"Turismoak Euskadiko jarduera ekonomikoa areagotzen lagundu dezake eta lagundu behar du, eta hori lortzeko, lehiakorragoak eta profesionalagoak izan behar dugu. Hemen zaudetenok horretarako pausoak eman dituzue, baita geuk ere, Eusko Jaurlaritzako kideok", adierazi zuen Tapia sailburuak ekitaldian.
Debagoieneko sarituak
Bailarako zazpi enpresek jaso dute kalitate ziurtagiria aurten:
- Taberna Berri jatetxea (Aretxabaleta)
- Mondragon Hotela (Arrasate)
- Zumelaga jatetxea (Bergara)
- Uxarte nekazal turismoa (Aramaio)
- Aterbe landetxea (Leintz Gatzaga)
- Arrikrutz-Oñatiko kobak (Oñati)
- Errastikua jatetxea (Arrasate)
2020rako helburuak
2020rako Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoari ere egin zion erreferentzia. Euskadi helburu turistiko lehiakorragoa bihurtzeko lan egin behar dela esan zuen, herrialdearen jarduera ekonomikoan garrantzia gehiago izan dezan: "Turismoa alderdi estrategikoa da euskal ekonomian. Sektore dinamikoa da oso, 2000 urtetik hona hazi besterik ez dena egin, BPGren % 5,6 izatera igaro arte. Baina Turismoak Euskadiren jarduera ekonomikoa sorrarazteari eginiko ekarpena areagotu dezake eta behar du".
Planaren helburuak dira, besteak beste:
- 2020ra iristerako, gaur egun daukagun bisitari kopurua bikoiztea. Gure okupazio mailak oraindik ez dira %50era iristen.
- Helmuga ezberdinak bilatzen dituzten milaka pertsonari erantzutea; Basque Style-a bilatzen dutenei.
- Munduan Basque Country marka indartuz toki onean kokatzea. Une honetan nazioarteko turistak dagoeneko gure bisitarien %40 dira eta, gainera, egonaldietan diru gehiago gastatzen dute.
Planeko egoera-diagnostikoaren arabera, Euskadi ibilbide laburreko helburu turistikoa da oraindik, gero eta garrantzitsuagoa izan arren. Horren harira, Arantza Tapiak azaldu zuen datozen urteetan ikusgarritasun eraginkorragoa lortu beharko duela, eta Turismoaren Munduko Erakundeari egin zion erreferentzia, haren arabera, 2020an munduan zehar ibiliko diren 1.600 milioi pertsonentzat ikusgarri izan behar garela esanez.