Berrikuntzaren kudeaketaz jardun dute gaur CIC microGUNEn

Leire Kortabarria 2014ko mar. 31a, 11:40
CIC microGUNEko jardunaldiko une bat.
CIC microGUNEk ateak ireki ditu, berrikuntza kudeatzeko sistemei buruzko trebakuntza-saio bat eskaintzeko. CIC microGUNE mikroteknologietan espezializatutako ikerketa-zentro kooperatibo bat da, eta Garaia Berrikuntza Gunean du egoitza.

Eusko Jaurlaritzaren 2015eko nanoBasque estrategiaren baitan dago CIC microGUNE. CEIT-IK4, IK4-IKERLAN eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoen eta Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunen arteko aliantza estrategiko baten emaitza da. IMEC belgikar ikerketa-zentroaren laguntza du, eta Mondragon enpresa-taldearen babesa.

Mikroteknologien Ikerketa Zentro Kooperatiboak jardunaldi irekia egin du gaur, astelehena, eta parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte berrikuntza kudeatzeko sistemen oinarrizko printzipioak, sistema horiekin lotutako etorkizun hurbileko joerak eta hobekuntza-tresna posibleak. Antolatzaileen esanetan, etorkizunean joera izango da ikertzaileak berrikuntzaren kudeaketan jantziak egotea, eta inguruko zentroetako eta enpresa batzuetako ikertzaileak gonbidatu dituzte gaurko saiora.

50 parte-hartzaile

Jardunaldiaren helburua izan da parte-hartzaileei ulertaraztea kudeaketa aurreratuko sistemak zenbateraino garrantzitsuak diren I+G+B arloko erakundeen jarduera efizientziaz eta eraginkortasunez gara dadin.

Juan Carlos Morla berrikuntza kudeatzeko sistemetan aholkulari seniorrak zuzendu du jardunaldia. Alde batetik, berrikuntzaren adiera desberdinak eta haren inguruan sortu izan diren nahasmenak aztertu ditu, bai eta haien ondorioz berrikuntza kudeatzeko sortu diren mugak ere. Bestetik, berrikuntza kudea daitekeen prozesu gisa hartzen hasi zirenekoa aztertu du, zeinaren bidez hainbat eredu sortu diren gaur egun, bai eta hobetzeko hainbat ikuspegi ere. Azkenik, UNE 166002 arauan oinarritutako eredua ebaluatu du kudeaketa-eredu gisa, bai eta eredu horrek Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zentro teknologikoentzako tresna gisa erabiltzeko duen gaitasuna ere.

Berrogeita hamar bat lagunek hartu dute parte jardunaldian, besteak beste ikertzaileek eta CIC, zentro teknologiko eta enpresetako I+G unitateetako langile operatiboek; izan ere, horiei guztiei eragingo diete gai honekin lotuta legedian egin diren aldaketek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak