1. Bi hilabete pasatxo daroazu ETB Hoy-n. Zein nota jarriko zenioke zeure buruari?
Ezin izan dut inoiz neure burua epaitu; egin dezatela ikusleek. Baina lantaldeari hamar jartzen diot; posible balitz, gehiago ere bai.
2. Telebistan hainbeste debaterekin, ez dago iritziak informazioa estaltzeko arriskurik?
Debatearekin gura dena da jendeak iritzia ematea, norbere iritziek eta aurkakoenek isla izatea. Informazioa dena da; debatean, derrigorrez, iritziak sartzen dira.
3. Moderatzaile moduan, zer ez duzu onartzen debate baten?
Oilategia bihurtzea: nik ezin badut diotena jarraitu, nola jarraituko du ikusleak? Lerro gorria errespetu falta pertsonaletan dago; haserretu egiten naute.
4. Aurkezteak, moderatzeak, idazteak, elkarrizketatzeak... Zerk motibatzen zaitu gehiago?
Elkarrizketa genero zirraragarria da, bestearengandik informazioa lortzeko erronka jartzen dizu: zuzenekoan, elkarrizketatuarekin aurrez aurre, kazetari moduan dituzun ezaugarriak erakusten ditu. Edozeini galdetuko nioke edozer.
5. Kamerak ala mikrofonoak, zeintzuk dira konpainia hobea?
Ezin diot horri erantzun; aita edo ama, gehiago nor maite duzun galdetzea bezala da. Deigarriena da ni prentsarako nindoala, gustatzen zitzaidana idaztea zen.
6. Iñaki Gabilondorekin orpoz orpo lan egiteak asko eragiten du?
Bai: irakasle asko izan ditut, baina bera nire maisu handia da. Egunero erabiltzen ditudan gauzak irakatsi dizkit, tartean, ez autozentsuratzea; hori da, egun, kazetaritzaren gaitz handienetakoa.
7. Zertan nabaritu duzu hedabide publiko batera pasatu zarela?
Ezertan ere ez. Gura izan dudan kazetaritza egin dut beti, eta badakit pribilegio bat dela. Hedabideetatik joan izan naiz ez nuelako bat egiten egin nahi zutenarekin.
8. Kazetariek krisiaz hitz egiten dute, baina nahikoa hitz egiten da kazetaritzan dagoen krisiaz?
Ez, eta ez dut uste gure eskubideekiko nahikoa zorrotzak garenik. Kazetariak soldata duina jaso behar du, bere lanak dakarrelako erabiltzailea, duen informazioarekin, askoz libreagoa izatea.
9. Zerk erakarri zintuen mundu arabiarretik?
Nazioarteko informazioa beti gustatu zaidanez, mundu arabiarrean espezializatu eta hizkuntza ere ikasi nuen. Horrek hango jendearen ateak zabaldu zizkidan. Historiak, milaka urtetako gatazken oinarri konplexuek txunditu ninduten.
10. Noiz egon zara, azken aldiz, 24 orduz guztiz deskonektatuta?
Ez dut oroitzen. Ez nator bat kazetaritza 24 orduko lana dela diotenekin, baina kazetariaren jakin-mina beti dago erne.
----------
Makila magikoa baneuka: "Egunak 48 ordu izatea probatuko nuke, baina susmoa dut ez litzatekeela 24koa bezain zirraragarria izango"