Udalbiltzak diruz lagunduko du Hekimen elkartearen Euskal Hedabideen Behategia

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mar. 2a, 16:53
Mertxe Aizpurua (Udalbiltza) eta Iban Arantzabal (Hekimen) hitzarmena sinatzen.
2014an, 15.000 euroko laguntza bideratuko du Udalbiltzak Hekimen-en proiektura.

Egubakoitzean sinatu zuten lankidetza akordio 'estrategikoa' alde biek. Hekimen elkartearen izenean Iban Arantzabalek eta Udalbiltzaren izenean Mertxe Aizpuruak sinatu zuten akordioa Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hala, Udalbiltzak 15.000 euro bideratuko ditu Hekimen elkartearen Euskal Hedabideen Behategira.

Euskal Herri sendotzen programaren barruan Udalbiltzak sinatzen duen laugarren hitzarmena da honakoa. Aurretik, Gaindegia —Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin—, Topagunearekin, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin sinatu ditu.

Proiektua 'estrategikoa'

Udalbiltzako presidente Mertxe Aizpuruak adierazi du herri baten zutabeetakoa komunikazioa dela, eta ezinbestekotzat jo du Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideen arteko lankidetza. "Euskararen normalizazioan ere ezinbesteko lana betetzen dute Hekimenen baitako hedabideek, euskaldunei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzen dietelako. Euskarazko hedabide ez-publikoak elkar hartuta ari dira lanean duela bi urtetik, Hekimen elkartea sortuta. Euskal Hedabideen Behategia sortu nahi dute, eta Udalbiltzak diruz lagunduko du. Oso proiektu garrantzitsua da behategia. Hitzarmen honen bidez, nazio mailako bi erakundeok elkarlanean ariko gara aurrerantzean”.

Hekimen euskal hedabideen elkartea da, eta haren presidente Iban Arantzabalen esanetan Behategiaren proiektua Hekimen elkartearen proiektu estrategikoa da, gaur egungo errealitatea zein den ezagutzeko ez ezik, hurrengo urteetan euskal hedabideek egin behar dituzten urratsak irudikatzen lagunduko digun tresna.

Arantzabalek esan du Behategia aurten bertan jarriko dutela martxan EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleen laguntzarekin. "Alde horretatik, Udalbiltzak eskaini digun elkarlana ezinbestekoa da horrelako proiektuek aurrera egin dezaten. Espero dugu aurrerantzean erakunde gehiagoren babesa ere erakartzea. Zalantzarik ez dugu horretan".

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak