Zer egingo duzue bigarren fase horretan?
Gipuzkoako 56 herritan prozesu parte-hartzailea burutzen ari gara herri arteko autobus zerbitzuaren gainekoa. Lehen fasea 2013ko urria-azaroan herritarrengandik ekarpenak jaso genituen: Gipuzkoan 3.000 eta Debagoienean 1.700 ekarpen. Horietatik abiatuta proposamen teknikoa edo aurreproiektua landu dugu. Eta bigarren fasea da aurreproiektu hori Udalekin bai herritarrekin aztertzeko; erakusteko ze ekarpen jaso diren; jaso ez direnak zergatik ez diren jaso azaltzeko; eta aukera ikusten bada beste ekarpenen bat egiteko edo aurreproiektua hobetzeko, ba ekarpen horiek ere jasotzeko. Gogoratu fase honetako parte-hartze prozesua burutzen denean, behin betiko proiektua idatziko dugula eta uztaila aldera-edo lizitazioan jarriko dugu, 2015 hasieran martxan jartzeko zerbitzu berria.
Iragarri dituzue, baina, berritasun batzuk Debagoienerako…
Bai. Autobus zirkularra bi noranzkotan, adibidez: Arrasate-Bergara-Antzuola-Zumarraga-Legazpi-Oñati-Elorregi-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza. Batzuk Leintz Gatzagara ere iritsiko dira; gaur egun baino zerbitzu gehiago iritsiko dira, beraz. Bilborekin lotura ere sortzen da, egunean sei bat zerbitzu norabide bakoitzean. Saiakera berezia egingo da ospitale-guneekin maiztasunak eta zerbitzuak hobetzeko, Arrasateko ospitale-gunearekin eta Txagorritxurekin, hain justu. Eta eskualde arteko lotura hobetu egingo da, autobus zirkularrarekin, Urola Garai aldera.
Hau guztiau hala jaso bada, gauzagarri ikusten delako izango dela pentsatzen dut, batez ere, inbertsioei dagokienez…
Bai. Aurreproiektuan sartu badugu da hori burutzeko konbentzimendu guztia dugulako. Behin betiko proiektura begira ikusi beharko dugu ze ekarpen egiten diren, baina printzipioz ez dugu aurreikusten ez denik esandako hau burutuko.
Uztailean, beraz, behin betiko proiektua bukatu eta hori ere aurkeztuko duzue jendaurrean?
Bai. Uztailean proiektu definitiboa lizitazioan jarriko da eta aurreikusten dena da uda ostean, urria aldera eskualdeko batzarrak egitea (ez herriz herrikoak) proiektu definitiboa zertan geratu den eta 2015 hasieran ze zerbitzu mota martxan jarriko den azaltzeko.
Besterik gura baduzu esan…
Animatuko nuke jendea parte hartzera. Lehen fasean parte hartu dutenen ekarpenen zati handi bat onartu dira, eta horrek duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke: herritarrek egunero erabili behar duten garraio zerbitzu hori eraginkorra izan dadin eta herritarren beharretara egokitutakoa izan dadin.
Herriz herriko batzarrak
- Oñati: martxoaren 24an, 18:30ean, osoko bilkuren aretoan.
- Bergara: martxoaren 25ean, 18:30ean, Irizar Jauregian.
- Elgeta: martxoaren 26an, 18:30ean, osoko bilkuren aretoan.
- Arrasate: martxoaren 27an, 18:30ean, Kulturaten.
- Leintz Gatzaga: martxoaren 28an, 18:30ean, osoko bilkuren aretoan.
- Aretxabaleta: martxoaren 31n, 18:30ean, Arkupen.
- Eskoriatza: apirilaren 1ean, 18:30ean, kultura etxean.
- Antzuola: apirilaren 2an, 18:30ean, Olaranen.