2003. eta 2011. urteen artean etxeetako zorpetzeak %5,4 egin zuen gora Europan (EE27). Hazkuntzarik altuena (%12,1) Espainiari zegokion eta baxuena Alemaniari (%0,0). Euskadin zor pribatua asko hazi zen, baina Espainiako batez bestekoa baino gutxiago.
Hainbat gogoeta eta gomendio egiten ditu EGABek. Funtsean, zordunarendako babes-neurriak aztertzen eta proposatzen ditu, bigarren aukera bat zabaltzeko eta zordunaren egoera bere onera etortzeko; eta epe luzerako ikuspuntua proposatzen du.
Zorpetzea krisi aurretik hasi zen
Familien zorpetzearen hazkundea krisi aurreko urteetan kokatzen du EGABek. Ondasun higiezinak erosteko erraztasun finantzarioak zeuden eta 2001. urtetik erreferentziazko interes-tasak historikoki oso baxuak ziren, baldintzak malgutzen ziren eta zerga-hobariak zeuden. Datu hau ematen du: 2008. urtean Espainiako etxebizitzen zorpetzeak BPGren baldintzetan %81 gainditu zuen, euroguneko %53ko batez bestekoaren aldean.
Mende honetako lehenengo hamar urteetan EAEn etxebizitza-kopurua %16 gehitu zen, hau da, Euskadiko biztanleria baino lau aldiz gehiago hazi zen.
Krisiaren hasiera 2008an kokatzen du EGABek, eta etxebizitza ordaintzeko zailtasunak hasi ziren familia askorendako.
Etxeen herenek, mailegu edo kreditua
2006tik 2011ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen herenek indarrean zuten mailegu edo kreditu bat, gehienek, etxebizitza erosteko erabilia. Kreditua duten hamar etxebizitzatatik batek familiaren diru-sarreren %40 hipoteka-maileguak ordaintzera bideratzen duela kalkulatzen da.
Etxebizitza galdu dute horregatik hainbat familiak. 2009 eta 2012 artean, 400 hipoteka-espediente betearazle baino gehiago ikuskatu ziren. Erdiek etxebizitza zuten berme gisa. Espainian, %62 ziren.
EGABek gogorarazten du Europako Batasunak ez duela "araudi zehatzik" familia-gainzorpenak prebenitzeko ez eta konpontzeko ere. Horregatik, Alemania eta Frantziaren kasuak hartu ditu EGABek erreferentzia gisa.
Alemanian etxebizitza alokatua oso garrantzitsua da (%54, Espainiako %13ren aldean), beraz, etxeetako zorpetze-maila txikiagoa da (%55,4 BPGren gainean). Gainera, Alemaniak oso ibilbide luzea du zailtasun finantzarioak dituzten pertsonei aholkatzeko orduan.
Frantzian ere etxebizitza alokatua garrantzitsua (%39) da. Herrialde horrek gainzorpena prebenitzeko legea du. Hala, etxebizitza finantzatzeko ohiz bizi- eta minusbaliotasun-asegurua eskatzen da eta, askotan, langabezia-asegurua ere bai. Eredu frantsesak Gainzorpenaren Batzordeak ditu. Sistema doakoa da eta adiskidetasunez nahiz epaitegitik kanpo konpontzeko, banan-banako ordaintze-plana diseinatzen ahalbidetzen du.
Bitartekaritzaren alde
EGABen ustez, Estatuan dagoen hartzekodunen lehiaketa gutxitan erabil daiteke irudi bezala, pertsonen likidezia ezari konponbide orekatua eskaintzeko; eta gaiak "tratamendu integrala" eskatzen du. Besteak beste, epaileak zaindutako bitartekaritza-prozedura gomendatzen du.
Beste gomendio batzuk ere egiten ditu EGABek: administrazioek alokairua susta dezaten eta gizarte-alokairurako etxebizitza parke publikoa sor dezaten; kontsumo arduratsurako informazio eta hezkuntza politikak bultza daitezen; hipoteka-kredituen berme gisa, berme pertsonalak edo aurrezki zehatzak izatearen alde agertzen da; Eusko Jaurlaritzaren Aholkularitza eta Bitartekaritza Zerbitzua sendotzeko eskatzen du; eta, zorra berrantolatzeko, lege-antolamenduan doako prozedurak bultzatzea gomendatzen du.