Languneko enpresek Euskadiko hizkuntza-industriako fakturazioaren %19 egin zuten iaz

Leire Kortabarria 2014ko mar. 12a, 17:18

Languneren zuzendaritza; tartean dira Emun-eko Dani Larrea eta Mondragon Linguako Begoña Garcia.
Euskadiko hizkuntza-industriak 277.692.571 euro fakturatu zituen iaz, aurreko ekitaldian baino %0,5 gehiago, eta 5.058 langile ditu, 2013an baino %1,26 gehiago. Langune elkarteko enpresek fakturazio horren %19 inguru egin zuten (51 milioi pasa). Gaur, eguaztena, Langunek egin duen batzar orokorrean emandako datu batzuk dira.

Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Elkarteak (Langune) Donostian egin du batzar orokorra. 40 erakunde batzen dituen aurre-klusterra da Langune. Bere 5.058 langileak Euskadik lanean dituen biztanleen %0,63 dira. Esandako 277.692.571 euro haietatik 51.300.000 baino gehiago Languneko kideek fakturatu zituzten, eta sektoreko enplegu osoaren %24 hartzen dute Euskadin.

Itzulpenean, hizkuntzak erakusten, eleaniztasuna kudeatzen eta hizkuntza-teknologietan lan egiten duten 40 erakunde biltzen dira Langunen: enpresak, zentro teknologikoak, erakundeak eta unibertsitateko ikerketa-taldeak. Euskadiko hizkuntza-industriako establezimenduen %10 dira.

Enpresetako eleaniztasuna eta hizkuntza-teknologiak, erronka

Emaitzez gain, gaurko batzar orokorrean, Languneren 2014-2017 Plan Estrategikoa aurkeztu da, eta erronka nagusitzat dauka hizkuntza-industriak Euskadiko sektore estrategiko bihurtzea. Helburua da hiru erronka handiri erantzutea: enpresetan eleaniztasunaren kudeaketa sustatzea, hizkuntza-teknologiak bultzatzea espezializazioa lortzeko eta Euskadi beste hizkuntza gutxitu batzuentzako eredu izatea.

Plan Estrategikoak 27 proiektu garatuko ditu, eta horietatik, 19k sektoreko enpresen arteko elkarlana eta sektoreko enpresen eta inguruko beste eragile batzuen artekoa aurreikusten dute. Aipatutako epearen proiektuak garatzeko, 4,6 milioi euroko aurrekontua kalkulatu da.

Langunek ezarritako beste helburuetako bat da nazioartean erreferentziazko kluster bihurtzea.

Plan estrategikoak batzen dituen helburu kuantitatiboen artean hauek daude: esportazioen pisua bikoiztea fakturazioan; I+G+b-n %15 inbertitzea; eta Langunek orain sustatzen dituen berrikuntza-ekimen kopurua hirukoiztea. Horrez gain, sektoreko fakturazioaren eta enpleguaren %40 izan nahi ditu Langunek lau urteko epe horretan.

Zuzendaritza Batzordea berritu da

Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritu da, parte-hartzaile berriak baitaude: Vicomtech-IK4 (IK4 aliantzaren izenean), Iametza Interaktiboa eta Elduaien hizkuntza-eskola. Elhuyar fundazioko Josu Waliñok lehendakari izaten jarraitzen du, eta MondragonLinguako Begoña Garciak, lehendakariorde.

Jardunaldia amaitzeko, Antoni Mir Clusterlingua Hizkuntza Industrien Kluster Katalanaren zuzendariak eta Iris Cordoba Madrid Plataforma del Español sarearen zuzendariak hitzaldia egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak