Martxo osoan aitor daitezke atzerriko ondasunak

Leire Kortabarria 2014ko mar. 10a, 08:00

Martxo bukaerara arte jarraituko du zabalik norberak Espainiatik kanpo dituen ondasunak Foru Ogasunari aitortzeko epeak. Martxo hasierara arte eta Foru Ogasunak ekindako informazio kanpaina eta epea hasi zirenetik, Gipuzkoako 610 zergadunek aitortu zituzten atzerrian zeuzkaten ondasunak. Zerga iruzurraren aurka egiteko, uztailean Batzar Nagusiek onartu zuten foru arauan dator betebehar hori.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren asmoa da Espainiatik kanpo ondasunak eta eskubideak dituzten zergadun guztiak jakinaren gainean jartzea, betebehar hori borondatez egin dezaten eta isunik jarri behar izan ez dadin. Isunak handiak izango dira: aitortu ez eta antzemanez gero, Errenta eta Sozietate zerga aitorpenetan justifikatu bako ondasuntzat joko da, eta irteten den kuotaren %150eko isuna ipiniko dio Ogasunak.

Zalantzak argitzeko bi modu daude: www.gipuzkoa.net/720 helbidean begiratuta, eta 902 10 00 40 telefonora deituta edo www.gipuzkoa.net/gertubide helbidean galdera bat utzita. Egunean 60 bat kontsulta tramitatzen dira.

50.000 euroko muga

Mota hauetako jabetzak aitortu behar dira:

  • finantza entitateetako kontuak (titularra, titular baimendua, ordezkaria, onuraduna edo erabiltzailea bada norbera);
  • baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak, eta baita atzerrian dauden inbertsio kolektiboko erakundeetan norberak dituen akzioak edo partaidetzak (errentei dagokienez, berdin dio errentak aldi batekoak izan);
  • ondasun higiezinak edo haien gaineko eskubideak;
  • eta ondasun higigarriak edo haien gaineko eskubideak, baldin eta atzerrian badaude, atzerrian matrikulatuta badaude edo atzerriko erregistroetan badaude.

Hori bai, ondasun eta eskubide batzuk salbuetsita daude, balioaren arabera. Arau orokorra hauxe da: ondasun eta eskubideak 50.000 eurotik beherakoak baldin badira, ez dira aitortu behar.

Esandako lehen hiru blokeetan –kontuak; balore, eskubide, aseguru eta errentak; eta higiezinak–, bloke bakoitzaren balioa 50.000 eurotik gorakoa baldin bada, aitortu egin behar da. Laugarren blokean, bakarkako balioa 50.000 eurotik gorakoa denean aitortu behar da, salbuespen batekin: diruaren eta harribitxi edo metalen kasuan, baterako balioa hartzen da kontuan.

Bakarrik Internetez

Aitorpena aurkezteko modu bakarra prestatu du Ogasunak: Internetez. Horretarako, www.gipuzkoa.net/ogasuna-tik Gipuzkoataria egoitza birtualera sartu beharra dago. Bi modutara sar daiteke: gako eta pasahitz batekin, edo agiri digital batekin.

Izapideak egiten laguntzeko programa ere prestatu du Gipuzkoako Ogasunak, eta www.gipuzkoa.net/ogasuna ataritik deskarga daiteke.

Errenta aitortzeko kanpaina ere, ate joka

Apirilaren 7an hasiko da 2013ko Pertsona Fisikoen Errenta Zerga aitortzeko kanpaina. Horren aurretik, baina –martxoaren 28an–, Foru Ogasuna 200.000 autolikidazio proposamen inguru bidaltzen hasiko da.

Norberak autolikidazio proposamena jasoko duen edo ez jakin daiteke  apirilaren 2a ezkero, eta, jasotzen bada, berau onartu edo  ezeztatu daiteke apirilaren 7a ezkero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak