Imanol Gonzalez: "Makina erabiltzen eta muntatzen, biak ikasi ditugu guk"

Imanol Soriano 2014ko mar. 10a, 15:27
Imanol Gonzalez.
Imanol Gonzalez eibartarrak Ingeniaritza Mekanikoa ikasten dihardu Mondragon Unibertsitatean. Aurretik, baina, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi maila ikasi zuen. Robotika lehiaketa bateko partaide ere izan zen Lanbide Heziketa ikasten zuen bitartean.

Nola ezagutu zenuen Lanbide Heziketa eta zer irakatsi dizu?

Makinen artean ikastea eta esperientzia hartzea izan zen onuragarriena, egiten ikastea. Selektibitatea egin nuen, baina nota ez zen behar bezain ona unibertsitatera saltoa emateko; beraz, Lanbide Heziketara jo nuen. 

Bidea luzeagoa izan da, baina nire helburua gradu mailako ikasketetara heltzea zen.  

Robotek proiektuko partaide ere izan zinen. Zer-nolako esperientzia izan zen hura? 

Aberasgarria. Denbora luzea pasatu genuen guztiok batera eta horrek asko batu gintuen. Ikasi ere asko ikasi genuen; izan ere, ikasle eta irakaslez zegoen osatuta taldea eta AEBetara ere joan ginen proiektua aurkeztera. 

Aurten beste talde bat ere badabil nik egin nuen proiektu berean lanean. 

Zeintzuk dira, zure ustez, unibertsitate eta Lanbide Heziketa ikasketen arteko ezberdintasunak?

Ikerketa aldetik, unibertsitatean gehiago sakontzen da, baina praktikak falta dira. Lanbide Heziketaren ondoren badakizu makina erabiltzen, baina ez makina muntatzen, esate baterako, eta hori da graduan ikasten duguna. Gainera, orain, eguneroko lana egin behar dut haria ez galtzeko.  

Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harremana estua da. Nolatan erabaki zenuen ikasten jarraitzea?

Bizi dugun krisi egoerak eraman nau ikasten jarraitzera. Banuen lana enpresa batean, baina nire prestakuntzan jarraitzea erabaki nuen, etorkizunari begira. Iruditzen zitzaidan ez zela nahikoa goi heziketa tituluarekin. Beharbada, orain lanean egongo nintzateke, baina nork daki lau urte barru non nagoen. 

Badaezpada ikasten jarraituko dut, lan merkatuan aukera zabalagoa izate aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak