Han izango direla baieztatu duten enpresen artean, Debagoieneko ordezkaritza polita dago: hain zuzen, 11 enpresak eman dute izena. Hauek dira: Danobat S. Coop (Bergara), DanobatGroup S. Coop (Bergara), Fagor Arrasate (Arrasate), Fagor Automation (Arrasate), Soraluce S. Coop. (Bergara), Num CNC Highland Applications, SA (Oñati), Oerlikon Balzers (Antzuola), Sisteco SL (Elgeta), Sitalu 2001 SL (Bergara), Talleres Filber SL (Bergara) eta Tecnología y Sistemas para EDM (Tecnosystem) (Bergara).
Iazko hazkundeari eutsi
Antolatzaileen esanetan, oraindik azoka egiteko hilabeteak falta badira ere, "partaidetza, aurreko edizioko aldi berari dagokionez, % 12 inguru handitu da". Horretan zerikusi handia izan du, adierazle handi gehienen arabera, krisi teknikoa bukatu izanak: "Merkatua norabide onetik doan eta oneratzea forma hartzen dabilen neurrian, kontratazioa ere garatzen dabil eta aurreikuspenak onak dira".
Aztarnak oso onak dira. BEC-eko Marketin zuzendari Mario Goffard-en esanetan, euskal makina-erremintak iazko erritmoan jarraituko du hazten. Iaz, 1.400 milioiko ekoizpena egin zen Espainian eta Euskal Herrian, 2012an baino %5 gehiago.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako makina-erremintaren renove plana arrakasta hutsa izaten dabil, eta laguntza horiek ere biurtekoarendako bultzada izan dira.