Atzerrian praktikak egiteko 370 beka finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Leire Kortabarria 2014ko mar. 26a, 12:57

Atzerrian praktikak egiteko Global Training beken deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak. Jaurlaritzak 3,2 milioi euro bideratuko ditu 370 gazterentzako. Hala, aurreko urteko finantzaketari eutsi dio, Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak hedabideei azaldu dienez. Bekadunek 1.125 euroko laguntza jasoko dute hilero, gastuak finantzatzeko.

Bekak unibertsitateko eta goi mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteentzako dira. Horiek praktikak egin ahal izango dituzte 6 hilabetez atzerriko enpresa eta erakundeetan. Global Training programaren helburua nazioartekotzeari lotutako trebakuntza laguntzea da, kanpoko lehiakortasuna hobetzeko. Hori horrela, gazte horien lan-munduratzea laguntzen da. Hain zuzen ere, Erkorekak zehaztu duenez, iazko parte-hartzaileen %26,8k lan-eskaintzaren bat jaso dute.

Aurten diru-dotazioari eutsi zaio, baina iaz baino 30 beka gutxiago emango dira. Hala ere, baliteke azkenean 370 gazte baino gehiagorendako bekak deitzea, izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ eta Bildu ados ipini ziren programa horri milioi bat euro emateko. Horrez gain, programarekin bat egiten duten erakunde eta enpresek bere aportazioa egin dezakete, hala nahi badute.

Enpresa eta erakundeek egingo dute deialdia

Ikasle bakoitzak 1.125 euroko dotazioa izango du hilero, bidaiaren gastuak, kanpoan bizi izateak (etxebizitza eta mantenua), Gizarte Segurantzari kotizazioa eta, hala badagokio, bisatua ateratzeko eta txertoak ordaintzeko.
Global  Training programari atxikitzen zatzaizkion erakunde publiko eta pribatuek egin beharko dituzte gazteek izena emateko beka deialdi zehatzak. Erakunde horiek egingo dute deialdia, haren berri zabaldu beharko dute eta eurek kudeatu eta begiratuko dute beka hasieratik bukaerara.

Eusko Jaurlaritzak esan duenez, iaz, 50 herrialdetan izan ziren gazte bekadunak, eta 58 erakunde eta enpresak lagundu zioten programari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak