Baina nola integratzen dira gure herrietan? Bertakotzen al dira? Laguntzen diegu? Euretako seirekin izan gara, askotariko esperientziak bizi izan dituzten sei lagunekin. Gure kultura, hizkuntza eta herrira egokitzea nolakoa izan den azaldu digute. Zailtasunak zailtasun, lor daitekeen erronka dela erakutsi digute, eta eurengandik ikas dezakegula.
----------
Marta Silva (kolonbiarra): "Etorri nintzenean 'kolonbiarra' nintzen"
Autobus bidaia batean hasitako maitasun istorioak ekarri zuen Marta Silva kolonbiarra Bergarara, duela 19 urte. "Garai hartan, Madrilen nengoen ikasten. Aretxabaletara etorri ohi nintzen autobusez bertan nituen ezagun batzuk bisitatzera. Madrildik Gasteizerako bidaia haietako batean ezagutu nuen nire gizona. Begira orain, 19 urte Bergaran".
Hona bizi izatera etorri zenean, herrian "kolonbiarra" zela dio, orduan ez zelako atzerritar askorik bertan. "Hasieran jendeak pentsatu zuen nire senarrak hona ekarri ninduela, nire egoera zaila zelako nire herrialdean. Izan ere, elkar ezagutu genuenean hura Salvador de Bahiatik zetorren, eta jende guztiak handik ekarri ninduela pentsatu zuen. Gero jakin dute, ordea, ni ordurako Madrilen bizi nintzela".
Hasieran, bertakotzea zertxobait kostatu zitzaiola esan du, euskaldunak ez ei garelako oso irekiak. Gutxika, baina, jendea ezagutzen joan zen. "Integratzeko denbora behar izaten da", zehaztu du. Egun, herrian erabat bertakotuta dagoela dio. "Harriekin ere hitz egiten duen horietakoa naiz. Gizonak esan ohi dit berak baino jende gehiago ezagutzen dudala". Herriko ospakizunetan ere hartzen du parte. Adibidez, hiru urte daramatza Erramu Zapatuko ferian postua jartzen.
Pintzeladak izeneko pintura eskola du Ana Margarita Burgos lagunarekin batera, hura ere kolonbiarra. Oso gustura daude hemen. Silvak dio Kolonbiara gero eta gutxiago joaten dela: "Dagoeneko ez naiz hangoa, ezagun guztiek euren bizimodua egin dute eta ez naiz horren parte sentitzen. Gehiago naiz hemengoa".
----------
Evariste Kone (maliarra): "Kuadrillarekin gauza asko egiten ditut"
Evariste Kone maliarrak bost urte daramatza Euskal Herrian, azken hirurak Oñatin. Ikasketak egitera etorri zen. "Bilboko salestarrek Bamakon duten eskolan ikasi nuen eta nire osabak harreman handia zuen hemengo jendearekin; izan ere, Caritaseko zuzendaria da nire herrialdean –Oñatiko parrokoa ere ezagutzen zuen–. Beraz, harreman horien bitartez etorri nintzen hona ikastera".
Elgoibarko Makina Erremintan ezagutu zuen Aitor Arnaiz oñatiarra. Haren lagun egin, eta orain, bere kuadrillan erabat barneratuta dago."Eurekin gauza asko egiten ditut: auto lasterketetara joan, jaietan mozorrotu, mendi ibilaldiak, afariak elkartean, upeltegira...". Beraz, integraziorako ez duela arazorik izan dio. Hala ere, gaineratu du hainbat etorkinek hitz ez oso goxoak entzun behar izaten dituztela; adibidez: "Hona jendeari lana kentzera etortzen zarete". Hari, baina, inork ez dio horrelakorik esan.
Euskararen inguruan galdetuta, oraindik ez duela ikasi erantzun du. "Nire lagunak, baina, beti dabiltza euskaraz eta kuadrillako Whatsappean ere hala egiten dute. Ahalegintzen naiz gauzak ulertzen...".
Aurten amaituko ditu ikasketak. Haren asmoa, lana aurkituz gero, hemen gelditzea da.
----------
Ghazala Yasmin (pakistandarra): "Hiri handietan ez bezala, gertutasuna sumatu dugu hemen"
Ghazala Yasmin pakistandarrak sei hilabete besterik ez darama Eskoriatzan, baina dagoeneko hasia da euskara ikasten. Auzoko egitasmoan hartzen du parte. "Euskara praktikatzeaz gain, herrian antolatzen diren ekitaldien inguruko edo bailarako informazioa izateko aukera ona da", dio. Udaletik ere jarrera baikorra jaso duela zehaztu du: "Gu herritarrekin erlazionatzea nahi dute. Adibidez, kultura etxearen berri eman ziguten, bertan jende asko mugitzen da". Yasmin eta bere familia Euskal Herrira etorri aurretik, zortzi urtez bizi izan dira Espainian; adibidez, Madrilen. Hiri handi batean ez dela Eskoriatzako gertutasunik sentitzen dio. Hala ere, Eskoriatzan etorkinak ikustera ohituta ez daudela ere badio.
Lan bila etorri dira hona: "Nire gizona eta biok lan gabe geunden. Arrasaten lagunak ditugu eta haiek esan ziguten hemen lana aurkitzeko aukera gehiago izango genituela".
----------
Giuseppe Giletto (italiarra): "Beti izango naiz kanpotarra"
27 urteren ostean, oraindik kanpotarra izaten jarraitzen duela dio Aretxabaletan bizi den Giuseppe Giletto italiarrak. "Bizitza osoan izango naiz kanpotarra. Nik askotan esan ohi diet gazteei eurek baino urte gehiago daramatzadala hemen, baina, hala ere, italiarra izaten jarraitzen dut".
Aretxabaletara etorri zenean herritarrek ondo hartu zutela esan du: "Etorri nintzenean grazia pixka bat ere egiten niela uste dut; izan ere, herrian zegoen italiar bakarra nintzen". Gaineratu du bere emaztea aretxabaletarra dela eta horrek asko lagundu ziola. Bestalde, zehaztu du berarentzat ez zela aldaketa handia izan: "Hemengo pentsaera eta bizimodua Italiakoaren antzerakoa da. Beraz, ez zitzaidan horren zaila egin". Horrenbestez, hasiera-hasieratik Aretxabaletan oso gustura sentitu dela dio. "Ni hiri batean bizitzera ohitua nengoen (Turin), baina hemen bizi kalitate handiagoa dagoela deritzot, lasaiagoa da, eta nahi nuen guztia nuen". Zailena hizkuntzarena egin zitzaiola esan du, ez zekielako euskaraz, ezta gazteleraz ere.
Egun, erabat integratuta dago herrian. UDAko bazkide ere bada. Gilettok, baina, ez ditu bere erroak ahaztu. Italiar "tipikoa" dela dio, oso etxekoa. Hain zuzen, bizimoduari aurre egiteko bere erraietara jo eta pizzeria bat ireki berri du Arrasaten.
----------
Sheila Fritz (estatubatuarra): "Batua ikasi eta kalera irtetean..."
Gogoz barre eginda erantzun du Sheila Fritz amerikarrak Oñatin zenbat denbora daraman galdetuta. Lehen aldiz orain dela 39 urte etorri zen hona. "Idahoko eta eta Kaliforniako unibertsitateetatik etorri ginen euskara eta gaztelera ikastera. Urtebete egin genuen hemen. Ondoren, bi urte geroago, udan oporrak pasatzera etorri nintzen. Eteon justu ingeleseko irakasle bat behar zuten eta erabaki nuen beste urtebete gelditzea hemen eskolak ematen. Gero, baina, nire senarra ezagutu nuen eta...". Azkenean, urtebete egin beharrean, hiru egin zituen Oñatin. Ondoren, berriz itzuli zen Ameriketako Estatu Batuetara ikasketak amaitzera. Bertan ezkondu zen, 1985ean, eta ondoren Oñatira etorri ziren. Bada, ordutik hona bertan bizi da Fritz.
Herrian bertakotzea ez zitzaiola zaila egin esan du: "Hona ikastera etorri aurretik ezagutzen genuen bertako jendea. Horrenbestez, erreferentzia batzuk bagenituen. Gainera, asko ibiltzen ginen kalean eta jende asko ezagutu genuen". Hizkuntzarena zailagoa izan zela dio: "Gazteleraz pixka bat ikasita etorri nintzen, baina euskararekin hutsetik hasi behar izan nuen. Gainera, eskolak batuan hartzen genituen eta kalera irteten ginenean praktikatzera ez genuen ezer ulertzen". Hala ere, hizkuntza baino, eguraldia egin zitzaion gogorragoa Fritzi: "Idaho oso lehorra da; hemen, berriz... Gogoan dut etorri nintzen lehen aldian, lehen hiru hilabeteetan egunero-egunero egin zuela euria".
Bestalde, arraza, kolore edo ideologia ere izan ohi dira bazterketarako arrazoi. Fritzek kontatu digu lehen urteetan "Yankees go home!" eta horrelakoak entzun behar izan zituztela. "Gure Gobernua ez zegoen ondo ikusia. Hala ere, iraganeko kontuak direla esango nuke".
Herrian oso integratuta dagoela dio eta gustuko du ekintza edo ekitaldietan parte hartzea; esate baterako, bakearen alde egiten diren ekimenetan eta Aloña Mendik antolatzen dituen mendi irteeretan. Hala ere, urtero joan ohi da Ameriketako Estatu Batuetara familiakoak eta lagunak bisitatzera.
----------
Qingyu Jiang Pan (txinatarra): "Txina baino, Bergara dut nahiago"
Qingyu Jiang Pan 12 urteko gazte txinatarrari elkarrizketa euskaraz edo gazteleraz egin nahi duen galdetuta, ez du zalantzarik izan: euskaraz. Ia zazpi urte daramatza Bergaran, eta ederki egiten du euskaraz. "Hasieran zaila egin zitzaidan hizkuntza ikastea. Izan ere, etorri nintzenean ez nekien ezer. Horregatik, eskolan irakasgai batzuk galtzen nituen euskarazko eskolak jasotzeko".
Bergarar askoren moduan, musika gustuko du Panek. Tronpeta jotzen du eta koruan ere hartzen du parte. Bergarako Musika Eskolak egin dituen bi musikaletan ere hartu du parte: Peter Pan eta Olentzero & Co, hain zuzen ere. "Esperientzia politak izan ziren".
Txina edo Bergara aukeran emanda, zalantza gabe Bergara hautatu du.
----------
Bertakotzen eta auzokotzen laguntzen duten egitasmoak
Etorkinak integratzeko egitasmo bat baino gehiago daude gurean. Esaterako, Auzoko. Euskaraz ez dakitenak edo euskaratik gertu bizi ez direnak euskarara gerturatzea da egitasmoaren helburua. Horretaz gain, baita bertakoek eta bertaratutakoek harreman-sarea osatzea. Martxan da egitasmoa Bergaran, Aretxabaletan, Oñatin eta Eskoriatzan. Bestalde, Oñatin Bertakotze Programa ere badute atzerritik etorritako ume eta gazteentzat. Euskaraz irakastea, laguntza akademikoa eskaintzea eta integratzen laguntzea da helburua.
----------
Etorkinen kopurua
Nazionalitate askotako jendea dugu eskualdeko herrietan. Aramaion, esate baterako, 25 nazionalitate daude, Antzuolan 21, Arrasaten 61, Aretxabaletan 33, Elgetan 16... Eta, adibidez, bederatzi errumaniar daude Aramaion, 78 portugaldar Aretxabaletan, 258 pakistandar Arrasaten... Argi dago, horrenbestez, gure bailaran nazionalitate, kultura eta hizkuntzak ugarituaz doazela.