Ia 30 urte dira Arrasaten lehenengo kontaketak egin zituztela. "Euskal Herriko lehenengoak egin ziren Debagoienean. Liburutegien eta beste hainbaten elkarlanarekin sortu ziren eta beste eskualde batzuetara zabaldu ziren gero", azaldu du Pello Añorga ipuin kontalari, idazle eta alorreko irakaslea denak.
Egutegia herriz-herri
Biblioteka berria zabaldu zutenean (2003) hasi ziren kontaketekin Eskoriatzan. Urritik apirilera egiten dituzte, salbuespenak salbuespen, azkeneko eguenetan. Haurrentzako izaten dira eta doako sarrera dute.
Egun berean dira Oñatin ere. Atzo egin zuen Saioa Aizpuruak 6-10 urteko gazteendako. Kontalariak aldatuz eta adin tartea txandakatuz doaz; hurrengoa 3-6 urtekoendako izango da. Doakoak dira, aurrez gonbidapena hartu behar bada ere. Urte askotako eskarmentua dute Oñatin ere, baina iaz finkatu zuten hileroko maiztasuna. Helduentzako hiru saio dira urtean: otsailean Beatriz Egizabal izan zen eta hurrengoak apirilean eta urte amaieran izango dira. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egin dituzte.
Urtarrila ezkero, hilean birritan egiten dute Bergaran: azken ostiraletan haurrentzako haur liburutegian; eta azkeneko martitzenetan helduentzako osoko bilkuren aretoan. Oihulari Klownek prestatzen ditu Bergarako saioak, hemengo eta kanpoko kontalariak aukeratuta.
Aretxabaletan, hilean behin zapatuetan izaten dira. 4 urtetik gorakoendako eta doakoak, liburutegiko txiki-txokoan.
Gainontzeko herrietan ez dute hileroko saiorik, guztietan egiten badituzte ere, besteak beste, Liburuaren Egunaren bueltan. Aipatzekoa da haur eta helduentzako Arrasateko bibliotekaren Munduko ipuin kontalariak ekimena. Horrez gainera, herriko ikastetxeekin elkarlanean eskola orduetan ere egiten dituzte.
Askotariko ipuin kontalariak
Profesionalez gainera, badira amateurrak ere. Oihulari Klownen eskolakoak dira batzuk. Elgetan, berriz, liburuzainaren ekimenez, zazpi gurasok hartu dute hamabostean behin ipuinak kontatzeko konpromisoa.
Ipuinak, Pello Añorgaren ikuspuntutik
Asko dira ipuinen onurak, ipuin kontalari moduan urteetako eskarmentua duen Pello Añorgaren iritziz: "Konprobatuta dago kontaketek lotura afektiboak sortzen dituztela horiek egiten diren tokiarekin eta bertako jendearekin eta baita kontaketak egiten diren hizkuntzarekin ere, gure kasuan, bada, euskararekin batik bat. Bestetik, gaur egun horren garrantzitsua den adimen emozionala lantzeko ezinbesteko tresna dira ipuinak; informazioa emateaz gainera, entzuleak hunkitzea eta emozioak partekatzea dute-eta helburu. Azken finean, zenbat eta gehiago entzuteak, erantzuteko gaitasuna garatzeko bidea emango digu".
Kontaketa gehienak haurrei zuzendutakoak badira ere, helduok ere ipuinen beharra dugula dio Añorgak eta ipuinek, beraz, ez dutela adinik eta gaineratu du, sarritan idatzi dituela helduek entzuteko modukoak diren haurrentzako ipuinak.
Kontaketak ugaritu badira ere, gazteen esparruan hutsunea ikusten du Añorgak: "7-12 urtekoendako apenas antolatzen dira; beste era bateko ipuinak, kontatzeko modua eta testuingurua behar dute gazteek. Gehienbat haur txikiak dauden saioetan lekuz kanpo sentitzen dira eta, beraz, nahiago dute ez joan.