Kyung-seo Park: "Korearrendako eredua izan daiteke mugimendu kooperatibista"

Leire Kortabarria 2014ko mar. 7a, 10:35
Kyung-seo Park, Enpresagintza fakultatean.
Hego Korean, Kooperatibismoaren Formakuntza-Zentroa egingo dute, eta Mondragon Unibertsitateak lagunduko du horretan. Zentro horren bultzatzailea da Kyung-seo Park hegokorearra. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Ikerkuntza Zentroko presidentea ere bada. Hego Korean eta Europan hezitako soziologoa eta Filosofian eta Dibinitatean doktorea da. Bakea, Korearen bategitea eta giza eskubideak dira bere pasioak, eta horien gainean hitz egin zien martitzenean MUren Enpresagintza fakultateko ikasleei.

Mondragon Unibertsitatearekiko sortuko den harremanetik zer espero duzu Hego Korearendako?

Gure ikasle gazteak Mondragon Unibertsitatera bidaltzeko asmoa dugu, eta bihartik [eguaztena] aurrera zehaztuko dugu zelan eta zenbat urterako. Horrez gain, gertu gaude Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuk Koreara gonbidatzeko. Elkartruke programa bat da eta etorkizunean kooperazioa indartuko du.

Hitz egin dezagun bakeaz. Zure iritziz, norbanako guztiak bakearen mezulariak izan gaitezke. Zelan egin dezakegu hori?

Behin sinistuta gaudenean bakea bakarrik bakearen bidetik lor daitekeela, behin hori garbi dagoenean norbanakoarendako, sare edo talde bat osatuko dugu elkarren artean, eta talde horrek ahots bat izango du besteenganako, hau da, bakea lortzeko gerra bide bat dela behin eta berriz dioten horienganako. Prozesu luzea da, eta horregatik, norbanakoak bakean sinistea garrantzitsua da taldeko mugimendu bat egon dadin.

Zelan egin dezakete Ipar Koreako eta Hego Koreako herritarrek bake horren aldeko bidea?

Zoritxarrez, eta gure borondatearen aurka, Ipar Koreako eta Hego Koreako jendearen artean erabateko blokeoa dago, baina itxaropen handiak ditugu etorkizun hurbilean nolabaiteko komunikazio sistema bat izateko. Adibidez, Hego Korean badago industrialde bat, Ipar Koreako langileak dituena. Komunikazio eta kolaborazio adibide bat da hori.

Sarri izan zara Ipar Korean. Zelakoak dira hango agintariak?

Gaur egungo erregimenak argumentu asko ditu eta erregimena justifikatzeko ematen ditu, baina ez dago argumentu horiekin ados egon daitekeen nazioarteko erakunde edo eragilerik. Errugabeak gose diren bitartean, errugabeak sufritzen dauden bitartean eta errugabeak alderdi komunista boteretsuak txokoratuta dituen bitartean, ez da hala izango.

Hori dena kontuan izanda, zelan uste duzu bat egin dezaketela bi Koreek?

Ez da lan erraza, ez, baina nik argi ikusten dut mugaren alde bateko eta besteko jendearen benetako borondatea, eta bat egiteko borondatea da hori. Jende errugabearen nahiak etorkizunean bizirik badirau, gure ametsa egia bihurtuko da.

Zure hitzaldian, Mendebaldeko eta Ekialdeko Alemaniaren bategitearen erreferentzia erabili duzu. Ze neurritan izan daiteke hura bi Koreen balizko bategite prozesu baten eredu?

Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniaren orduko egoerak eta Ipar eta Hego Korearenak oso desberdinak dira. Baina alemanek lezio batzuk ikasi zituzten bategite prozesu hartatik, eta horiek gureganatu ditzakegu guk. 

Europa oso ondo ezagutzen duzu. Zer diozu Ukrainiako gertakizunen gainean?

Bertako jendearen askatasun nahia lotura zaharrak eta lehengo Sobietar Batasunarekiko harremanak baino askoz, askoz garrantzitsuagoa da. Gerraren mehatxua izango da, baina Nazio Batuak bertan dauden bitartean eta bakezaleak gehiengoa diren bitartean, ezin da gerrarik egon Ukrainian. 

Biolentzia eten beharko litzateke, eta, horrez gain, aurreko presidentea eta aurreko erregimen ustela kondenatu egin beharko lirateke. 

Kooperatibismoak lagun diezaieke giza eskubideei?

Nazio Batuek ez dituzte inoiz giza eskubideak definitu, ez dute inoiz esan zertan datzan. Nire ustez, bost zutabe dituzte giza eskubideek, eta horietako bat garapen eskubidea da. Horren barruan, globalizazio prozesu bat egon da, eta itxaropen handiak zeuden hasieran, baina orain ikusi da kontrakoa gertatu dela, hau da, mundua polarizatu egin dela. Sistema polarizatu horretan, mugimendu kooperatiboa aukera bat da, baina baita joera bat ere. Hego Koreak merkatuaren sekulako eragina du, eta enpresa handiek irabaziak dituzte, baina horiek ez dira jendearengana ailegatzen. Gu hemen gaude, Koreatik, kooperatibismoaz gehiago ikasteko, korearrendako eredu bat izan daitekeelako.

Enplegu aukerak ekarriko ditu Koreako jendearendako?

Bai, sinistuta nago horrekin. Gazteengan sorkuntza iniziatibak bultzatuko ditugu, euren eredua garatu eta han eta hemen zabaldu dezaten. Bestalde, MUko ikasleak Koreara etor daitezke eta hango askotariko egoerak ikusi; horrek lagundu egingo die gero, etxera itzultzen direnean. Elkarren gainean ikasteko grina sustatu behar dugu gazteeongan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak