Horrez gain, Bergaran, Oñatin, Arrasaten eta Aretxabaletan egin behar diren Jalgi Hadi Ortura jardunaldietan hizlari izango da datorren astean zehar. Gurera egingo duen bisitaren eta MSTk azken hamarkadetan aurrera eraman dituen ekimenen inguruan hitz egin dugu harekin.
Ze helburu ditu datozen egunotan Debagoienera egin behar duzun bisitak?
Helburu bikoitza izango du bisitak: alde batetik, bailarako kooperatiben esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu, UFFS unibertsitateko lagunekin batera; eta bestetik, Mundukide eta Lanki erakundearekin batera nekazaritza ereduari buruzko hausnarketan parte hartuko dugu. Jalgi Hadi Ortura jardunaldietan, indarrean den nazioarteko nekazaritza produkzio ereduaren inguruan eztabaidatuko dugu.
Nekazaritza eredu kapitalista honek min handia egin die munduko kontinente guztiei, eta guk esperientzia hauek Euskal Herriko eragile eta herritarrekin partekatu nahi ditugu orain. Brasilen, esaterako, latifundioen kontra borroka egitetik teknologia ardatz moduan daukan eredu produktibo baten kontra borroka egitera pasa gara. Guk nahi dugu gizarteak gatazka honetara begira dezala, eta, horretarako, eredu produktiboen inguruko eztabaida zabaldu behar dugu. Elikagaiak ekoizten eta jaten dituztenen arteko harremana aztertu behar dugula uste dut.
Hau ez da Euskal Herrira zatozen lehen aldia, baina...
Ez. Mundukiderekin eta Lankirekin elkarlanean gabiltza aspaldidanik MSTko kideak, eta hau ez da haiekin hemen egiten dugun lehenengo topaketa. Euskal Herriak asko dauka Brasili erakusteko, eta alderantziz gauza bera gertatzen dela uste dut.
Duela hilabete MSTk seigarren kongresu nazionala egin zuen Brasilian. Zer eztabaidatu zenuten bertan?
Nekazaritza Herri Erreformaren alde datozen urteetan egingo dugun lanaren oinarriak finkatu genituen otsaileko kongresuan. Denbora luzez nekazaritza erreforma klasikoaren alde borrokatu zuen MSTk. Lurren zelanbaiteko demokratizazioa lortu genuen arren, kapital handiak baliabide naturalak ustiatzen jarraitu zuen. Horregatik, benetako nekazaritza erreforma bultzatu nahi dugu orain. Nekazari komunitateek beren lurretan bizi izaten segitzeko baldintzak sortu nahi ditugu; lurren banaketaz gain, nekazarientzat osasun eta hezkuntza sistema egokia aldarrikatzen dugu. Hori lortzeko tresna baliagarri bakarra herri borroka izango dela erabaki genuen kongresuan.
Erabaki eta egin. Kongresua amaituta, Brasilgo presidentearen etxera joan zineten manifestazioan, eta han harekin biltzea lortu zenuten. Zer esan zizuen Dilma Rousseff presidenteak?
Kongresuaren aitzakian MSTren 15.000 militante bildu ginen Brasilian. Agendatik kanpo zegoen arren, gure militanteek presidentearekin bildu nahi zuten; eta, horren harira, Gobernuaren erabakiak kritikatzen zituen gutun publikoa igorri genion. Ondoren, manifestazioa egin genuen, eta Rouseffek gurekin biltzea onartu zuen azkenean.
Bileran, MSTren proposamenak azaldu genizkion presidenteari; nekazaritza-guneetan bizi diren familien ingurukoak. Hau da, Nekazaritza Herri Erreformari buruzkoak. Hauez gain, nekazaritza asentamentuen egituratzeari berehala ekiteko eskatu genion. Asentamentu hauek oinarrizko gizarte eta ekoizpen baliabideak behar dituzte, eta, zalantza barik, Gobernuak egiten duena baino askoz gehiago egin dezake euren ongizatearen alde.
Rouseffi mezu argia eman nahi genion honen harira: ez diogu borrokatzeari sekula utziko. Ez, behintzat, gure helburu guztiak betetzea lortzen dugun momentura arte.
MSTk 30 urte egin ditu borrokan. Zeintzuk izan dira bere lorpen garrantzitsuenak?
Beharbada, gure garaipen handiena 30 urte betetzea izan da [Barre]. Denbora honen guztiaren ostean borrokan jarraitzen dugu, eta ez da gutxi. Nekazaritza-guneetako pobreak antolatzea lortu dugu, gainera, eta poliki-poliki etorkizun bat marraztu dugu haiekin batera. 30 urteotako borrokaren ostean, lur asko publiko egin dira berriz Brasilen, eta hori gure eguneroko jardunaren ondorio da, zalantza barik.
Hau esanda, ezin dugu ahaztu aurretik lan asko daukagula oraindik. Asentamentuetatik kanpo bizi den familia ugari dago oraindik, eta haien alde borrokan jarraitu behar du gure erakundeak. Etorkizunean azalduko diren erronka berriei erantzunak emateko gai izan behar du MSTk. Emakumeen parte hartzea sustatu behar dugu, nazioarteko eragileekin elkarlana bultzatu... Ezin gara geldi egon.
Euskal Herrira bueltatuta, esan behar da Jalgi Hadi Ortura jardunaldietan parte hartuko duzula. Zertaz hitz egingo duzu datorren astean egingo den hitzaldi sorta horretan?
Ekofeminismoa eta elikadura burujabetza izango dira jardunaldi horien ardatz nagusiak. Kapitalak guztia eraldatu du, baita elikatzeko orain arte izan dugun eredua ere. Horrek arazo ugari ekarri dizkigu guztioi. Milaka urteetan zehar eraikitako elikadura ohiturak suntsitu ditu, eta, horren ondorioz, baita gizakiok lurrarekin daukagun harremana ere. Pertsonok, herriok, zer eta nola jan nahi dugun erabaki behar dugu etorkizunean.
Egungo elikadura ereduak kultura eta herri askoren suntsipena ekarri du, eta orain, horren aurreko alternatibak eraiki behar ditugu guztion artean. Lan horretan, emakumeak nekazaritza komunitateetan historikoki izan duen garrantzia berreskuratu behar du. Emakumeak elikadura burujabetzaren aldeko aldarriari heldu behar dio eta lurrarekin harreman berriak eraiki behar ditu, gainera. Ideia horien gainean jardungo dugu jardunaldietan.