Autobus zerbitzua zela hobetu herritarren artean adoste prozesuan ari da Aldundia

Eneko Azkarate 2014ko mar. 13a, 14:28

Autobus bat bidaiariak hartzeko zain Zubillagan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua berritzeko proposamena egin du, emakidak iraungita dagoelako. Eta gipuzkoarrekin batera adostu nahi izan du zerbitzu berria. Diputaziotik adierazi dute, 3.000tik gora herritarrek egindako "ekarpenen %75 baino gehiago" onartu dituztela zerbitzua hobetzeko. Orain, berriro, 56 herritara joango dira Diputazioko buruak, herritarrei proposamena zer iruditzen zaien jakiteko

Prozesua aurkezteko, hedabideen aurrean agertu dira gaur Martin Garitano diputatu nagusia, Larraitz Ugarte Mugikortasun diputatua eta hainbat herritako alkate eta zinegotzi.

Foru Aldunbdiak 2013ko urrian martxan jarri zuen zerbitzua berritzeko prozesua eta orain prozesu horretako bigarren parte hartze prozesua hastera doa, "inoiz Gipuzkoan egin den parte hartze prozesu zabalenetakoan".

Proiektua bost fasetan

Gaurko prentsaurrekoan, Larraitz Ugarte Mugikortasun diputatuak prozesuaren faseak azaldu ditu:

  • Lehen fasea, herritarren parte-hartzea (lehen itzulia): 2013ko urritik azarora egin zen. Fase hori herritarrekin, eragileekin eta udalekin datuak kontrastatzeko, diagnostikoa osatzeko eta proposamenak jasotzeko izan zen, eta 3.000 lagunetik gorak egin zuten ekarpena eta balorazioa oso baikorra izan zen. Ekarpenak bileretan, autobus egunetan, webgunearen bidez, etxeetara banatutako inkesten bidez eta abar egin ziren.
  • Bigarren fasea, idazketa teknikoa: Herritarren artean jasotako ekarpen guztiak egoki jaso eta sailkatu ostean, 2013ko abendutik 2014ko otsailera autobus zerbitzua hobetzeko proiektuak idatzi ditu talde teknikoak, hau da, ekarpen horien arabera Aldundiaren proposamenak egin ditu.
  • Hirugarren fasea, herritarren parte-hartzea (bigarren itzulia): Hau da orain abiatuko den fasea eta martxan egongo da 2014ko martxoaren 15etik apirilaren 15era arte. Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei, zein aldaketa izan diren azalduko zaie, baita lehen faseko zein ekarpen onartu diren ere, zeintzuk ez diren onartu, zergatiak eta abar. Baina, horretaz gain, herritarrei, eta baita udalei ere, aukera emango zaie berriro iritzia emateko eta aurreproiektuen inguruan nahi dituzten ekarpenak egiteko.  Lehenengo fasean ekarpena egin zuten guztiei proposamena helaraziko zaie eta ekarpenak egiteko aukera emango zaie. Ondoren, talde teknikoarekin fase honetan jasotako ekarpenak edo alegazioak kontrastatuko dira.
  • Laugarren fasea, prozesuaren amaiera: 2014ko maiatza-abendua. Prozesua baloratuko da; egoki ikusten diren ekarpenak txertatuko dira; behin betiko txostena idatziko da, eta horrekin proiektua osatuko da. Behin proiektua zehaztuta martxan jarriko da esleipen prozesua, eta lehiaketa egin ostean, Aldundia eta autobus enpresak lanean hasiko dira autobus zerbitzu hobetua martxan jartzeko. Aldi berean, 2014ko urrian herritarrei erakutsiko zaie zer nolakoa izango den zerbitzu berria, eta horretarako eskualde mailako bilerak egingo dira eta informazioa zabalduko da.
  • Bosgarren fasea, prozesua martxan jartzea: 2015 urte hasiera aldera martxan jarriko da herri arteko autobus zerbitzua eskualde horietan guztietan, hau da 56 herritan.

Herritarrek iritzia emateko moduak

Prozesuaren 3. fase honetan, parte hartze fase honetan, herritarrei hainbat bide emango zaizkie iritzia eman ahal izateko:

  • Bilerak: Gipuzkoako 56 herritan egingo dira bilerak, eta horietan parte hartzeko aholkularitzak, teknikariak eta ordezkari politikoak izango dira.
  • Webgunea: www.garraioahobetzen.net webgunearen bidez, prozesuari buruzko informazioa jasotzeaz gain, garraio zerbitzu berria ezartzeko proposamenaren inguruko informazioa emango da eta herritarrek inkesta on-line betetzeko aukera izango dute.
  • Sare sozialak: Twitter eta facebook sare sozialetan ere aukera izango da.
  • Diptikoak: 56 herri horietako etxebizitza guztietara bidaliko du proposamenaren inguruko diptikoa, eta informazioa emateaz gain, herritarrek inkesta betetzeko aukera izango dute.
  • Postontziak: Herritarrek betetako inkestak edo egindako proposamenak posta arruntez bidali ahal izango dituzte, baina horrez gain 56 herri horietako udaletxeetan eta Lurraldebuseko autobusetan postontziak jarriko dira, jendeak ekarpenak bertan egin ditzan.
  • Kanpaina: Parte hartzea sustatzeko bestelakoak ere egingo dira, esaterako irrati deiak, spot bat, iragarkiak eta abar.
  • Zozketa: Herritarren parte hartzea sustatzeko eta parte hartzen egindako lana saritzeko zozketa bat egingo da: parte hartzaile guztien artean Mugi/Lurraldebus txartela kargatzeko 20 euroko bonoak zotz egingo ditugu; 100 bono.

Prozesu "erabat berritzailea"

Azalpen horien guztien ostean, Martin Garitano ahaldun nagusiak hitza hartu du herritarrei parte hartzeko deia egiteko. "Autobus zerbitzua hobetzeko Aldundia herritarrekin batera egiten ari den prozesu hau erabat berritzailea da, orain arte sekula ez baitziren aurreproiektuak egiteko herritarren iritziak modu honetan jaso. Horregatik, deia egiten diegu herritarrei parte har dezaten, oraindik ere proposamena hobetzeko aukera dagoelako", adierazi du Garitanok.

Halaber, azpimarratu du prozesu honetan parte hartzea oso garrantzitsua izateaz gain, oso eraginkorra dela eta horretarako lehenengo fasean jasotako ekarpenek aurreproiektuan zein eragin izan duten azaldu du: "Lehenengo fasean jaso ziren ekarpenen %75 baino gehiago onartuak izan dira, eta, beraz, 2015ean ezarriko den autobus zerbitzu berrian nabarituko dira. Horrek argi uzten du parte hartzeari Aldundi honek garrantzi handia ematen diola eta baita herritarren iritzia kontuan hartzen duela".

Lehenengo fasean onartutako eskaerak laburbildu ditu eskualdeka:

  • Debagoiena: Ordutegiak zabaldu eta langile eta ikasleen beharretara egokitzeko saioa egin da; bi linea zirkular sortu dira eskualdea lotzeko eta Urola Garaiarekin lotura bermatzeko; Bergara eta Arrasate arteko lotura areagotu da; kostaldearekin, batez ere udan, konexioak ezarri dira…
  • Goierri-Urola Garaia: Eskualde honetan autobus zerbitzua goitik behera aldatuko da, herritarren eskaerei erantzuteko. Goierriri dagokionez, herritarren eskaera nagusia izan da eskualdeko herri nagusiak lotzeko zerbitzu gehiago jartzea eta herri txikietatik zerbitzu gehiago ezartzea eskualdeko herri handietara. Lehenengo eskaerari dagokionez, helburua lortu da hainbat linea konbinatuz, Lazkao, Ordizia eta Beasain artean maiztasuna 15-20 minutukoa izango baita. Herri txikiak nagusiekin lotzeko zerbitzua ere areagotuko da. Horrez gain, autobusak Renferen zerbitzuarekin lotzeko ere eskatu dute herritarrek eta horretarako saioa egin da hainbat lineatan, esaterako Zegama-Zaldibia; Ataun-Legorreta, Gabiria-Ormaiztegi…Urola Garaian eskaera nagusietako bat izan da ospitalerako zerbitzuak goizean goizago hastea eta iluntzean beranduagora arte izatea, eta hori ere gauzatuko da.
  • Debabarrena: Eskualde honetako eskaera nagusiei ere erantzun zaie: Mendaroko ospitalera zerbitzu gehiago jartzea; linea nagusien ordutegia apur bat zabaltzea, batez ere iluntze partean; beste eskualde batzuetarako loturak areagotzea, batez ere, Debagoienera eta Urola Kostara; Bilborako lotura autopistatik…
  • Urola Kosta: Eskualde honetako eskaera nagusiei ere erantzun zaie: Donostiako eta Zumarragako ospitalera zerbitzu egokiagoa jartzea; garraio aldaketak ahalbidetzeko ordutegiak egokitzea, bai beste autobus batzuk hartzeko bai EuskoTrenen tren zerbitzua erabiltzeko; herri txikienen loturak bermatzea, eta beste eskualde batzuetarako loturak areagotzea, batez ere, Urola Garaira eta Debabarrenera.

Zerbitzuari buruzko informazioa

Aldi berean azaldu du hainbat eskari onartuak izan arren, ez direla aurreproiektuan azalduko, aurreproiektuaren eremua gainditzen dutelako. Esaterako, autobus zerbitzuari buruzko informazioa hobetzea izan da eskaera nagusietako bat, eta horretarako Aldundia jada lanean ari da webgune berria egiteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko, ordutegiak linea guztietan modu ulergarrian eta bateratuan emateko eta abar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak