Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen esparruko jarduerak eta proiektuak lagundu nahi ditu Euskarako zuzendaritzak. Laguntza hauen bidez, euskararen erabilera sozialaren eragile estrategikoak indartu nahi ditu. Horrez gain, Aldundiaren asmoa da tokiko euskarazko hedabideei laguntzea, diru laguntzen %41,3 aldizkari, telebista eta irratientzako izango baita. Udalek baliabide gehiago izango dituzte (diru laguntzen %23,3).
Diru laguntzen jasotzaile izaten diren eragile eta udalen artean partaidetza prozesu bat egin du Aldundiak, galdeketa baten bitartez, diru laguntzen ezaugarri nagusien gainean: laguntza esparruak eta xedeak, zenbatekoak, baldintzak, baztertzeak, balioespen irizpideak, etab. Erantzun ona izan du, bereziki udalen artean. Kontsulta prozesu horren ondorioz, diru laguntzen elementu asko aldatu eta doitu ditu Aldundiak, batik bat udalentzako diru laguntzetan. Udal txikietan (4.000 biztanlez behera) euskararen erabilera sustatzeko egiten diren udal programak babestuko dira bereziki.
Gainera, diru laguntza berri bat zabaldu da aurten, Gipuzkoako euskaraz emititzen duten irratientzat. Diru zenbatekoa handia ez den arren, hedabideen esparru horri arreta jarri nahi dio Aldundiak diru laguntzaren bitartez.
Diru laguntzen bilakaera
Euskarako Zuzendaritzaren diru laguntzen azken lau urteotako bilakaera aztertuz gero, gorabeherak gorabehera, Aldundiak erakutsitako konpromisoari eutsi dio. Krisi garaian, %18 igo zituen euskararen aldeko diru laguntzak 2012an.