Zerk bultzatu zaitu Lanbide Heziketa ikastera?
Orain dela urte bat lanik gabe geratu nintzen, eta ordutik hona ez dut nire profilarekin bat datorren lanik aurkitu. Autonomo izaten ere saiatu nintzen, baina diru laguntza eskasak zirenez, berriro ikasten hastea erabaki nuen.
Nola ezagutu zenuen Lanbide Heziketa?
Aurretik, marrazketarekin zerikusia duten ikastaro batzuk egin nituen hemen. Lagunek eta familiakoek ere hemen ikasi dute, eta, haien esperientzia onaren berri izan ostean, hona etortzea erabaki nuen.
Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean alde handia dago?
Teoriari garrantzi txikiagoa ematen diote hemen, praktikoagoa da eta lan esparrura zuzenduago dago. Unibertsitatearekin alderatuz gero, hemen gutxiago ikasten da, gogorragoa da unibertsitatea, baina horrek ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik.
Lanbide Heziketa lan esparrura bideratuago dago?
Bai. Ikasketak amaitu eta lanean hasi arteko denbora tartea motzagoa da hemen. Hemen praktikari garrantzi handiagoa ematen zaio, eta ikasleok lan mundurako prestatuago gaude. Badut hemen ikasi eta lana aurkitu zuen lagun eta familiartekorik; horrek bultzatu nau, besteak beste, hona etortzera.
Gustura zabiltza?
Egia esan, pozik nago. Aurreko ikasketekin zerikusirik ez duen zerbait hastea erabaki dut, ahalik eta ate gehien zabalik izateko. Lan esparruan ezin zara gelditu. Hasieran, beldur apur batekin hasi nintzen, baina gustura nabil eta gomendatu egingo nuke, gainera.
Lanbide Heziketak lanerako ate gehiago irekitzen ditu?
Eraikuntzak bizi duen egoera ikusita, eta hemen lan egiteko asmoa dudala kontuan izanik, bai, hala uste dut. Oraingo egoeran egoteko nahiago dut ikasi eta aurrera egin. Atzerrira joatea ez dago nire planen barruan.