Zerk bultzatu zintuen Lanbide Heziketa ikastera?
Lan esparruan sartzeko aukera ona eta azkarra izateaz gain, irteera asko ditu. Hasieratik nuen lan egiteko interesa eta aukera zuzenena zela iruditu zitzaidan.
Nola ezagutu zenuen LH?
Batxilergo Humanistikoa ikasi nuen, eta bigarren mailan ezagutu nuen, orientatzailearen eskutik. Berez ikasketetan arazoak dituzten ikasleei gomendatzen zaie heziketa mota hau, baina aukera on eta azkarra da lan esparrura zuzenean sartzeko. Nire kasuan, ikasketak bukatu nituenetik ez dut lan faltarik izan.
Ingurukoen laguntza jaso zenuen LH aukeratzeko orduan?
Bai, gurasoek asko lagundu zidaten, eta oso garrantzitsua izan zen hori niretzat. Lagunak ere baditut ikasketa hauetan dabiltzanak, eta haiek ere animatu ninduten.
Ezagunei edo lagunei gomendatuko zenieke LH?
Bai, horixe. Baditut bi lagun erdi mailako bi ziklo ikasi dituztenak eta gaur egun biek lanpostu finkoa dute. Unibertsitatean baino denbora laburragoa pasatzen dugu ikasten eta lanerako aukera berak edo gehiago ditugu.
Lanera begira, onurarik izan du Lanbide Heziketako ikasketak egin izana? Erraza da lana aurkitzea?
Orain, berriz hasi naiz ikasten, baina ez dut inoiz arazorik izan lanik aurkitzeko. Hamaika tokitan ibili naiz jada, unibertsitatean, enpresetan… Hori bai, praktikak norberak hauta ditzan gomendatuko nuke. Oso garrantzitsua da gustuko leku batean aritzea eta ikasteko aukera aprobetxatzea.
Ikasketetan zer izan da gogorrena?
Ikasketak aukeratzea. Gerora nire gustuko gaietan sakontzen nuenez, erraza izan da ikasketak aurrera eramatea. Orain ikasten nabilen bigarren ziklo honetan hainbat materia baliozkotuta ditut aurreko ikasketak direla-eta. Beraz, ez zait gogorra egiten ikasten aritzea.