan jarri du. Estatuko nahiz nazioarteko erakundeek eta astialdiko taldeek antolatutako udako ekintza eta programei buruzko informazioa eskaintzen da bertan: udako ekintzak, auzolandegiak, brigadak, bidaia solidarioak…

Webgune honekin haur, gazte eta gurasoei tresna erabilgarri eta bizi bat eskaini nahi zaie. Bilatzailearen bitartez, hainbat herritan egingo diren udaleku, auzolandegi, bidaia solidario eta abarri buruzko informazioa aurki daiteke. Gainera, deialdiak sare sozialetara zabaltzeko aukera ere badago. Era berean, astialdiaren esparruan lan egin nahi dutenek lan-eskaintzak aurki ditzakete eta horien jarraipena egin sare sozialen bitartez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak