2013an, Elkar-Lanek beste 57 ekintzaile talderekin egin zuen lan, "hainbat arrazoi tarteko" ez zirenak enpresa bihurtu.
Elkar-Lanek sortzen lagundutako 132 kooperatibetatik 128 lan elkartukoak ziren; bi, etxebizitzakoak; eta kontsumokoak eta hezkuntzakoak, bana.
Sektoreka, erdia baino gehiago, 73, zerbitzu sektorekoak izan dira; 12, eraikuntzakoak; 11, merkataritzakoak; zazpi, garraiokoak; beste zazpi, metalekoak; bost, egurgintza eta altzarigintzakoak; lau, sektore elektriko eta elektronikokoak; hiru, makina-erremintakoak; eta bina, etxebizitzakoak eta nekazaritzakoak.
Zerbitzu sektorearen barruan, askotariko jardueretako kooperatibak sortu dira. Nabarmentzekoak dira energia sektoreko bederatzi kooperatiba berriak; informatikako zortzi; ostalaritzako beste zortzi; publizitateko zazpi; hezkuntza, gizarte-aholkularitza eta arkitektura sektoreetan, sei bakoitzean; ingeniaritzan, lau…
Gipuzkoan daude sortutako 43 kooperatiba. Gehienak, ia erdiak, Bizkaian daude: 63. Araban daude beste 26ak.
2002tik hona, 602 kooperatiba
Bestalde, Kooperatiba Ekintzailetasunaren Behatokia ere bada Elkar-Lan, eta, alde horretatik, Elkar-Lan-eko zuzendari Javier Sanzek ere balorazioa eman du.
Hala, Elkar-Lan sortu zenetik (2002ko abenduan), 602 kooperatiba sortzen lagundu du. Hilkortasun-tasa oso txikia da: sortutakoen %2,32 bakarrik likidatu dira (14). Hala ere, kooperatiba ez aktiboak 82 dira (likidatutakoak barne), %13,62.
Iniziatiba gehienak zerbitzu sektorekoak izan dira. Industria eta nekazaritzako iniziatibak oso gutxi izan dira.
Ekintzailearen profilari dagokionez, hauxe da EAEn: gizonezkoa, 41 urtekoa eta ikasketa ertain edo goi mailakoduna. Emakume ekintzaileak %38,46 izan ziren 2013an, aurreko urtean baino %1 gutxiago. Gainera, ekintzaile gehienek (%95) esperientzia profesionala dute.
Enpresa bat sortzea edo enpresa baterako ideia izateko arrazoia, erdiendako, "premia" izan da; %40endako, "negozio aukerak", eta %10endako, "beste arrazoi batzuk". Eta juridikoki kooperatiba aukeratu izanaren arrazoia hauxe da: %47rendako, "filosofiarengatik"; %36rendako, "aholkularien gomendioz"; %10endako, zituzten "abantaila eta laguntzengatik"; eta %7rendako, "beste arrazoi batzuk".
Kooperatibek 18.000 euroko inbertsioa dute, batez beste, sortzen direnean, eta proiektuen %40k kanpo-finantzaketa behar izaten dute.
Gizarte Segurantzako aukeratutako erregimenari dagokionez, hiru laurdenek Langile Autonomoen Erregimen Berezia aukeratu dute, eta beste laurdenak, Erregimen Orokorra. Horretarako arrazoiak, Elkar-Lanen esanetan, hauek dira: autonomoen erregimena merkeagoa dela, aholkulariek hala gomendatu izan dietela eta diru aldea aseguru pribatuak kontratatzeko erabiltzen dutela.