'Jalgi Hadi Ortura': Mundu osoko nekazarien lanaren balioa agerian

Ubane Madera 2014ko mar. 11a, 15:06

'Jalgi Hadi Ortura' izenarekin familia-nekazaritza oinarri duten jardunaldiak aurkeztu dituzte Arrasaten. Martxoaren 17tik 27ra egingo dituzte, Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin. Hamar ekitalditik gora antolatu dituzte Mundukide Fundazioak eta Lanki-HUHEZIk: hitzaldiak, erakusketak, mahai-inguruak eta tailerrak. Hau guztiau antolatu dute 2014a familia-nekazaritzaren nazioarteko urtea delako.

Jardunaldiotan parte hartuko duten adituen artean, Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduko presidente Debora Nunes brasildarra izango dela aipatu dute antolatzaileek; baita gertuagoko hizlari eta adituak ere, Maite Aristegi diputatu eta Etxaldeko kide bergararra, edo Dorleta Martinez Arrasateko hematologoa, adibidez. (Egitarau osoa behean duzue ikusgai).  

Jardunaldion antolatzaileek Debagoieneko herritar eta elkarte guztiak gonbidatu dituzte parte-hartzera, esparru guztien garrantzia aipatuta. Eta Twiter bitartez jarraipena egiteko aukera izango dela ere Haurtzaindegi zerbitzua izango dela ere iragarri dute, beti ere, aldez aurretik abisatuta honako telefono zenbakira: 943 77 17 38.

Labur esanda, Jalgi Hadi Ortura izeneko jardunaldien bitartez gogora ekarri gura dute lurra garela, natura, bizia eta horregatik lurrera gerturatzeko deialdia egin dute, sustraietara gerturatzekoa, alegia.

Bereziki, emakumeen ekarpena

Eta lehen esandako moduan, aurten, 2014a, familia nekazaritzaren nazioarteko urtea da eta Mundukide Fundazioak bere jardunaren estrategia erabat lerrotuta du arlo horretan, besteak beste, Mozambiken, Kuban eta Brasilen familia nekazaritzarekin lotutako proiektuak bultzatzen dihardu. Oro har, elikadura burujabetzaren alde. Bada, horren guztiaren harira antolatu dituzte Jalgi Hadi Ortura izeneko jardunaldiak.

“Kanpainaren bidez nekazariek ekonomiari egiten dioten ekarpena agerrarazi nahi da, eta bereziki nabarmendu nahi dira emakumeen ezagutzak eta jarduerak. Gainera, nekazaritza ekologikoan oinarritutako eredu berri baten sorkuntzan emakumeek subjektu aktibo gisa betetzen duten rola ikusarazi nahi da (…) Halako praktikak funtsezkotzat jotzen dira bizi guztirako, ekonomiarako eta planetaren iraunkortasunerako, eta krisia nekazariengan izaten ari den inpaktua salatzen da; baita eskala handiko nekazaritzak eragiten dituen kalteak ere”, esplikatu dute antolatzaileek.

Egitaraua

Jalgi hadi ortura jardunaldietako diptikoa by Goiena Komunikazio Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak