Asko gustatu zen Oñatin 'Zazpi aldiz elur'

Julen Iriondo 2014ko mar. 1a, 22:22
Obrako une batean, Maria Berasarte kantuan.
Mireia Gabilondok zuzendutako Bernardo Atxagaren lana bikain interpretatu zuten bergararrak eta taulara igo ziren gainerako lagunek: Maria Berasartek, Iñaki Rikartek, Iñaki Salvadorrek eta Angel Unzuk. Askotariko diziplinak jasotzen ditu obrak, Mikel Laboari egindako erreferentziek, hark ezagun egindako letrek eta doinuek josita.

Egubakoitz iluntzeko giro desatsegina, are hotzagoaren ondorio ohi den elurrak epeldu zuen Oñatin. Epel ez, asebete utzi zituen Tanttakaren Zazpi aldiz elur lanak Santa Anara joandakoak. Aretoaren hiru laurdenak bete zituztenek obrak iraun zuen artean jarritako atentzioa, amaieran jotako txaloak eta galdekatutakoengandik jasotako iritziak, horren froga.

Bernardo Atxagak Emily Dickinsonen poesiarekin lotuta, gerora obra gorpuztu zedin aitzakia bilakatu ziren umearen esanekin hasten da funtzioa. Mikel Laboa hil zenean, hiltzeko, egun denak berdinak ez direla esanez ume hark egindako baieztapena berresten duen olerkia, poeta estatubatuarrarena, errezitatzen du Gabilondok. Olerkiak deskribatzen duen udaberriko egun ederra egoki bailitzateke hiltzeko, Laboa hil zeneko "elur isil" neguko eguna bezala.

Eta horrela, batzuetan inplizituagoak eta beste batzuetan esplizituagoak direnen arteko loturak eginez igarotzen da lana, errezitaldia, antzezpenak, pasadizoak, proiekzioak... elkarri josiz, Laboak denon eskura utzi zituen letra eta doinuak, oihal-puntadetan legez, agertu eta ezkutatzen den hari gisa erabiliz.

Musikari, abeslari eta antzezleek egiten dute jostun. Denak jostun; lana ez baita bakoitzak ohikoa duen diziplinatik adierazitakoaren batura, abeslariak egiten baitu antzezle ere, musikariak kontalari bezala, lanak dituen zazpi ataletan.

Eta hari, orratz eta joste lan horien emaitza, iristen zaizkio publikoari Mikel Laboaren izatearen hainbat printza, batzuk beste batzuk baino ezagunago: animalia jokaeradun basaume baten istorioaren bitartez azalduz psikiatra haren bilakaera, adibidez, "eroekin" lan eginez ohartu ei zelako gero hainbat kantuz iradokiko zuen "beste mundu" hartaz; edo zine komikorako zuen zaletasunaren berri emanaz garai bateko film mutua Iñaki Salvadorrek elkarri maisuki eta irudien arabera lotutako Laboaren doinu-pasartez jantziz; edo Laboaren kezken berri emanaz euren erleen etxean haientzat tximeleta kaltegarria sartu izanaren arduraz dauden bi erlezain irudikatuz...

Hurrengo, apirilean egingo du Arrasaten Zazpi aldiz elur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak