Hamaikagarren aldian, ordu eta laurdeneko emanaldietan eskainiko dira zazpi filmak. Guztira 30 emanaldi egingo dira, gehienak Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako herrietan martxoaren 14a eta apirilaren 12a bitartean.
Laburbiraren bidez Euskaltzaleen Topaguneak ezagutarazi nahi du euskal sortzaileek egiten duten ikus-entzunezkoen ekoizpena Euskal Herrian bertan eta horretarako herrietako aretoetara gerturatzen ditu, bestela ikusteko zail izaten diren formatu txikiko lanak emanaldi batean batuta. Izan ere, aurtengo zirkuituan eskainitako lanetako batzuk nazioarteko jaialdietan sarituak izan badira ere, ez dira ezagunak Euskal Herrian bertan.
Zazpi film labur: aniztasuna
Emanaldi bakoitzak ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta zazpi film labur eskainiko dira, guztiak ere 2013. urtean ekoitziak. Filmen aukeraketa egiterakoan, aintzat hartu dira lanen kalitatea eta gaien generoen aniztasuna. Horrela, emanaldiak oso sarituak izan diren lanak bildu ditu, euskal elkarte baten babesean sortutako film bat, hainbat jaialdi eta zinemaldietan estreinatutako lanak eta ikus-entzunezkoen Kameratoia rallyan irabazle izandako lan bat, besteak beste. Lan guztiak ikusi ahal izan ziren Durangoko Azokako Irudienea gunean.
Ondorengoak dira proiektatuko diren film laburrak:
- Abuztua (Pello Gutierrez).
- Aio (Asier Sustaeta).
- Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti).
- Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Maria Elorza).
- Marylin (Iñaki Beraetxe).
- Plaza bakarra (Mediaworks 3.0).
- Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre).
Urtero moduan, sortzaileen eta ikusleen arteko harremana lantzeko, filmen zuzendariekin solasaldiak egiteko aukera egongo da hainbat emanalditan.
Emanaldien egutegia Debagoienean
- Aramaio: Martxoaren 28an, 22:30ean, Kultura etxean, Txirritola elkarteak antolatuta.
- Arrasate: Apirilaren 2an, 19:00etan, Kulturaten, AED elkartearen eskutik.
- Aretxabaleta: Apirilaren 8an, 18:30ean, Arkupe kultura etxean, Loramendi elkarteak antolatuta.
Hamaika edizio, hamargarren urteurrena
2004ko martxoaren 3an egin zen film laburren zirkuituaren lehen emanaldia; hamar urte bete berri dira, beraz, data hartatik. Ikus-entzunezkoen arloan guztiz finkatu den zirkuitua da Laburbiraeta bere inguruan beste hainbat ekimen ere sortu ditu Topaguneak: Kameratoia rallya, Irudienea Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunea eta Benito Ansola sariak, hain zuzen.