Imanol Ormazabal: "Krisiaren ondorioz, lehen normaltzat genituen gauza asko dagoeneko ez dira finantzatzen"

Leire Kortabarria 2014ko mar. 19a, 12:00

Imanol Ormazabal donostiarra.
EHUn Enpresa ikasketak egin eta gero, gradu-amaierako lana egiteko, 'Gipuzkoako udalak krisialdian' gaia aukeratu zuen Imanol Ormazabal 23 urteko donostiarrak. Eta, hain gaztea izan arren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean argitaratzeko moduko lan mardul eta osoa egin du.

Zergatik aukeratu zenuen Gipuzkoako udalen egoera krisialdian gradu-bukaerako lanaren gai gisa?

Ikasketen azken urtean, Kontabilitate Publikoa delako ikasgaia izan nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Irakaslearekin harremanetan, hurrengo urtean proiektua egin beharko nuela eta hori gustuko gaia izango litzatekeela planteatu genuen.

Zenbat lan eta denbora eskaini diozu proiektu horri?

Ofizialki, urtarrilean hasi nintzen lan horrekin; txostena ekainean aurkeztu nuen eta lana bera, uztailean; baina, ikasgaiaren oinarria hartuta, gutxi gorabehera, urtebeteko lana izan da. 

Zelan konpondu zara informazioa lortzeko?

Gipuzkoan oso erraz daukagu, Udalgida wbegunean udal guztien aurrekontuak eta adierazleak publikatzen direlako. Lanaren helburuetako bat informazio publikoarekin noraino irits zitekeen jakitea zen. Zenbait informazio eskatu beharra izan nuen; baina, oro har, zortea izan dut, webgunea antolatzen dutenekin harremanetan jarri nintzelako eta argitaratutako zerbait eskura izaten, gaizki zegoen loturaren baten arazoa zuzentzen… lagundu zidatelako. Baina publikatuta zegoen informazioa zen.

Erakundeen aldetik ere erraztasunak izan zenituen?

Zenbait gauzatan, bai. Nik arlo ekonomia aztertu dut. Gero, arlo funtzionala dago: udal bakoitzak, adibidez, hondakinak ateratzen zenbat gastatzen duen jakitea, informazio hori ateratzea eta garaiz lortzea lana da, eta alde hori ez dago hain garatuta.

Zure lanaren ondorioak labur azalduko dizkiguzu?

Alde batetik, Gipuzkoako udalen egitura xelebrea edo nahiko berezia da: Gipuzkoako Diputazioak eskumen asko ditu; kontzertu ekonomikoarekin-eta, Eusko Jaurlaritzak badu bere garrantzia; eta Espainiaren eta Europaren bitartez gauza asko egiten dira. Hortaz, gai zehatz batzuetan bost erakunde konpetente daude, eta batak bestearena errespetatu behar du. Nahiko bitxia da egunerokotasunean hori kudeatzen jakitea. 

Beste arlo baten, krisialdia bera dago. Hor, Udal Finantzaketa Foru Fondoan zentratu naiz, udalendako oso garrantzitsua delako eta egitura konplexu horretan sortzen den zerbait delako. 

Ondorioetan diozu zuk aztertutako 12 udalak ez zirela "bere ohiko jarduerari aurre egiteko gai". Benetan hain txarra izan da egoera?

2009an, UFFFren diru-sarrerak murriztu egin ziren, eta urte bukaera aldera udalei jakinarazi zieten UFFFren bidez eurei aurreratutakoaren %15 edo %20 itzuli egin behar zutela; eta hori, denek aurrekontua eginda zutenean. Urte hartan izan zituzten sarrerekin, ohiko jarduera aurrera eramateko ez ziren gai izan. Egoera hori errepikatu izango balitz, oso larria izango zitekeen. Udal asko ez ziren gastuei aurre egiteko gai izan.

Ze alderdi murriztu dituzte udalek, krisiarengatik?

Orokorrean, inbertsioak. Debagoienean, Aretxabaletan, ez da hori pasatu, seguru asko planifikatuta zeuzkatelako inbertsio batzuk. Pentsatzen dut horrek zorpetze handia sortuko ziela eta orain zorpetze hori murrizten zentratu direla gehiago. 

Gipuzkoako udalek ze zorpetze maila dute? 

Norekin konparatzen ditugun... baina ez dut uste gaizki daudenik. Lege aldaketa bat egon zen, Europatik hiru helburu markatu zitzaizkien, eta bat zorpetze maila zen, diru-sarrerekin lotuta. 2013an, %95ean kokatu behar zenuen eta 2020rako, %75ean. Egun, Gipuzkoako batez bestekoak bete egiten du hori; %56ko zorpetze maila dute. Aretxabaletaren kasuan, 2011n hori ez zuen betetzen, baina helburua 2013rako zen. Orokorrean, aztertu ditudan udaletatik, Elgeta eta Aretxabaleta pixka bat zorpetuagoak daude, baina Foru Aldundiak arreikuspen bat egin zuen eta, bospasei udalek izan ezik, helburuak betetzeko arazorik ez dutela izango ondorioztatu zuen.

Zein izan da krisialdiko momentu txarrena udalentzat? 

2009a eta 2011. 2009an, UFFFk nabarmen egin zuen behera. Lehendik UFFFri dirua itzuli beharra egon izan zen, eta urteka itzuli behar izatea erabaki zen; urtero kopuru bat, 2014ra arte. 2011n, berriz, beherakada izan zenean, diru hori urte berean bueltatu behar izan zuten, eta ez da gauza bera diru bat krisi hasieran itzuli behar izatea edo 2011n, krisiak urte batzuk iraun duenean. Konplexua izan zen.

Krisia ez dago gaindituta, ezta?

Azkenean, hainbeste zerga ordaindu herritarrek, hainbeste diru dute udalek; ez da beste sektore batzuetan bezala. Nik uste dut txarrena pasa dela, beharbada, baina orain berriro buelta eman behar diote egoerari; adibidez, zorpetze handia badute, kendu egin behar dute; erreserbak erabili badituzte, berriro bete behar diutzte; eta hori, jakinda gizarteak eskaera handiagoak egingo dituela, adibidez gizarte zerbitzuetan. Beste egoera bat sortuko da.

Oro har, esango zenuke, krisiaren ondorioz, Gipuzkoako herrietako ongizate maila okertu egin dela?

Hori gehiago lotuko nuke urte tarte batekin. Esango nuke azkenean lehen oso normaltzat jotzen genituen gauza batzuk dagoeneko ez direla ematen, gauza batzuk ez direla gehiago finantzatzen… baina ez da bakarrik udaletan gertatu; adibidez, berrordainketarekin: bere arrazoia ere izango du neurri horrek, baina arrotza egiten zaigu farmaziara joan eta horrela ordaindu behar izatea. Aldaketa horiek bai igartzen ari garela, eta gero eta gehiago. 

Krisiaren ze alderdik egin die kalte handiena Gipuzkoako udalei? Adibidez, eraikuntzaren gainbeherak ze eragin izan du?

Eraikuntzarengatik badago zerga konkretu bat, edo jarduera ekonomikoarengatik; hori murriztean, udalen zergak ere murriztu egin dira; eta garbi dago, datua publikoa delako, kreditua garestiagoa dela gaur egun udalentzat: 2008an, Euriborrarekiko batez besteko diferentziala 0,5 ordaintzen zen, eta 2012an, 4,14. Eta kreditu kopurua herenera edo laurdenera murriztu da. Zailtasun handiagoak badituzte, bai. Baina ze faktore izan den garrantzitsuagoa, hori ez dakit.

Administrazio lokalen lege berriak udal finantzetan izango du eraginik?

Bai. Erreforma horren helburu bat kostu batzuk estandarrak, kalkulatuak izatea da: adibidez, hondakinak kudeatzearen kostua hainbeste izatea. Eta akaso udal batena garestiegia dela esaten badute, planteatzen da zerbitzu hori Diputazioak edo beste erakunderen batek hartzea. Nik uste hori izan daitekeela erreformaren aldaketa handia. Baina ez dakit nola egingo duten, udalen artean gastuak konparatzea oso zaila eta, gauza batzuetan, sinplista izan daitekeela iruditzen zaidalako.

Udalak fusionatzeko aukera ere hizpide izan zen. Gipuzkoan hori egitea errealista litzateke?

Udalak bat egin, ez dakit, baina zerbitzu batzuk konpartitzea ideia ona litzatekeela iruditzen zait, eta, azkenean, erreforma horrek dio bategite edo konpartitze hori bilatuko duela. Badago Gipuzkoan erosketa bateratu zerbitzu bat, eta hori garatzea ona litzateke, nire iritziz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak