Pauso Berriak programaren azken balantzea egin dute bultzatzaileek: Josean Idoatek (Atzegiko lehendakaria), Iñaki Alkortak (Gureak-eko lehendakaria), Adolfo Alustitzak (Lanbideko zuzendari orokorra) eta Ander Rodríguezek (Gizarte Politikako diputatua).
Pauso Berriak programak formazioa eta praktikak egiteko aukera eskaintzen dizkie adimen urritasuna dutenei, enpresa pribatu zein erakunde publikoetan. Prozesua banakako arretan dago oinarrituta eta kasu bakoitzeko laguntza sare egokitua dauka. Atzegik eta Gureak-ek prozesu osoan laguntzen diote langileari, familiari eta enpresei; bakoitzari egokitutako lanpostua eta zereginak definitzen eta bilatzen dituzte.
Debagoienean, aurten, langile bana dago Bergarako Mizpirualde egoitzan eta Arrasateko SAn Juan de Dios ospitalean; praktikak egin dituzte eta gaur egun tailerrean dira beste sei langile, honako lekuetan jardun dutenak: Bergarako Uliazpi, Bergarako Miguel Altuna institutua, Arizmendi ikastola, Aretxabaletako Ibarra kiroldegia, Bergarako musika eskola eta Oñatiko Udala; eta zerbitzu okupazionaleko beste bost lagun daude Arrasateko Udalean, Aretxabaletako GSR egoitzan, Oñatiko Txantxiku ikastolan eta Elgetako Udalean.
Urrituendako 960 plaza
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gureaken 960 plaza finantzatzen ditu urtean, biek sinatuta duten hitzarmenaren bitartez. Plaza horiek 6.313.048 euroko kostua dute, eta horien artean daude Pauso Berriak programakoak.
Programak hiru fase ditu. Lehenengoan, aurreformazioa ematen zaie langileei, lau hilabetean zehar. Dagoeneko 105 lagun pasa dira fase horretatik.
Bigarren fasean lana benetako ingurunean egiten da, hau da, lan praktikak enpresa eta erakundeetan. Urte bete irauten du fase horrek eta, beti, ageriko lanpostuak egiten dituzte adimen urritasuna duten pertsonek.
Hirugarren fasean, jarraipen praktikak egin dituztenentzat jarraipen formulak aztertzen dira. Jarraipenak zerbitzu okupazionalean baina ohiko ingurunean planteatu daiteke edo kontratatzio zuzena bezala ere. Zerbitzu okupazionaleko formula praktika egin duten enpresetan beraiei egokitutako jantzia edo zeregina aurkitu dutenentzat eta bertan jarraitzeko aukera dutenentzat da. Kontratazio zuzena, ordea, praktikak egin ondoren enplegura orientazioa dutenentzat da. Kasu honetan, enpresaren kontratazio formulak aztertzen dira eta egokiena aukeratzen da.