Marimaistra: "Hobe da euskaraz baldar samar aritzea, erdaraz baino"

Txomin Madina Milikua 2014ko api. 1a, 00:00

Marimaistra.
Euskarari buruzko zalantzak argitzea du misio eta atseden hartu ostean, horretara itzuli da Goiena Telebistara; eguaztenetan (apirilak 2) irekiko du kontsulta, 'Debagoiena Zuzenean' saioan.

Zelan bizi izan zenuen telebistara salto egin zenueneko eguna?

Ai, maitia, asko sufritzen dut nik parean jartzen dizkidaten traste horiekin guztiekin. Oraindik ere ez naiz ohitu, e? Bero handia pasatzen dut, eta gainera mikrofonoen hariek ez didate mugitzen lagatzen! Lotuta naukate! Horregatik ikusten nauzue beti eserita! Baina tira, badakit nire beharra baduzuela euskaldun ganorabako gaixook, eta zuei laguntzeko edozer egingo nuke.

Zein da gehien errepikatzen dizuten galdera?

Denetarik galdetzen dute, baina badakizu zer? Jende asko, gazteak batez ere, oso-oso arduratuta ikusten dut hizkuntzalaritza kontuekin. Ea zer den ergatiboa, edo erlatiboa, edo nominatiboa… Eta pena ematen dit, laztana. Euskaraz polito jarduteaz edo orain baino gehiago erabiltzeaz baino, gramatika teorikoaz kezkatuago egotea!!! Zer da hori, baina? Oso triste jartzen nau horrek, benetan! Gainera, gero horiei beraiei ez die ardura hizkuntza ganoraz erabiltzea. Zabar asko dago bazterretan!

Deiak jasotzen dituzu, baina batez ere whatsappak, edo?

Hasieran hiru modu nituen kontsultak jasotzeko: Twitter, posta elektronikoa, eta Whatsapp, bai. Eta galdera gehienak Whatsapp bidez jaso ditudala esango nuke, baina azken boladan erantzungailuan ere uzten dizkidate mezuak. Batzuk amorragarriak eta beste batzuk eder-ederrak!

Beti mezu orokor bat jaso daiteke...: "Euskararik onena erabiltzen dena".

Hori da, pitxin. Sarritan sutan jartzen naiz jendeari entzuten dizkiodan astakeriekin, baina tira, karakterra halakoxea daukat. Haserreak haserre, oso argi utzi nahi dizuet gauza bat: hobe da euskaraz baldar samar aritzea, erdaraz baino. Euskaraz sarriago egingo bagenu, askoz eredu gehiago izango genituzke kalean esamoldeak eta abar jasotzeko, eta orain baino naturalago egingo genuke denok! Zalantzarik ez horretan, e? Euskararik onena, egin egiten dena!

Taroteko kartak botatzen dituztenek kobratu egiten dute telefono horien bidez... baina zuk ez duzu ezer ere kobratzen.

Hala da, bihotza! Baina oso gustura egiten dut, e? Beharra ikusten dut kalean, eta horregatik hasi naiz neure burua eskaintzen. Sos gutxi batzuk ondo etorriko lirateke egia esan, batez ere bideoak hain txukun uzten dizkidaten lagunei ordaindu ahal izateko. Palazioetan ibili naiz eskean, ez pentsa, baina badakizu, agintariek beste nonbait dituzte lehentasunak!

Eskoletan erabiltzen ei dute zure emanaldia irakaspenen bat ateratzeko…

Hala uste dut, behintzat! Gaztetxo asko eta askok idazten didate Wwhatsappera: batzuek galderak egiteko eta beste batzuek esateko haien irakaslearen gustuko naizela edo, tira, burutik pasatzen zaien lehenengo astakeria botatzeko. Pozgarria da nire bideoak eskoletan erabilgarri izatea, eta kezkagarria ere bai.

Denon ahotan dabil gazteen artean jarrera matxistak eta homofoboak oso hedatuta daudela, ezta? Bada, ez dakit euskararen kontrakoak ere ez ote dauden oso zabalduta, e? Izango ditut gutxienez dozena erdi bat mezu, bakoitza lagun batena noski, esanez bere bikotekideak utzi egin duela euskaraz aritzeagatik! Halakorik!!!

Kalean geratzen ote dute MariMaistra galderaren bat egiteko?

Ai, amante, ni ez naiz kalean ibiltzen! Grabatzea tokatzen denean, platoan gorpuztu egiten naiz, eta bukatutakoan, berriz, desagertu eta Iratiko basoan barreiatuta egoten naiz, naturarekin bat eginda. Nekez topatuko nau inork kalean!

Zurekin kontaktatzeko bideak zeintzuk dira?

Lehen aipatu dizkizudanak: @mari_maistra Twitter kontua, marimaistra@gmail.com posta elektronikoa, eta erantzungailua edo Whatsapp 668 88 91 92 zenbakiaren bidez. Deitu edo idazten baduzue, ez ahaztu zuen izena esatea, e?

Atrezzoan ikusten ditugu hiztegi pila bat. Papera. Hori da zure euskarri gustukoena?

Gustukoena ez, baina pantailan ondoen ematen duena, beharbada, bai! Badakizu nolakoak diren gauza hauek. Telebistarako gauza ikusgarri egin behar dira, eta niri laguntzen didaten gauzak zuek ezin dituzue ikusi: Anbotoko Mariren indarra, On Joxemielen antiparrak, Laminen urrezko orrazia… horiek ere hor daude, mahai gainean, baina kamerek ez dituzte jasotzen. Pena! Ederrak dira eta!!!

Zu pantaila aurrean txukun-txukun agertzen zara, baina egongo da norbait atzean ere…

Bai. bai, lehen ere esan dizut! Hor egoten da Oihane Agirre, grabazioa eta zuzendari lanak ere egiten, eta Monika Montero bideo guztiak ikusten dituzuen bezain txukun jartzen… Bo, eta gero Leire, Iban eta Joxe ere aipatu behar ditut. noski! Leire nire ordez aritzen da eszena arriskutsuak daudenean, eta oso ondo egiten du: bideoetan ez da igartzen noiz naizen ni eta noiz bera! Eta gero, Ibanek eta Joxek ere saioekin laguntzen dute: galderak jaso, txukun jarri, ideiak eman eta idatzi! A! Eta Pernan! Pernanek oso marrazki ederrak egin dizkit eta horiek erabiltzen ditugu sarritan blogean, Twitterren eta abarretan!

Enteratu gara Goienako platoa berritu dutela. Gustura aldaketarekin?

Bai, bai! Orain leku zabalagoa dut eta erosoago aritu naiteke kamera aurrean, eta aulkia aldatuko balidate, orduan perfekzioa litzateke! Baina egia esan, ikusleok nekez nabarituko duzue aldea. Ez dakizue ze eskertuta nagoen Goienako jendearekin. Haiek etxea utzi ezean, ezinezkoa litzateke hau egitea!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak