Tania Llasera: "Umeek helduek baino hobeto hartzen dute ezetza"

Txomin Madina Milikua 2014ko mar. 13a, 00:00

Tania Llasera.
Milioika ikuslerekin, 'La Voz Kids' da gaur egun telebistako saiorik arrakastatsuenetakoa, eta helduen bertsioan bezala, umeenean ere lan garrantzitsua du bilbotar alai honek

1. La Voz Kids fase berrian sartu da. Zer espero dezakegu aurrerantzean?

Emozio gogorrak, ez da makala izango-eta! Ikusi duzue nola hasi den eta gero datorrena, are gogorragoa da!

 

2. Abestu aurretik lehiakideek ikusten duten azken pertsona zara. A zer-nolako egoera!

Beti negarrez bukatzen dut. Emozio guztiak barneratzen ditut: gaizki pasatzen badute, nik ere bai; ondo pasatzen badute, berdin.

 

3. Une horretan, zeintzuk egon ohi dira urduriago: umeak ala helduak?

Umeek adierazi egiten dizute behintzat. Horretan helduok asko dugu ikasteko umeengandik: konplikatuagoak gara, aurreiritziz beteta gaude, lotuagoak,  eta ez ditugu emozioak adierazten.

 

4. Eta nork hartzen du hobeto ezetza?

Umeek, alde handiarekin! Oso pozik egoten dira han egoteagatik bakarrik, euren idoloak ezagutzeagatik. Umeek bizitza guztia dute aurretik, helduek, aldiz, asko dute jokoan eta estuago hartzen dute.

 

5. Ume batentzat horrelako saio bat krudel samarra dela pentsatuko duenik egongo da...

Umeekin egingo genuela jakitean pentsatu nuen:  "Ea nola hartzen duten umeek hau!". Ni neu izan naiz lehen harritua: denak irribarretsu irteten dira, negarrak zoriontasunaren ondorio dira...

 

6. Zorterik ez izan arren, zu ere aurkeztu zinen itsuan egindako entzunaldietara. Denek buelta eman izan balute, norekin joango zinen?

Hori bai izan zela krudela! Buelta ematen lehenengoarekin joango nintzateke; horretarako ondratua naiz. Aukeran, Rosariorekin joango nintzateke... edo Bisbalekin.

 

7. Zein da saioa jarraitzeko modu dibertigarriena: telebistaz ala sare sozialetan?

Biak, nik hala egiten dut: barre asko egiten dut sare sozialekin, eta telebistan ikusita asko hunkitzen naiz.

 

8. Hezkuntzan ala puntualtasunean, zertan nabari zaizu jatorri ingelesa?

Puntualitasunean asko, oso puntuala naiz. Hezkuntzan ere bai: nik errurik eduki ez arren ere, norbaiti zerbait erortzen bazaio, barkamena eskatzen dut.

 

9. Zenbat egun zoaz erre gabe?

68 egun. Kostatzen dabil, eta gizentzen ari naiz: zure deia itxaroten gaileta kaxa erdi jan dut! Hori gero ipurdira doa... Haurdun nagoela esaten didate gero; eta ez, egin dudana jatea izan da!

 

10. Look oso pertsonala duzu. Askotan aipatzen dizute?

Bai. Ni neu orrazten naiz; beti gustatu izan zait nire estiloa izatea. Gustatzen bada ondo, eta bestela ere bai; denok berdinak izan behar dugu? Euskal Herrian, gainera, beti eroan da ile motza.

----------

Makila magikoa baneuka: "Emakumeari lana eta familia uztartzen lagunduko nioke; politikari eta bankariak zigortu; osasun publikoari eutsi..."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak