Gurasoak euskararen garrantziaz jabetzeko kanpaina Debagoienean

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 6a, 20:30

Guraso euskaldunen hizkuntza ohituretan eragin eta hizkuntza ohitura sanoak sustatzeko kanpaina jarri dute martxan Debagoieneko udalek. 'Zer ikusi, hura egin' leloarekin euskararen transmisioa bermatzea helburu duen kanpaina dagoeneko martxan da.

Gurasoen arteko hizkuntz ohiturak berebiziko garrantzia du seme-alabek hitz egiteko erabiliko duten hizkuntza zehazteko. Hori horrela, Zer ikusi, hura egin leloa duen kanpaina jarri dute abian Debagoieneko Udalek euskararen transmisioan eragiteko asmoz.

Etxe barruko erabilera

Udaletako Euskara saileko kideen esanetan, hainbat erabaki hartzen dituzte gurasoek umea izaterakoan, tartean elikadura eta osasun ohiturak. Hizkuntzari, ostera, ez diote halako garrantzirik ematen. Hizkuntza ohitura sanoak sustatzeko, baina, etxe barruko erabilera bereziki zaindu beharra dagoela uste dute. Izan ere, haurraren heziketan zutabe garrantzitsuenak etxea eta eskola dira, adituen esanetan. Eta umeak erreferentzia berdinak izan behar ditu batean eta bestean, nola jokatu jakiteko gero.

Baina sarritan, eskolaren esku uzten da umearen euskalduntzea, euskara eskolan lantzekoa den ustearekin; eta gurasoek erdaraz jardun izan dute elkarren artean eta koadrilan. Hortaz, koherentzi falta dagoela diote eta umeek ikusi egiten dutela hori.

Gaineratu dute norberaren eskuetan dagoela euskara gehiago erabiltzea eta etxeko hizkuntzaz gain kaleko hizkuntza ere izatea. Hala, gurasoak euskaraz jardutera animatzen dituzte etxean zein kalean.

Orain abian jarritako kanpainak maiatza bitartean iraungo du. Arteman Komunikazio enpresak egindako spota udal webguneen bidez, zine aretoetan, sare sozialetan eta tokiko komunikabideen bidez zabalduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak