Nola ezagutu zenuen Lanbide Heziketa?
DBHko titulua ateratzean ezagutu nuen. Erizaintzak betidanik erakarri izan nau, eta, titulua eskuratu ostean, praktikei esker, lana lortu nuen. Oposizioak ere egin nituen, baina langabezian geratu eta ikasten jarraitzea erabaki dut.
Zure inguruan ongi hartu zuten Lanbide Heziketa ikasteko erabakia?
Gazte hasi nintzen lanean, eta beti nahi izan dut ikasteko gogoa. Lagunen batek erotuta ote nengoen galdetu zidan, baina, oro har, ikastera animatu ninduten. Gustura nabil, eta, Erizain Laguntzaile zikloaren ondoren, Erizaintza ikastea da nire helburua.
Erdi mailako zikloaren eta goi mailako zikloaren arteko ezberdintasunik badago? Zer aldatuko zenuke?
Ez dago alde handirik, antzekoak dira biak, baina goi maila teorikoagoa da. Nire kasuan, informatika eskolak falta zaizkit eta derrigorrezko asistentziak asko mugatzen nau. Bi seme-alaba ditut, eta, ezbeharren bat gertatuz gero, ez da erraza izaten. Ulertzen dut gazteekiko horrelako neurriak hartzea, baina niretzat oztopo bat besterik ez da.
Zein izan dira Lanbide Heziketaren onurak eta alde txarrak?
Aspektu positiboak baino ez zaizkit bururatzen. Ikasleen eta enpresen arteko harremanari esker, lan mundua gertuago dugu; horrek praktiketako exijentzia maila ere jasotzen du. Praktiketan Mendaroko Ospitalean egindako lanari esker lortu nuen lana. Gizarte Integrazioan kasu praktikoen falta sumatzen dut, baina sormenari esker egiten ditugu ariketa asko, eta horrela ere asko ikasten da.
Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Unibertsitaterako sarbide-proba prestatu eta erizaina izatea da nire helburua. Hurrengo bi urteetan gizarte integratzaile izateko ikasiko dut, arlo honetan ere gaixoei laguntzeko. Epe laburrean, baina, unibertsitatera saltoa eman nahi dut. Nire ametsa, bai profesionalki baita pertsonalki ere, erizaina izatea da.