Izan ere, emakumeak oraindik ere ez du parekidetasunik gizonezkoarekiko, gure gizarteko esparru gehienetan. Guk, emakumea eta lana uztartu gura izan ditugu erreportaje honetan. Lan esparru desberdinetan diharduten Debagoieneko bost emakumeren esperientziatik abiatuta osatu dugu kontakizun hau: Idoia Lazpita, Oihana Kortazar, Lourdes Idoiaga, Mariasun Pagoaga eta Irene Alberdi dira horiek. Joan bedi beste ezeren aurretik, gure esker ona.
----------
Idoia Lazpita (udaltzainburua): "Inoiz entzun izan dut esaldi gaiztorik emakume izateagatik"
Idoia Lazpita arrasatearra Oñatiko udaltzain burua da. Gutxi dira lanpostu horretan aurkitu ditzakegun emakumeak. "Hala ere, orain errazagoa da duela hamar urte baino. Udaltzain buru izateko, herritik herrira, baldintzak aldatu egiten dira. Esaterako, herri txiki eta ertainetan ofizialorde izanda heldu zaitezke udaltzain buru izatera. Hiriburuetan, aldiz, gutxienez ofizial izan beharra dago", dio Lazpitak. Eta gaineratu: "Gainontzeko baldintzak, merituak, esperientzia, azterketa teoriko-praktikoa eta elkarrizketa, berdinak dira gizonezko zein emakumezko izan". Baina eta orduan, zergatik horren emakume gutxi udaltzain buru postuetan? Lazpitak bi arrazoi nabarmentzen ditu: "Udaltzain buru postura heltzeko esperientzia eta lan urteak hartzen dira kontutan, eta duela hamar-hamabost urte ia ez zegoen emakumerik udaltzain lanetan. Gainera, polizia lanak gizonezkoei bideratuta dauden ustea edo joera nabaria zen, eta emakume askok ez zuten euren burua lan horietan ikusten". Hori, baina, asko aldatu da azken hamarkada honetan. "Zorionez, momentu honetan emakumezko dezente gaude Polizia munduan sartuta eta horietatik asko erdi mailako lanpostuak betetzen". Hori horrela, gaur egun, emakumezko askok lukete udaltzain buru postu batera aurkezteko aukera.
Lankideekin dituen harremanen gainean galdetuta, dio lankide guztiekin dituela oso harreman onak, izan emakumezko hala izan gizonezko. "Oñatin 13 udaltzain gaude; bederatzi gizonezko eta lau emakumezko. Guztion arteko harremanak oso onak dira. Uniformea jantzita dugunean udaltzainak gara, emakume edo gizonezko garen alde batera utzita". Hori bai, inoiz igarri du lankide gizonezko batek amorrua sentitu izana udaltzain buru izatera iritsi delako. "Udaltzain izatetik udaltzain buru izatera igaro nintzenean igarri nuen, bai, gizonezko bati edo besteri amorrua eman ziola emakume batek postu hobea lortu izanak. Duela 14 urte ez zen emakume asko ikusten mailaz igotzen eta gizonezkoak ez zeuden horretara ohituta", dio. Bere lanpostuan emakume izate hutsagatik inoiz jarrera gaiztorik jasan behar izan duen galdetuta, honakoa dio: "Batzuek edozein aitzakia behar izaten dute udaltzainen lanaren kontra egiteko, eta baita emakume izatea ere. Inoiz entzun behar izan dut 'joan etxea garbitzera' bezalako esaldirik, baina orain dela 20 urteko gauzak dira, egia esan".
----------
Oihana Kortazar (kirolaria): "Normalean bigarren maila batean gaude, kirol guzti-guztietan"
Oihana Kortazar, Elgetan jaio zen duela 30 urte. Mendi lasterketetan aritzen da, oraindik ere gizonezkoak gehiago diren kirolean. Lan esparru gehienetan emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunak handiak badira, zer esanik ez kirolaren alorrean. "Normalean bigarren maila baten gaude, kirol guztietan", dio Kortazarrek. Mendi lasterketei dagokienez, Kortazarrek dio asko hobetu dela egoera azken bi urteotan. "Lehen mutilak ziren beti protagonista, eta orain neskon artean ere badago apustu egiteko besteko maila". Hala ere, oraindik ere badira hobetu beharreko gauzak: "Sarietan, esaterako, jasotzen dugun diru kopurua desberdina izan ohi da lasterketa batzuetan. Hori ez da bidezkoa distantzia berdina egiten dugula kontutan hartuta", dio. Eta ez hori bakarrik, izan ere, babesletzari lotuta, oraindik gehiago erakutsi behar izaten du emakume batek gizonezko batek baino. Hala dio: "Oraindik ere ahulagotzat gaituzte, gutxiago baloratzen gaituzte eta babesletza bat lortzeko gure burua hobeto saldu behar izaten dugu". Eta gaineratu: "Sutan jartzen naute gauza askok. Esaterako, gehiago demostratu behar izateak, horrelako kirol bat gure lanbide izan daitekeela normaltzat ez hartzeak...". Kortazarrek, bigarren semea espero du ekainerako. Beraz, geldialditxo bat egingo du. Horrek, baina, ez dio disgusturik eragingo, babesle duen Salomonekin eskutik helduta jarraituko baitu bueltatzen denean ere. "Motibazio handia da niretzat gero ere talde horren parte izaten jarraituko dudala jakitea". Horrekin lotuta, dio: "Bestelakoan, argia da aita eta ama kirolari baten arteko aldea. Errekuperazio fisikoa klabea da eta hori ez du jakingo sekula zer den gizonezko batek. Ondotxo dakit erditze baten ondoren berriz ere forma hartzea ez dela batere erreza".
-----------
Lourdes Idoiaga (politikaria): "Zorionez, emakume gehiago dago orain ardura postuetan"
Lourdes Idoiaga oñatiarrak Lagun Aron ardura postuetan egin ditu urte asko. Azken urteak, berriz, politikagintzan eman ditu: lehenik, EAJtik alkate Oñatiko udaletxean, eta, orain, oposizioko kide moduan. 1964an hasi zituen peritu ikasketak, artean erdi mailako ikasketak emakume gutxik egiten zituen garaian. Honela gogoratzen ditu garai haiek: "Oso urte politak izan ziren. Ilusio handikoak. Emakume gutxik egiten genituen ikasketa ertainak 1964an. Gutxi izanagatik ere, horrek ez zuen arazorik eragiten, eta pareko ginen".
Lan munduan, berriz, dio lehen bezala gaur ere asko dagoela egiteko berdintasunaren bidean. "Nik esperientzia desberdinak izan ditut eta, hala ere, ardura postuetan egon izan naiz urteetan. Duela urte asko gizonezko baten alde egin zuten esanez emakumezko bat zuzendaritzan ipiniz gero, denek zuzendari orokorrarengana joko zutela". Baina, bestalde, bere alde egin duten gizonezkoak ere izan ditu lankide. "Gizonezko bakoitzaren izaeraren araberakoa da. Guk lotsa gabe aurre egin behar diegu: gure buruarekiko konfiantza landu behar dugu". Eta gaineratu du: "Zailtasunak hor egon dira beti. Horrek ahalegina bikoiztera behartu izan nau eta gaitu, eta hori da berdintasunaren kontrakoa". Dena den, uste du garaiak asko aldatu direla. "Gaur egun, zorionez, emakumezko asko dago ardura postuetan. Hori gertatu da egin dugun lanari esker, formazioari esker, gizartean eman diren aldaketei esker". Eta formazioaren gaiarekin jarraituz erantsi du: "Gaur frogatuta dago emakumeok ikasketa mailan ere garaile garela, eta, nahiz eta gizonezkoen mundua hor egon, emakumezkoon formazioak, lehiakortasunak eta profesionaltasunak garaiak aldatzen lagundu dute. Dena den, ezin gara despistatu, guk egin behar dugu aurrera".
Politikaren alorrean izan duen esperientziaz galdetuta, dio genero ikuspegitik errespetu osoa izan duela beti. Zehaztu du, gainera, emakumeek politikan aritzeko gaitasun hobeak dituztela, izan ere: "Entzuten ohituta gaude, sentikorragoak gara behartsuen aurrean eta enpatia gehiago dugu". "Herritarren zerbitzura egoteko nahitaezkoak diren ezaugarri horiek ditugu", gaineratu du.
----------
Mariasun Pagoaga (aktorea): "Emakume geroz eta gehiago dago zinemagintzan ere"
Mariasun Pagoaga arrasatearrak zinemagintzan dihardu. Seigarren filma grabatzen izango duena ari da une hauetan Pablo Malo zuzendariarekin: Lasa eta Zabala filma, hain justu ere. "Guztira, lau gizonezko eta bi emakumezko izan ditut zuzendari gisa. Agian, mundu honetan, oraindik gizonezkoak ausartagoak dira," dio Pagoagak. Zinemagintzan emakumezkoek eta gizonezkoek dituzten lanpostuez galdetuta, berriz, zuzendariak, kameralariak, teknikariak... gizonezkoak izan ohi direla dio. "Laguntzaileak, ile-apaintzaileak, makilatzaileak, berriz, emakumezkoak". Eta gaineratu: "Aipatu gurako nuke, dena den, zuzendari horien inguruan, zinemagintzaren gaineko ikasketak dituzten emakume asko dagoela". Harrobia ere badagoela dio: "Behin, nire lehen filma egiten geundela, zinemagintza ikasketak egiten ari ziren ikasleak gonbidatu genituen. Kasu hartan, gehienak emakumezkoak ziren. Beraz, harrobia, egon, badago. Gero aztertu behar da horrelako abentura baten sartzen ausartzen ote diren". Emakume izateagatik inoiz desberdintasunik igarri duen galdetuta, dio zuzendari guztiek errespetu handiz tratatu izan dutela beti. Onartu du emakumearen irudia objektutzat erabiltzen dela oraindik ere zinemagintzan, baina dio berak ez duela horrelakorik inoiz sumatu eta ezta bizi izan ere.
----------
Irene Alberdi (Ulmako presidentea): "Kontziliazio neurrietan, oraindik ez dago parekotasunik"
Irene Alberdi bergararra Ulmako presidentea da. Beraz gain, taldea osatzen duten zortzi kooperatibetatik hirutan presidentea emakumezkoa da. "Garrantzia handia ematen diot organo sozialetako presentzia honi, Batzarretan aukeratutakoak baitira, eta horrek esan nahi du emakumeoi lankideek gaitasuna eta lidergoa errekonozitzen dizkigutela" dio Alberdik. Eta gaineratu du: "Beste zuzendaritza postuetara begiratzen badugu, proportzioan, emakumearen presentzia baxuagoa dela egia da, baina azpimarratuko nuke finantza buruen eta giza baliabide buruen artean berdintasuna dugula: lau emakumezko eta lau gizonezko", dio.
Goi karguetarako gizonezkoak lehenesten diren ala ez galdetuta, dio: "Ez dakit benetan lehenesten diren. Agian ez dago hainbeste emakume postu batzuk hartzeko gertu, profesionalki saltoa emateko prest. Pentsatzen dut guk ere gure burua atzean uzten dugula, ez gaitasun faltagatik, baizik eta, askotan, emakumeok, ibilbide profesionalei baino, beste arlo batzuei ematen diegulako lehentasuna". Hala ere, dio, industria mailan, emakumeen goi-mailako papera postu jakin batzuetara mugatzen dela: "Giza baliabideetan, finantzetan... Hor emakume asko dago. Aldiz, ez da horren ohikoa emakumeak produkzio buru edota arduradun komertzial gisa ikustea". Dena den, dio: "Gauzak asko aldatu dira azken 25 urteotan, eta aurki ikusiko ditugu emakume gehiago postu horietan".
Beste enpresa buru batzuekin dituen harremanen gainean galdetuta, dio, gure antzerako kulturetan, mendebaldeko herrialdeetan, emakume izateak ez dituela harremanok baldintzatzen. Aldiz, zehaztu du: "Beste kultura batzuetako enpresekin ematen diren harremanak desberdinak izaten dira, kontutan izanda herrialde batzuetan emakumearen tokia beste maila batekoa dela. Kasu horietan, batzuetan, egoera deserosoak sortu daitezke".
Lana eta familia uztartzearen gainean honakoa dio Alberdik: "Familia barruko ardurak, adibidez, oraindik ere emakumeok hartzen ditugu geure gain, hein handi baten behintzat". Eta erantsi: "Gizartea aldatuz doa, eta gizonezko askok oso barneratuta dute umeen edota nagusien zaintzak partekatua izan behar duela. Baina, esaterako, zergatik dira emakumeak lan-murrizketa gehien eskatzen dutenak? Kontziliazio neurrietan oraindik ez dagoelako parekotasunik. Gizarteak aurrerapauso handiak eman ditu, baina oraindik ere ibilbide luzea dugu egiteko, benetako berdintasunera heldu arte".
----------
Emakumearen lana ikusarazteko ahaleginean
Lan eta lan, emakumea Bergaran izeneko liburua aurkeztu zuten zapatuan Bergaran. Bergarako Udalaren I. Berdintasun planaren barruan kokatzen da egitasmoa, eta Badihardugu elkarteko kideek landu dute. Hain zuzen ere, Idoia Etxeberriak eta Juan Martin Elexpuruk bi urte eman dituzte XX. mendean Bergarako emakumeek lanarekin izan duten harremana aztertzen.
Liburuaren abiapuntua dira lehenagotik ahotsak.com proiektuan jasota zeuden emakumeen grabazioak. Horiez aparte, beste bederatzi emakume elkarrizketatu dituzte, lanbide jakinekin lotutakoak: "Bata jostuna, bestea maistra, bulegaria, musika irakaslea… Denetik. Bakoitzari bere lanari buruzko galdeketa zehatza egin genion" dio Etxeberriak.
Bereziki XX. mendeko lehen erdian ipini dituzte begiak. "Ehun lantegietan zebiltzan batzuk, beste batzuk neskametzan, eta jostunak ere pilatxo bat zeuden. Horiek ziren lanbide nagusiak, baina beste ogibide batzuk ere bazituzten: baserria, taberna, denda… Maistrak eta erizainak izan ziren lehenengo tituludunak" dio Etxeberriak. Horiekin batera, aspaldi desagertutako lanbideak ere jaso dituzte: "Mende hasieran nahiko normala zen inude joatea, aberatsen umeei titia ematera. Telefonistak, koltxonerak, abarketagileak, kalez kale ibiltzen ziren arrain saltzaileak... Beste garai baten isla diren lanbideak ere badatoz" dio. Etxeberriak gaineratu du emakumeen lana ikusezina zela askotan, eta hori ikusarazteko ariketa bat ere badela liburua. "Oso gaztetan hasten ziren lanean, umetan. Eta ezkondu ostean ere lanean jarraitzen zuten, baina kobratu barik. Esaterako, erroldetan baserriko emakumeak etxekoandre moduan datoz; gizonezkoak, berriz, nekazari moduan".
200 argazki inguru datoz liburuan eta asko dira Bergarako Udal Artxibokoak.
Elkarrizketatuek eurek ere eman dituzte beste batzuk. Liburua salgai dago, 12 eurotan, Bergarako kultur etxean.