Nolako harrera izan du?
Oso ona. Ez nuen inola ere espero hain oihartzun handirik edukiko zuenik. Lehen pausoa Facebooken argitaratzea izan zen, eta bat-batean, bisitak igotzen hasi ziren etengabe. Aktoreak herritarrak direnez, herrian ezagutuko zela aurreikusten nuen. Zorionez, ez da horrela izan eta herritik kanpo ere zabaldu da.
Norengana iritsi nahi izan duzu?
Bai euskal hiztunengana baita euskaldun berriengana ere: alde batetik, euskaldun berrien aurrean euskaldun zaharrak sentsibilizatzea; eta bestetik, euskaldun berrien azalean jartzea. Ikuslea identifikatuta sentitzea nahi izan dut, ahalik eta jende gehienak egunerokotasuneko egoera honen inguruan hausnar dezan.
Zer sentitzen duzu zure film laburra Euskal Herrian zabaldu dela jakinda?
Egundoko ilusioa eta motibazioa, batik bat, ezustekoan harrapatu nauen zerbait delako. Euskaltegietako web orrietan argitaratu izan dute nire laburra, eta horrek asko pozten nau, errealitatearen isla delako. Nolabait, zerbait erakusten duela deritzot.
Beste tokiren batean ere aukeztuko al duzu lana?
Apirilaren 25ean, esate baterako, Donostian, Guardetxean, emango dute. Horrez gain, Kike Amonarrizek aurkezten duen Tribuaren berbak saioan agertu zen. Hala ere, ni gehien pozten nauena da euskaltegietan erakusten dutela.