Bertigorik gabe dator aurtengo Huhezinema [egitaraua, sariak...]

Irati Goitia 2014ko mar. 25a, 10:16
Neska bertigoa gainditu nahian, Arrasateko Txindoki dorrean.
Berrikuntza ugarirekin eta bertigorik gabe dator aurtengo Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia. Izan ere, 'Gainditu bertigoa!' da zazpigarren edizio honetarako aukeratutako leloa. Bihar hasiko da jaialdia eta hilaren 28an egingo dute sari-banaketa. Ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupen egingo dira.

Jaialdia antolatzen Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikasleak aritzen dira. Zehazki, ikus-entzunezko laugarren mailako ikasleak. "Lan asko eskatzen du eta denon arteko koordinazioa", adierazi du antolakuntzan diharduen Maider Juaristi ikasleak. Guztira 11 dabiltza, hiru taldetan banatuta: komunikazioa, finantzazioa eta programazioa. "Komunikazioaz arduratu garen ikasleok, adibidez, sare sozialak eguneratu ditugu; aurtengo irudia, kartela eta spota egin... Finantzaziokoek diru laguntzak edo babesleak aurkitu dituzte. Programaziokoek, berriz, jasotako film laburrak ikusi, epaimahaia aukeratu eta programa osatu", zehaztu du Juaristik.

Ikasleek antolakuntzan aritzeaz gain, euren lanak ere aurkezten dituzte jaialdira. Izan ere, bi sail bereizten dira: ikasleen lehiaketa eta sail ofiziala. Egitaraua:

Martxoak 26:

  • 10:00-11:15: MUko Ikasleen Lehiaketa.
  • 11:30- 12:45: MUko Ikasleen Lehiaketa.
  • 17:00- 19:00: BCC Lehiaketa eta Mugaritz BSO filmaren emanaldia.

Martxoak 27:

  • 19:00- 21:00: Neurge IKO-ko ikasleen luzemetraia.

Martxoak 28:

  • 17:00- 18:30: Lehiaketa Ofiziala.
  • 18:45- 20:15: Lehiaketa Oflziala.
  • 20:30-21:00: Sari-banaketa.
  • 21:00-22:00: Luntxa (Orly Tabernan).
  • 22:00: Behi Bi Blues taldearen kontzertua (Orly Tabernan).

MUko Ikasleen Lehiaketako zein Lehiaketa Ofizialeako proiekzioetan 15 minutuko atsedenaldia izango da tartean. Ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupe Kultura Etxean izango dira. Sarrera doan da.

Berrikuntza ugari

Aurtengo nobedadeen artean, sail ofizialean sari berri bat emango dute: Bertigo Saria. Ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lan onenari emango zaio. "Sail ofizialean jasotzen ditugun lanen artean, dezentek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izaten dute. Horiek produkzio profesional bat egiteko aukera izaten dute, dirua dutelako. Beste batzuek, berriz, ez dute aukera hori izaten. Horregatik sortu dugu Bertigo Saria. Nolabait, ausardia izan dutenak saritzeko", dio Iban Del Campo antolakuntzan diharduen irakasleak. Hain zuzen, hortik dator aurtengo leloa ere.

Beste berrikuntza bat Basque Culinary Saria da, gastronomia eta zinema lotzen ditu lehiaketa honek. "Gastronomia lantzen duten lanak dira, gehienez hiru minutukoak", azaldu du Del Campok. Culinary arratsaldea, Mugaritz BSO filmaren emanaldiaz eta lan honetan zuzendari bezala aritu den Felipe Ugarteren aurkezpenaz osatuko dute.

Jaialdia "egonkortu" egin da

Guztira 134 film labur aurkeztu dira aurtengo ediziora (118 sail ofizialera eta 16 MUko ikasleen lehiaketara). Horietatik 30 euskara hutsean ekoitzi dira. "Jaialdia Euskal Herrian erreferentzia bilakatu da. Beraz, oso pozik gaude. Horrek, baina, gauzak ondo egiteko erantzukizuna ere ematen digu aldi berean", esan du Del Campok.

Sail ofizialeko finalistak aukeratuta daude. Hamahiru laburmetraiak pasa dute galbahea eta horiek proiektatuko dira martxoaren 28an. Jon Garaño, Maialen Beloki eta Anari Alberdi arituko dira epaile lanetan.

Del Campok azpimarratu nahi izan du Huhezinema topagune ere bilakatu dela. "Azken egunean euskal zinegile dezente etortzen dira eta giro polita sortzen da". Aurten, lehenengoz, eguenean beharrean egubakoitzean egingo dute sari-banaketa. Ostean, luntxa eta Behi Bi Blues taldearen kontzertua antolatu dituzte Orly tabernan. "Bailarako jendea erakarri nahi izan dugu".

Goiena saria

Jaialdiko sari nagusia Goiena Saria da, euskarazko lan onenari ematen zaiona. "Lehen ediziotik babestu du Goienak Huhezinema; jaialdia bera, baina, bereziki euskarazko zinema laguntzeko helburuz", adierazi du Goiena Telebistako programazio arduradun Oihane Agirrek.

Ikasleen lehiaketako sariak:

  •  MU Saria Fikzio Onena: 200 €
  •  MU Saria Dokumental Onena: 200 €
  •  Ikusleen Saria: 100 €.
  •  Basque Culinary Saria: 350 €
  •  Ikusleen Saria: 150 €

Sail ofizialeko sariak:

  •  Goiena Saria: 1.200 € (1)
  •  Epaimahaiaren Sari Berezia: 800 € (2)
  •  Bertigo Saria: 600 € (3)
  •  Ikusleen Saria: 400 €.

(1) Euskarazko film onena.

(2) Beste hizkuntza batean eginiko film onena, edo euskaraz egindako bigarren lan onena.

(3) Ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lan onena.

Jaialdiari buruzko informazio gehiago hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak