Komunikatua, osorik:
"MARKAIDE: Itzuli gure dirua behingoz !!!
Fagor Etxetresnen (FE) gainbehera, baloreetan oinarritutako kooperatibismoaren aurkako jarduera da. Okerrena, enpresako zuzendaritzaren kudeaketan datza, MCC-a barne, gezurretan eta gardentasun ezan oinarritutako kudeaketan, hain zuzen ere. Hartzekodun lehiaketan sartu aurretik eta 4 hilabeteren ondoren ere jarrera berdina mantentzen dute.
Era berean, gainbehera honek utzi dituen kaltetuek jasandako tratua kooperatibismoaren aurkakoa da. Izan ere,oraindik ez dira gai izan Asanblada bat deitu (kooperatibako organo gorena) eta kaltetuei azalpenak eman edota irtenbideak proposatzeko.
Guzti hau dela eta, Fagor eta MCC-ko zuzendaritzek erantzukizun zuzena dute, enpresa oraindik martxan zegoenean gure produktuen ordainketari uko egin baitzioten. MCC-k bultzatu zuen ordainketaren atzerapena eta, era berean, gaur egungo egoerara eraman gaituzten zuzendariak proposatu zituen. Gaur egungo, MCC-ko kargu gorenetariko batzuk eraman dute Fagor eta Endesa hondamenera. Kooperatibaren nahasmenduaren errudunak dira eta, gainera, gure aurrezkirik gabe utzi nahi gaituzte.
Aurrezki hauek berreskuratzeko helburuarekin, MCC-kin bi kontaktu izan ditugu. Lehenengoan, Txema Gisasolak, irtenbiderako bidea aurkitzeaz hitz egin zigun. Bigarrenean, Txema Gisasolaren dimisioaren ondoren, bere funtzioak betetzen dituztenak ondorengo laurak direla esan ziguten: Motuberria, Sotil, Txomin Garcia eta Markaide. Hauek dira MCC-ren buruzagitza osatzen dutenak, gure diruaren itzulpenenerako irtenbide bat bilatzeari uko egiten diotenak. Gure lanarekin lortutako diruaren ez-ordaintzea ezin da gehiago atzeratu. Izan ere, egoera honek pertsona asko egoera lazgarrietara eraman ditu. Bi aldeko akordio baten bitartez han utzitako dirua itzuli behar digute, justiziaren izenean, gurea delako eta gaizki erabili dutelako enpresa gestionatzeko orduan. Pertsona asko daude egoera tamalgarrian, gehiago itxaron ezin dutenak.
Kooperatibek, gure aurrezkiak direla medio, berezko finantzazio iturri garrantzitsu bat zuten. Gure arazoari irtenbidea ematen ez badiote, finantzazio iturri hau bertan-behera geratu liteke. FE-en gainbeherari, Eroskik dituen arazoak gehitzen badizkiogu, bankuen baliabidearen erabilera ere geroz eta zailagoa bihurtzen da.
Eroskiko zentralaren parean egiten ari garen kontzentrazioaren salaketa ez da bertako langile edo bazkideen aurkakoa. Beraiekiko sentitzen dugun elkartasun zintzoa adierazi nahi diegu.
Agustin Markaideri, egun funtzioetan den zuzendaritzaren partaideari, gure dirua itzulia izan dadin beharrezkoak egiteko eskatzera gatoz. Ez dugu lortu arte etsiko. Beraien ardurak har ditzatela eta gu ez gutxiestea eskatzen dugu.
ZUZENTASUNA ETA ZINTZOTASUNA EXIJITZEN DUGU!"