Hitzarmena Europako Progress Mikrofinantzaketa Programaren barruan dago. Laboral Kutxak Bilbon duen egoitzan aurkeztu zuten hitzarmena. Sinatzaileek azpimarratu dutenez, Europako Progress Programak "Estatuan emango duen finantzaketa-lerrorik handiena eta Europako bigarrena" emango du.
Hitzarmena aurkezteko ekitaldian honako hauek izan dira: Xabier Egibar, Negozio Garapenaren Areako zuzendaria, finantza-entitatetik; Adolfo Alustiza, Lanbideko zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritzatik –erakunde hori ezinbesteko laguntzailea izan da hitzarmena egiteko–; eta Cristina Dumitrescu, Inbertsio arduraduna, Europako Inbertsio Funtsetik.
EIF ez da kreditu entitatea; hortaz, enpresei ez die ematen ez mailegurik ez finantza-laguntzarik, eta ez du horietan zuzenean inbertitzen. Aitzitik, finantza-bitartekarien bidez jarduten du. Haren jarduera-ildo nagusietako bat finantza-entitateei bermeak ematea da, horiek enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei emandako maileguak estaltzeko. Eta horrelakoxea da Laboral Kutxarekin lortutako akordioaren muina, hain zuzen. Zeregin horiek aurrera eramateko, fondo propioak edo Europako Inbertsio Bankutik (EIB) edo Europar Batasunetik (EB) datozenak erabiltzen ditu.
Helburu sozialak dituen finantzaketa
Hitzarmenak gizarteratzea laguntzeko helburu argia du. Hala, horren maileguen onuradun nagusiak 36 urtetik beherako profesional autonomoak eta 10 lanpostu baino gutxiago eta 2.000.000 eurotik beherako urteko fakturazioa duten enpresa txikiak izango dira. Pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, ohiko banku-finantzaketara jotzeko zailtasunak dituztenak.
Maileguen ezaugarriei dagokienez, mikrofinantzaketaren ohiko estandarrak jarraituz, finkaturiko gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa da, eta itzultzeko epea, 3 eta 60 hilabete bitartekoa. Maileguok bermatzeko ez da inondik ere hipoteka-bermerik eskatuko, eta aurreikusitako helburuen artean, espresuki baztertzen dira higiezinen salmenta eta birfinantzaketak.
Bi erakundeek inbertsio arduratsuko irizpideak onartu dituzte. Hala, gainditu ezinezko marra gorriak ezarri dituzte, adibidez mailegu-eskatzaileen jarduerak armagintzarekin, giza klonazioarekin, tabakoarekin eta ausazko jokoekin zerikusia ez izateko.
Maileguak %5,95eko tasa finkoan eta Gaztenpresa Maileguak izenekoak, ekintzaileentzat, %3tik aurrera emango dira, bietan %1eko irekiera-komisioekin.
Hitzarmenaren arabera, euskal kreditu entitateak 24 milioi euroren mikromaileguak emango ditu, gehienez 24 hilabeteko epean.
Berme-akordiorik handiena
Xabier Egibarren hitzetan, "hitzarmenak berretsi egiten du Laboral Kutxak enpleguarekin duen konpromisoa. Gaur egun, lan-merkatuak ez du aukera askorik eskaintzen. Horregatik, ekintzailetza oso bide egokia da laneratzeko, autogestioan oinarritutako irtenbidea eskaintzen baitu. Kooperatibetan, gure hautua beti izan da arazoei aurre egiteko geure irtenbide propioak garatzea". Eta, honako hau erantsi du: "Europako Inbertsio Funtsarekin dugun lankidetzari esker, gure gizarteko ekintzaile askok beren proiektuak aurrera eramateko behar duten laguntza eman ahal izango dugu".
Ondoren, Alustizak zinez goraipatu du arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, enplegua sortzen duten ekimenak aurrera eramateko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, "oso onuragarria da ahaleginak norabide berean biltzea. Gizarte-eragile guztiek batera enplegua sortzeko irtenbideak bilatzen jardutea nahitaezkoa da, horrela emaitzak biderkatu egiten baitira. Horregatik, garrantzitsua da arlo pribatutik ekimenak sustatzea eta ekimen horiek aurrera eramateko Herri Administrazioaren laguntza izatea. Eusko Jaurlaritza oso aliatu eraginkorra izango da lanpostuak sortzea dakarten proiektu guztietan".
Hitzaldien txanda ixteko, Cristina Dumitrescuk honako hau adierazi du: "Poz-pozik gaude Laboral Kutxarekin Progress Mikrofinantzaketaren esparruan Espainian egindako berme-akordiorik handiena sinatu dugulako. Ziur nago Laboral Kutxak ekintzaileei eskainiko dien mikromaileguen bidez mikroenpresak eta, batez ere, ekintzaile gazteak sortzen lagunduko duela, eta horrela, Espainiako hazkunde ekonomikoa eta gizarteratzea bultzatuko dituela".