Euskadiko datu orokorrak eman ditu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako sailak. Hala, 87 etendura-espediente izan dira Euskadin (langileak behin betirako kaleratzen dira); 63, jardunaldia murriztekoak; eta 10, iraungitze-espedienteak (langileak aldi jakin baterako kaleratzen ditu enpresak, eta langileari jakinarazi behar zaio zenbat iraungo duen kaleratzeak).
Otsailean izapidetutako 160 espedienteetatik, 106 aurreko baten jarraipena izan dira, eta 877 langileri eragin diete (%60). Erregulazio-espedienteek 1.452 langileri eragin diete 2014ko otsailean; aurreko hilean baino % 55 gutxiagori, eta 2013ko otsailean baino % 63 gutxiagori.
Industrian, ERE gutxiago
Iraungitze-espedienteek 158 langileri eragin diete, urtarrilean baino ia %14 gehiagori eta 2013ko otsailean baino %14 gutxiagori.
Sektoreka, nekazaritza eta eraikuntza arloetan, erregulazio-espedienteen ehunekoak berdin jarraitzen du; industrian, berriz, jaitsi egin da eta, zerbitzuetan, zertxobait igo.
Akordioen ehunekoa handia da oraindik, %90 ingurukoa 2014ko otsailean.
Hauexek dira gehien kaltetutako eskualdeak: Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea.
Egun, 16.289 langileri eragiten dieten 1.277 espediente daude indarrean; espediente horietatik 877 (%69) aurreko beste baten jarraipena dira.
Azken hilabeteotan, ERE gehien dituen Gipuzkoako hirugarren eskualdea da Debagoiena, baina portzentajea zertxobait murriztu da otsailean: Gipuzkoako EREen %7 daude Debagoienean, eta 2013ko zati handienean eta urtarrilean, %8 zeuden.
Aurten formalizatu diren EREen artean, Fagor Etxetresnena, otsailean, eta Oñatiko Cegasa taldearena nabarmentzen dira. Cegasaren EREa jarduera murriztekoa da eta martxoan aurkeztu da; beraz, ez da oraingo datuetan agertzen.