Euskal Herriak %3,5 langile gutxiago zituen 2013 bukaeran

Leire Kortabarria 2014ko api. 1a, 15:25

Euskal Herriko biztanleria okupatua -ordainpeko lana egiten duena- %3,5 murriztu zen 2013. urtean, Gaindegiak INE eta INSEEko datuen arabera ondorioztatu duenez. Hiru urte dira dagoeneko Euskal Herriko pertsona enplegatuen kopurua murrizten ari dela. Espainian, %3,1 murriztu da populazio okupatua. Euskal Herriko datua Mediterraneoko beste herrialde batzuen parekoa da.

Zifra absolutuetan, okupatutako 40.000 pertsona gutxiagorekin itxi da 2013. urtea Euskal Herrian.

Gaindegiak azaltzen duenez, "okupatutako biztanleriaren galera erakunde estatistiko guztiek konfirmatzen duten arren, emaitzak oso bestelakoak dira. Esaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Eustatek emandako datuetan oinarritzen bagara, enplegu galera Euskal Herrian -%0,8 da, alegia, 10.000 enplegu gutxiago".

55 urtetik gorakoen okupazio mailak gora egin du, baita lehen sektoreko enplegu tasak ere.

Europarekin alderatuta, azken urtean Euskal Herrian gertatzen ari den okupatutako biztanleria galera Europako batez bestekoaren gainetik dago (-0,4), eta enplegu tasa ere 5 puntu baxuagoa da gurean. Enplegu galeran, beraz, Euskal Herria Mediterraneo inguruko herrialdeen parean ageri da, Kroazia (-3,8), Grezia (-3,8) eta Zipreren (-3,6) atzetik.

Langile gutxiago, baina produktiboagoak

Gaindegiaren esanetan, egindako lehen estimazioen arabera, Euskal Herriko BPG -0,1 puntu jaitsi da 2013an; kontra, produktibitatea langile bakoitzeko +0,8 igo da. Azken datu honi erreparatuta, Euskal Herriaren produktibitate maila Europako herrialde erreferenteen parekoa da, Belgika edo Suitza kasu. Hala ere, Gaindegiak ohartarazten duenez, "produktibitatearen eta BPG bilakaerek ez dute enpleguaren bilakaera mailarekin zerikusirik".

Enpleguaren joera orokorra negatiboa bada ere, badira salbuespenak; esaterako, 55 urtetik gorakoen biztanleria okupatuan eman den gorakada (+2,5), edota lehenengo sektorean eman dena (+31,9).

Horiek eta beste hainbat datu eta analisi Gaindegiak apirila amaieran argitara emango duen txostenean jasoko dira. Txostenak lan merkatuaren analisia egingo du, eta datuez gain, hainbat adituren analisiak ere jasoko ditu, hala nola José Miguel Aiertza (Adegiko idazkari nagusia), Mari Luz De la Cal eta Gorka Moreno ekonomialariak eta hainbat sindikatu.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak