2012an, 402,8 milioi azaleratu ziren, aurreko urtean baino 90 gehiago. 2013an azaleratutako zorra aurrekoa baino zertxobait txikiagoa izan arren (%2,2 gutxiago), emaitzak onak direla esan du Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak. Antzemandako 393,9 milioi horietatik 3,3 milioi delitu fiskalagatik egindako bederatzi jarduketetan azaleratu dira.
Sozietate Zergan gertatu da igoerarik nabarmenena (%26). Urtez urte kopuru handiagoak azaleratzen dira zerga horretan. Iaz, aitortu gabeko 139,6 milioi aurkitu zituen Ogasunak.
Errenta eta Ondare zergetan ere gorakada izan da, baina modu apalagoan (%18,5). Aitortu gabeko 104,4 milioi azaleratu dira.
BEZ zergan azaleratutako zorrak gorabehera handiak izan ditu urte batetik bestera, sarritan bolumen handiko operazioak direlako. Hala, 2012an 2011n baino gehiago antzeman zen, eta aurten, iaz baino %35 gutxiago.
Gipuzkoar bakoitzeko, 550 euro
Gipuzkoar bakoitzeko 553,15 euro azaleratu zituen Ogasunak, batez beste. Guztira 16.135 errekerimendu bideratu zitzaizkien ez aitortzaileei. Enbargo diligentziak 38.671 izan ziren. Zorraren erantzukizun deklarazioetan 14 milioi euro azaleratu dira eta konkurtso prozeduren esku hartzeak 51 milioi lortu dira.
Datuak aurkezteko prentsaurrekoan arduradunek esan dutenez, enpresetan egindako iruzur fiskal gehiago antzeman da azken lau urteotan: %54 gehiago, hain zuzen ere. Ogasunaren arabera, horrela izan da langile eta baliabide gehiago izan direlako ikuskaritzarako.
EAJ alderdiak aurreko legealdietan egindako ahalegina azpimarratu du, eta PSEren esanetan, Sozietate Zergan iruzur egindako diru asko antzeman bada ere, enpresaburuak zerga-presio larregi duten kexu dira.